Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28317

Apustua eta herri kirol saioa izango da Zegamako frontoian, larunbatean

$
0
0

Joxe Mari Esnaola eta Joxe Mari Arakama zegamarrak egingo dute desafioa: 400 euro daude jokoan. Tartaloetxek urtero egiten du presoen sakabanaketaren amaiera eskatzeko ekitaldia

Urte amaiera gerturatzen ari da, eta garai hauen bueltan urtero egin ohi dute Zegaman presoen sakabanaketaren amaiera eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko elkartasun ekitaldia. Aurten, larunbatean izango da ekitaldia, 18:00etan.

Aizkora desafioa egingo dute Joxe Mari Esnaola eta Joxe Mari Arakama zegamarrek: Esnaolak zutik ebakiko du enborra, eta Arakamak, berriz, ohiko eran. Bi oinbiko enbor azkarren ebakitzen dituena izango da apustuaren garailea. Apustuan 400 euro daude jokoan.

«Gabon inguruan beti antolatzen du Tartalo Etxe elkarteak ekitaldiren bat sakabanaketaren amaiera eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko», azaldu du taldeko kide Imanol Garmendiak. Hasiera batean ez zeukaten argi zer egingo zuten aurten. Ideia batzuei bueltaka zebiltzala, ordea, herriko bi lagun elkar zirikatzen hasi ziren: «Elkar zirikatzen hasi, eta horrela sortu zen desafioaren ideia», adierazi du Garmendiak.

Herri kirol saio berezia

Larunbatean 18:00etan hasiko da pilotalekuan herri kirol saio berezia. Esnaolaren eta Arakamaren desafioaz gain, herri kirol erakustaldi gehiago ere izango da. Hain zuzen ere, harri eta lasto jasotzaileak ikusteko aukera izango da Zegamako pilotalekuan. Jon Unanue Goenatxo III azkoitiarra izango da harria jasotzen, eta lastoa altxatzeko lanak, berriz, Andde Arbenoiz urruñarrak (Lapurdi) egingo ditu.

Bertsolariak ere izango dira aldarrikapen jaialdiari umore puntua jartzen. Iker Zubeldia zegamarra eta Aratz Igartzabal gabiriarra izango dira bertsoen bidez frontoiko giroa alaitzeaz arduratuko diren bertsolariak.

Sakabanaketaren eraginak

Sarrera hamar eurokoa izango da eta lortutako diru guztia sakabaneketak eragiten dituen gastuei aurre egiteko erabiliko da. Jendea gerturatzeko gonbita egin du Garmendiak: «Jendea animatuko dela espero dugu». Bestalde, urteroko ohiturari helduz, gaztaina jana egingo dute Urte Zahar egunean. Iluntzean elkartuko dira euskal presoen etxeratzea eskatzeko.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28317