Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Zumarragako Udalak 413 zuhaitz emango dizkie herriko lursail jabeei

$
0
0

Zuhaitzak gaur eguerdian banatuko dituzte, Ipintza inguruan. Zumarragako hamalau lursail jabek luzatu dute eskaera. 187 pago, 182 haritz eta 44 intxaurrondo banatuko dituzte

Zumarragako Udalak urteroko zuhaitz banaketa egingo du gaur, herriko lursail jabeen artean. Aurten hamalau baserritar eta landalur jabeek luzatu dute eskaera eta 413 zuhaitz banatuko dituzte beraien artean. Aurrekontua 2.620 eurokoa da. Ekitaldia 12:00etan izango da, Ipintzan. Zuhaitz banaketan, Mikel Serrano alkateak parte hartuko du.

Egitasmo hau duela 12 urte jarri zuen abian Zumarragako Udalak, bertako espezieak bultzatzeko. Aurten 413 zuhaitz banatuko dituzte: 187 pago, 182 haritz eta 44 intxaurrondo.

Alkateak Zumarragako Udalaren helburuetako bat landa guneetan garapen iraunkorrarekin zerikusia duten ekintzak bultzatzea eta herriko nekazariei eta abeltzainei laguntzea dela esan du. Hala, Nekazaritza batzordeak, zuhaitz banaketaz gain, hamaika egitasmo aurreikusi ditu 2016rako.

Horietako bat Bertatik Bertara da. Egitasmo honen helburua herritarrek bertako produktuak kontsumitzea da. Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalek jarri zuten abian egitasmo hau. «Aurten esperientzia pilotu bat jarri dugu martxan Ezkio-Itsasoko eskolan: hango jatetxean bertako produktuekin prestatzen dituzte bazkariak. Gure helburua gainontzeko bost herrietako ikastetxeetako jangeletan ere bazkariak bertako baserrietako produktuekin prestatzea da», aurreratu du Serranok.

Lursailen inbentarioa

Udalak, Bertatik Bertara egitasmoa sustatzeaz gain, herriko lursailen inbentarioa egingo du. «Inbentarioa egin ondoren, lursail horiek ze aukera ematen dituzten aztertuko dugu, gazteei lehen sektorean lan egiteko aukera emateko».

Herri bideen inbentarioa ere egingo dute. Iaz hasi zuten eta aurten bukatuko dute. Bideekin lotuta, Udalak herri bideak garbitzeko, baserrietara doazen pistak garbitu eta konpontzeko eta Belokiko paisaia-ibilbidea txukuntzeko partida bat ere badu.

Ez dira horiek Zumarragako Udalak baserritarren bizi baldintzak hobetzeko abian jarriko dituen egitasmo bakarrak. Urtero bezala, Udalak diru-laguntza emango die baserritarrei beraien seme-alabak eskolara bidaltzeko: 2.400 euro bideratuko dira landa eremuko haurren eskola garraioa ordaintzeko.

Bestalde, beraien etxebizitzak berritu nahi dituzten baserritarrek ez diote Udalari zergarik ordaindu behar.

Bukatzeko, Zumarragako Udala Zubillaga hiltegiko bazkide da. Horri esker, Zumarragako abeltzainek bertara eraman ditzakete beraien abereak eta bazkide ez direnek baino gutxiago ordaindu behar dute.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Trending Articles