Adinekoen Nazioarteko Egunaren aitzakian kontzentrazioak egin dituzte. Helburua kontzientziak piztea izan da. Borrokan jarraitu beharraz ohartarazi du Calvillok
Elkarretaratzeak egin dituzte pentsiodunen eta jubilatuen elkarteko kideek Goierrin. Atzo Adinekoen Nazioarteko Eguna izan zen eta kalera atera ziren pentsio duinen aldarria egiteko. Miguel Calvillo Helduak Adi! taldeko kide ordiziarrak atzoko kontzentrazioen inguruan kontzientziak pizteko ekintzak direla esan du, «elkarretaratzeek ez dituzte gauzak konpontzen, gero lanean jarraitu behar da sukalderaino sartu eta erabaki guneetan eragiteko».
Elkarretaratzeak Beasain, Legazpi, Ordizia eta Zumarragan egin zituzten atzo. Gipuzkoan plataforma bakarrean bildu dira adinekoek osatutako hainbat elkarte eta plataforma horrek biharko manifestazioa deitu du Donostian, 11:30erako Boulebarretik aterata.
Pentsiodunen duintasuna, pentsioak zein eskubideak bermatzea dira eskaeren muina. Calvilloren ustez, halere, ez da adinekoei soilik eragiten dien eskakizuna, «gizarte osoari baizik». Pentsioen zutabea langileen ekarpenak badira eta, prekarietatea zabaldu bada lan arloan soldatak urritu direlako, pentsioen gainbehera dator, «gure ustez, langile bakoitzak barne produktu gordinari ekarpena egiten dio, hau da, aberastasuna sortzen du eta horrek hobetu beharko lituzke denon bizi baldintzak. Finean, traktore batek 10-12 lagunen lanpostuak bete ditzake, baina horrek pertsonen beharrizanak asetu gabe uztea eragiten badu, aurrerapena al da?».
Andrazkoen egoera senarren soldataren %27 gutxiago kobratzen dute eta gazteen egoera %25 ez dira hilabete amaierara iristen aipatu ditu. «Gazteena oso esanguratsua da; lanean ari diren arren duintasunez bizitzeko nahikoa ez dute. Familia aldean izan dezakete, baina laguntza sistema horrek ezin du luzaroan iraun».
Calvillok oso argi dauka: «Pertsona bakoitza gizarteko protagonista da». Bide batez, sumindura nahikoa ez dagoela dio, «kezkagarria da egoera honetan geure eskubideak defendatzeko gai ez izatea».
LABek mezua erakundeei
LAB sindikatuak adinekoek bizi duten egoera aldatzeko erakundeen inplikazioa eskatu du. «Hitzetatik ekintzetara pasatu eta medioak jarri behar dira gure arazoei irtenbidea emateko eta ez jarraitzeko, ohiko moduan, murrizketa bidez zigortzen: osasun berrordainketa, pentsioak aldatzeko mehatxua, eros-ahalmena galtzea eta egoitzetan zein eguneko zentroetan plaza gutxiago izatea», diote LABetik.
Adineko eta Pentsiodunen Eskubideen Kartan lanean jarraitzen dutela gaineratu dute. Karta horretan hainbat atal jasotzen dira: bizitza duinerako eskubidea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide nahiz betebeharrei dagokienean, doakoa eta kalitatekoa den osasungintza publikoa izateko eskubidea, etxebizitzetan irisgarritasuna bermatzea, pentsioak Euskal Herrian kudeatu beharra eta zerga-sistema progresiboa.
Finean, LABek adineko pertsonei duintasunez bizitzeko eskubidea eta haien premiak bete daitezela aldarrikatu zuen atzo, bereziki.