Kirol sasoia bi tituluak irabazita bukatu du Guillermo Prieto olaberritarrak. Bi txapelketetan garaipen bikoitza dauka, gainera: errepidean eta erlojupean. 2016a prestatuko du orain
Lehiaketa ofizialetan eta lasterketa solidarioetan aparteko urtea izan da Guillermo Prieto txirrindulari olaberritarrarentzat. Ziklismo egokituko modalitate ia guztietan lehiatu da aurten ere, etxeko nahiz atzerriko proba entzutetsuenetan. 2015eko denboraldia bukatutzat eman du; jokoan ziren azkeneko titulu guztiak irabazita, gainera.
Irailaren 19-20ko asteburuan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatu ziren, Andoainen eta Zarautzen, hurrenez hurren. Andoaingo Nazioarteko Kriteriumean, sei kilometroko lasterketa irabazi zuen, erlojupean. Gipuzkoako zein Euskadiko erlojuaren aurkako txapeldun izendatu zuten Prieto.
Biharamunean, Zarautzen, errepideko modalitatean jokatu zen. Zarauztik Getariara zortzi itzuli egin behar izan zituzten, 70 kilometro osatzeko. Bigarren itzulian erasoa jo eta lasterketa burua hartu zuen, bi iheskide gehiagorekin. «Ez zidaten txandarik ematen, eta erasoa jo nien berriz. Bat atzean uztea lortu nuen», dio Prietok. Une oro berak jarraitu zuen iheseko bikotean aurrean jarrita.
Erronka ugari buruan
Bigarren iheskidea, erritmo bizira jarrita, indar hustu zuen. Kilometro bat falta zela kolpea jo zuen Prietok aurrerantz, eta bakarrik sartu zen helmugan (1:42:56). Euskadiko txapeldun, errepidean ere.
Garaipen bikoitz horrekin, bukatutzat eman du aurtengo lanaldia, txirrinduari dagokionez. «Dagoeneko hasi naiz 2016a prestatzen. Erronka garrantzitsu ugari ditut esku artean, normalean parte hartzen dudan probez gain», aurreratu du. Elkartasun keinuek ere lekua izango dute.