Urretxuko Motz tabernan igandean hil zen David Bowie artista ingelesa omenduko dute. Omenaldia biharko pintxopotean izango da, 19:00etatik aurrera: DJ Beirutek Bowieren abestiak jarriko ditu.
Gaizka Oiartzabal, Motz tabernako nagusiak, omenaldiaren berri eman du. «DJ Beirut (Antton Iturbe) askotan etortzen da pintxatzera eta ostegun honetarako geldituta geunden. Bowie hil berria denez, bere kantak pintxatuko ditu. Izan ere, bai bera eta bai ni Bowieren zaletu sutsuak gara», aipatu du Oiartzabalek.
Bere ustez Bowieren heriotza galera handia da. «Zergatik gustatzen zaidan? Beti abangoardian egon delako. Beti aurreratu egin da, bai musikalki eta bai pertsonalki ere. Oso haustailea izan da». Bere argazkia tabernan Oiartzabalek hildako musikarien argazkiak tabernako sarreran jartzen ditu eta Bowierena prest du dagoeneko.