Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28307

Julian Alustiza Aztirik bildutako esaera eta hitzekin liburua argitaratu dute Gabirian

$
0
0
271649

Paulo Agirrebaltzategi editorea, Alustizaren esaldien liburua eskuan duela.

Gabiria eta inguruko esaerak eta hitzak, Julian Alustiza aztiriarrak bilduak. Izenburu horixe du Gabiriako Udalak argitaratu duen liburuak. Julian Alustiza Jauregi Aztiri (Etxetxo, Aztiria, 1913 Arantzazu, Oñati, 2005) fraideak urtetan bildutako esaera zaharrak, lokuzioak, esamoldeak eta hitzak bildu ditu Paulo Agirrebaltzategi editoreak.

Liburuaren 300 ale atera dituzte. Ostatuan edo Arantzazun eros liteke (5 euro). Gazte lokalekoek ere salduko dute, herriko ekitaldietan. 108 orrialde ditu, eta bost ataletan bereizi du editoreak: esaerak, lihagintzako hiztegia, errota hiztegitxoa, hiztegi arrunta eta Dallo eta inguruko (Barrundia, Araba) hitzak eta izenak.

Jakina da Alustizaren zaletasuna etnografia gaiak eta euskaldun zaharren jakintza biltzekoa. Haren artxiboko eta paperetako ondarearen zati bat berreskuratu du orain Agirrebaltzategik.

Esaera herrikoien sorta

Liburuaren lehenengo atala da nagusia, eta 800 bat esaera edo sarrera jaso ditu Agirrebaltzategik, denak Alustizak bilduak. «Horiek denak bere eskuz idatzitako fitxa txikietan zeuzkan Julianek jasota. Beste zenbait esaera ere aurkitu ditut haren artxiboko paperen artean. Badira bertso forma duten batzuk, eta esaera zahar deituko genituzkeen guxi batzuk. Guztira 1.000 esaera inguru dira liburu honetan bildutakoak», dio editoreak.

Bilduma horri eremu geografikoak eransten dio beste balio bat, bertako seme batek egina izateaz gain: Gabiriako eta inguruko herrietako (Zegama, Mutiloa, Legazpi…) esamoldeak dira erdiak baino gehiago.

Esaera zaharrez eta lokuzioez gain, beste lau hiztegitxo ere txertatu ditu Agirrebaltzategik, Alustizaren artxiboan jasoak. Lihagintzari buruzko terminologia zerrendatu du, zuzenean Aztiri-ren Lihoaren penak eta nekeak liburutik hartua. Errotei buruzko hiztegitxoa —arreba Maria Gabiriako Igeribar errotan bizi zuen; lehengo ostegunean hil zen, 95 urterekin—, hiztegi arrunta eta Arabako Dallo herri erdaldundukoa ere baditu.

‘Makilari’ aldizkaria ere bai

Ez da Gabirian aurten atera den argitalpen bakarra. Makilari herri aldizkariaren urteko zenbakia, 27.a, lehengo hilean atera zen. 68 orrialdeetan zehar, elkarrizketak —tartean Ainhoa Aizpuru diputatuari—, erreportajeak, albisteak eta argazkiak datoz. Etxeetara banatu dute.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28307