Legazpiko Korosti dantza taldeak emanaldia eskainiko du Korrontzi musika taldearekin batera, apirilaren 23an. Entseguak egin eta egin ari dira, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.
Santikutz jaiak gertu dituzte Legazpin. Apirilaren 29an hasiko dira. Aurreko asteburuan ere izango dute gozatzeko aukera, ordea. Korosti dantza taldeak antolatuta, Legazpi Dantzaz Blai asteburua ospatuko dute. Apirilaren 23an, larunbata, Korostiko dantzariek Korrontziren doinuei jarraituz egingo dute dantza. Urbeltz pilotalekuan eskainiko dute emanaldia, 18:30ean. Igandean, berriz, Dantzari txiki eguna ospatuko dute.
Korrontzi Dantzan proiektuan parte hartzen ari da Korosti dantza taldea. Korrontzik, normalean, Oinkari dantza taldearekin eskaintzen ditu emanaldiak. Proiektu honen helburua da aukera hori beste dantza talde batzuei ere eskaintzea. Korostik bi aldiz pentsatu gabe heldu zion erronkari.
Emanaldira ongi prestatuta joateko, koreografiak ikasten eta prestatzen ari dira Korostiko dantzariak azken asteetan. Buru belarri ari dira lanean Izaskun Iturrirekin, Oinkari dantza taldearen koreografiak prestatzen dituenarekin. «Izaskunek koreografia ezberdinak erakutsi dizkigu, ondoren taldeak bere kontura landu behar izan dituenak, noski», adierazi du Ainhoa Korta Korostiko kideak. Korrontzi taldeko Agus Barandiaran ere izan da entseguetan.
Apirilaren 23ko emanaldian, Korostiko dantzariez gain, Oinkari dantza taldeak ere parte hartuko du.
Kortaren hitzetan, esperientzia aberasgarria izan da Izaskun Iturriren eskolak jasotzea. «Kanpoko irakasle bat izateak lagundu digu gure akats batzuk ikusi eta zuzentzen». Bestalde, entseguak seriotasunez hartzeko ere balio izan die Korrontzirekin emanaldi bat prestatu beharrak. Gainera, beste musika mota batzuk interpretatzen ikasi dute.
Sarrerak salgai daude
Sarrerak dagoeneko salgai daude ondorengo lekuetan: Oilarra taberna, Kukue taberna, Mirentxu denda, Laubideko Arantxa estankoa, Gurrutxaga taberna eta Zabaleta taberna. Aurretik erosiz gero, sarrerak bost euro balio ditu. Egunean bertan, zazpi euro.
Kortak legazpiar guztiak animatzen ditu emanaldia ikustera: «Euskal dantza tradizionaletan oinarritutako ikuskizuna izango da, baina ezberdina eta modernoagoa».