PSE-EEk prentsa ohar bidez jakinarazi ditu 2016ko udal aurrekontu proiektuaren aurka bozkatzearen arrazoiak. Batetik, inbertsioen atalean 557.432 euroko murrizketa izan dela salatu du.
Horrekin batera, EAJ gehiengo absolutuaz baliatuz egindako aurrekontua dela salatu dute. PSE-EEko Santi Urdanpilleta zinegotziak gogor salatu du aurrekontu proiektua negoziatzerakoan EAJk izan duen jarrera: «Prentsatik jakin ditugu aurrekontuko xehetasunak, ez da erraztasunik eman, eta ez da proposamenik onartu».
Aurreko legealdian onartutako hainbat proiektu bertan behera utzi izana ere argudiatu dute sozialistek aurka bozkatzeko arrazoitzak. Trenbide kaleko barrera akustikoa eta Oria pasealekuko igogailua jarri dituzte adibidetzat. Azkenik, EAJk alderdiaren helburuak aurretik jartzen dituela uste dute Udalbideri dirua emanez.