Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28327

Toberakoek Musikaren Hamabostaldia ospatuko dute astelehenetik aurrera

$
0
0
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Toberak antolatuta, iaz egin zuen Dantzari Txiki Eguneko irudia. Igandean egingo dute, Musika Hamabostaldiaren barruan.

Datorren astelehenean Tobera musika eskolaren Musikaren Hamabostaldia hasiko da. Ate ireki jardunaldiak, entzunaldiak, elkartrukea eta Dantzari Txiki Eguna antolatu dituzte.

Datorren asteko ekitaldiei dagokienez, astelehenean abesbatzak eta piano, txistu eta danbolin ikasleek kontzertua emango dute Seguran. Kultur etxean izango da, 18:30ean.

Egun berean, Zegamako musika-hizkuntzako taldeek saio irekiak eskainiko dituzte herriko ikastetxean: 13:00etan eta 13:45ean.

Astearteko kontzertua Zegaman izango da. Herriko txistu, danbolin, trikitixa, pandero eta perkusio ikasleek kultur etxeko Oria aretoan joko dute. Emanaldia 18:30ean hasiko da.

Asteazkenean aurtengo edizioko ekitaldi nagusia helduko da: Iruñeko Musica Sin Barreras taldearekin elkartrukea, alegia. Elkarte honek disfuntzio fisikoak edota buruko disfuntzioak dituztenen integrazioa bultzatzen du musikaren bidez. Toberako ikasleek eta Nafarroatik etorritakoek Zegamako gimnasioan kontzertua emango dute, 19:00etan.

Ostegunean Segurako eta Zegamako musika zaleen belarriak gozatuko dituzte. Segurako musika-hizkuntzako taldeek saio irekia eskainiko dute herriko kultur etxean. Bi saio egongo dira: 16:45ean eta 18:15ean.

Zegamako emanaldiari dagokionez, musika-hizkuntzako taldeek ikastetxean joko dute. Hiru saio egongo dira: 12:30ean, 13:45ean eta 16:00etan.

Asteburua atseden hartzeko baliatzen du garaiak, baina Toberako ikasle gazteek ez dute atsedenik hartuko. Larunbatean trikitixa ikasleak Beasainera joango dira, Euskal Herriko Trikitiaren Egunean parte hartzera.

Dantzari Txiki Eguna

Datorren asteko ekitaldiekin bukatzeko, igandean Toberaren Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Zegaman. Segurako Azpilla eta Beasaingo Aurtzaka taldeak gonbidatu dituzte.

Hurrengo astean ere ia egunero kontzertuak egongo dira. Aipatzekoa da hilaren 27an Toberako ikasleek Musica Sin Barrerasekoei bisita itzuliko dietela.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28327