2006tik Ekoscan metodologia aplikatzen ari da. Urtero ingurumena hobetzeko bi helburu zehazten ditu. Aurten %73 murriztu du udaletxeko elektrizitate kontsumoa
Legazpiko Udalak ingurumenarekin lotutako bi ikuskatze gainditu ditu. 2006tik Ekoscan metodologia jarraitzen du ingurumena hobetzeko eta urtero bi ikuskatze gainditzen ditu: batak udaletxeari dagokio eta besteak brigadak kalean egiten duen lanari.
Honen guztiaren helburua hondakinen sorrera eta isurpenak saihestea eta lehengaiak, materia osagarriak, ura eta energia modu eraginkorrean erabiltzea da.
Aurtengo ikuskaritza SGS ICS enpresak egin du, aste honetan bertan. Udaletxean kontsumo elektrikoan %73 aurreztea lortu dute. Horretarako, batzar aretoan eta alkatearen eta idazkariaren bulegoetan LED bonbillak jarri dituzte.
Bestalde, berogailu elektrikoen erabilera saihesteko, erradiadore berri batzuk jarri dituzte. Horretaz gain, lehendik zeuden batzuk tokiz aldatu dituzte. Neurri horrekin %67 aurreztea espero dute.
Brigadari dagokionez, Bikuña-Motxorroko, Guriditegiko, industrialdeko errotondako, Kale Nagusiko eta Santikutz kaleko farolen gastua %71,4 murriztu dute. Gainera, konpostak %26,56 egin du gora. Bestalde, ikuskatzaileak Legazpiko Udalaren sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza kanpainak eta mugikortasun iraunkorra, birziklatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzeko ahaleginak txalotu ditu.
2016ko helburuei dagokienez, udaletxean hiru helburu jarri dituzte: udalak antolatzen dituen ekitaldietan zabortegian bukatzen duten ontzi gutxiago erabiltzea, energiaren kontsumoa murriztea eta ingurumenaren aldeko sentsibilizazio ekintzak prestatzea.
Udal brigadak beste hiru helburu jarri dizkio bere buruari: eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanean jarraitzea, inausketa lanak egin ondoren gelditzen diren hondarrak erabiltzeko aukera dagoen aztertzea eta obra lantaldearentzat ibilgailu eraginkor bat erosteko aukera baloratzea.