Kultur astea ari dira ospatzen. Bihar mozorro festa egingo dute. Larunbatean haur jolasak, ‘Izeba Tekla’ musika emanaldia eta futbito partida dituzte
Segurako Laiotz herri eskolan aste berezia dute oraingoa; kultur astea ari baitira ospatzen. Gurasoentzako emanaldi bereziak aurkezteaz gain, beste hainbat eta hainbat ekintza ere ari dira burutzen.
Gaurkoa ere egun bete-betea dute Segurako eskolaumeek. 10:00etan, LHko 1. zikloko ikasleek herriko Erdi Aroko Interpretazio Zentroaren eskutik, Erdi Aroa ezagutuko dute. LHko 2. zikloko ikasleek, berriz, 11:30ean, Pello Añorga ipuin kontalariaren bisita jasoko dute. Arratsaldean, berriz, 15:00etan, santa eskean aterako dira.
Bihar inauteriak ospatuko dituzte: 15:15ean mozorro festa eta txokolate jana antolatu dituzte eta iluntzean, 18:30ean, Hartzaren esnaeraren ekitaldian parte hartuko dute.
Larunbatean, 11:30ean, haur jolasak egingo dituzte plazan edo Baratze pilotalekuan eta ondoren mokadutxoa jango dute. 17:00etan, Xabier Lizasoren Izeba Tekla musika eta jolas emanaldia izango dute kultur etxean. Eta 18:00etan, futbito partida jokatuko dute 6. mailako ikasleek eta gurasoek.
Igandean, azkenik, mendi irteera egingo dute Uzturrera, 08:30ean plazatik abiatuta.