Marian Beitialarrangoitiak, EH Bilduren zerrendaburua kongresurako, prentsaurrekoa eman du gaur Beasainen biharko galdeketan baiezko botoa eskatzeko. Ekitaldian EH Bilduren beste zerrendagai batzuek eta hainbat goierritarrek parte hartu dute.
Beitialarrangoitiak Gipuzkoan erabakitzeko eskubideak babes handia duela esan du, galdeketa herrialdeko 32 herritan egingo baita. Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna aldarrikatu ditu. “Demokrazia herritarron erabakia da eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena da”.
Hori dela eta, EH Bilduk biharko galdeketa babestu du eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu die. “Gero bakoitzak nahi duena bozkatuko du libreki, baina aukera baliatzera animatu nahi ditugu. Demokrazian, hau da, herritarrengan sinisten dugulako”.
EH Bilduk baiezkoaren aldeko botoa emango du eta herritarrak ere horen alde egitera animatu dituzte. Erabakitze eskubidearen alde lanean jarraituko dutela aurreratu du. Baita Madrilen ere. “Madrilera lanera goazelako, aukera irekitzera”. Bukatzeko, erabakitzeko eskubidea aldaketa politiko eta sozialerako tresnatzat hartzen dutela esan du. Herritarak biharko Euskal Herria guztientzat eta guztien artean eraikitzera animatu ditu. “Herri irekia, integratzailea, geroari begira jartzen dena eta biharko erronkei erantzuteko moduan. Demokrazia, justizia, berdintasuna eta askatasuna bermatuko dituen Euskal Herria eraiki nahi dugulako, denon parte hartzea beharrezkoa dugu bihar 34 herritan burutuko den ariketa demokratikoan”.