Langileen soldata %1 igotzea onartu da. Zazpigarren zinegotziak, Mikel Etxeberriak, kargua hartu du. Asteartean Segura-Zerain mendi lasterketa antolatzeko bilera egingo dute kultur etxean
Asteazkeneko udalbatzaren puntu nagusienetako bat 2016rako udal aurrekontu proiektua onartzea izan zen; 425.406, 60 euroko aurrekontua finkatu zuten. Dena den, Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak jakinarazi duenez, jasotzen diren diru laguntzen arabera aurrekontua egokitzen joango dira.
Udal aurrekontuak udal langileen soldatak %1ean igotzea aurreikusten du. 2012ko aparteko ordainsaritik falta zena, hiru laurdena, ordaintzea ere jasotzen du.
Obren atalean, aurten bi lan aurreikusten dira. Batetik, plazan, komun publikoak egitea. Garai bateko eskolan egokituko dituzte, kutxazain automatikoaren ondoan. Eta bestetik, behin Mendarteko bete lana bukatutakoan, Segura arteko oinezko bidea egokitzea.
Zazpigarren zinegotzia
EH Bilduren zazpigarren zinegotziak, Mikel Etxeberriak kargua hartu zuen asteazkeneko udalbatzan. Alkateak gogorazi duenez, «ekainean lau zinegotzi kargu hartu genituen udal gobernu berria osatu ahal izateko. Gainerako hiruak ZHKri eskaini genizkion, baina urrian jakinarazi ziguten ez zituztela hartuko. Beraz, azaroko udalbatzan beste bi zinegotzik hartu zituzten karguak. Mikel Etxeberria orduan kanpoan zegoenez, asteazkenean hartu zuen kargua».
Lasterketako bilera
Bestetik, udaletik jakinarazi dutenez, maiatzaren 7an Segura eta Zerain artean egingo den mendi lasterketa antolatzeko bilera otsailaren 2an egingo da, 18:30ean, kultur etxean.