Berrehun igerilari baino gehiago bildu ditu Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketak. Altamiran berriz, Ordizia Kirol Elkartearen torneoa jokatu dute.
Kirolerako zaletasun handiko herria da Ordizia, eta oporretan ere, ez dute atsedenik hartzen. Herriko kirol elkarteek ekintza sorta antolatu dute Eguberrietako jai egunei begira, eta atzokoa, egun betea izan zen ordiziarrentzat. Majori kiroldegian, etxeko eta nazioarteko igerilaririk onenak bildu ziren beste behin. Altamiran berriz, Ordizia Kirol Elkarteak antolatutako futbol torneoak jokatu zituzten.
Berrehun igerilari baino gehiago bildu zituen atzo Ordiziako Gabonetako Igeriketa Txapelketak. Egun osoan zehar, maila eta modalitate ezberdinetako lasterketak egin zituzten Majori kiroldegian, Euskal Herritik nahiz atzerritik etorritako igerilariekin. Europa mailako izen handi ugari elkartu ziren bertan, hala nola Hugo Gonzalez, Arnau Hornubia, Claudio Fossi eta Martin Melconian gizonezkoetan, edota Jessica Vall, Veronica Mori eta Francesca Fangio emakumezkoetan.
Handik metro gutxira, Altamirako zelai txikian, futbola zen nagusi. Izan ere, Ordizia Kirol Elkarteak antolatutako futbol torneoa jokatu zuten, alebin eta jubenil mailan. Ordiziako jokalariez gain, Beasain, Tolosa, Zarautz edota Real Sociedad bezalako taldeak ere aritu ziren lehian, goiz eta arratsaldez.