Juan Carlos Diez Soto intxaur puskatzaile eta Guinness errekordun ormaiztegiarrak beste erronka bat gauzatu du, ipurtezurrarekin lurrean jarritako fruitu lehorrak apurtzen duen gaitasunarekin. Espainiako Tele5 telebista kateko Got talent programan izana da, eta bihar 22:00etatik emango dute saioa.
Oraingoan, hurrak txikitu ditu, pikotxean jarri eta ipurtezurrarekin lurra jota. Horrez gain, ordea, beste gaitasun batzuk ere erakutsi behar izan ditu: «Bi minutuko ikuskizuna egin behar izan nuen, programak hala eskatuta. Orain arte intxaur batzuk puskatu, eta elkarrizketa egiten zidaten. Orain musika jarri, bakarrizketak… denetik egin dut, bi minutu osatzea ez delako txantxa. Oso ondo geratu zen», azaldu dio Sotok HITZAri.
Ez da horretan geratu erakustaldia. «Munduan beste inork egin ez duen zerbait ere egin dut saio horretan», dio, xehetasun gehiago eman gabe. Jakin nahi duenak, bihar 22:00etan Got talent ikusi behar du.
Lide Telleria ere proban
Duela aste batzuk egin zuten hautaproba, Madrilen. Sotorekin batera beste ormaiztegiar bat ere joan zen: Lide Telleria gaztetxoa. Bikain abesten du, eta gaitasun hori erakutsi nahi zuen telebistan. Ez zuten aukeratu.
Got talent Santi Millan aktoreak aurkezten du; Jorge Javier Vazquez, Jesus Vazquez, Eva Hache eta Edurne dira iaiotasunen eta talentuen epaile.
Alcorcon hiriko (Madril, Espainia) Buero Vallejo Antzokian grabatu zuten programa. Sotok ez du argitu final,aurrekora igaro den ala ez ere.