Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi-Anduaga auzoko ostatu berria urriaren lehenaz geroztik dago zabalik. Momentuz taberna eta denda txikia daude irekita, eta jantokian herri eskolako 14 haurrek bazkaltzen dute hilaren 5etik.
Ezkio-Itsasoko udalerriko hirugarren ostatua zabaldu zen hilaren hasieran, Santa Lutzi-Anduaga auzokoa. Garai bateko udaletxea zegoen orubea baliatu du Ezkio-Itsasoko Udalak eraikin moderno bat egiteko, herri eskola eta ostatu berria bertan kokatuz. Ostatua kudeatzeko erantzukizuna Urretxuko Hokaba tabernaren jabeak hartu du.
Urriaren lehenean zabaldu zen ostatua, baina inaugurazio ofiziala hilaren 7an egin zen. Herriko haurrei begirako irekiera egin zen 19:00etan, eta ordubete beranduago herritar guztiei zabaldu zitzaien. Inauguraziora «jende asko» joan zela adierazi du Garikoitz Aiesta alkateak, eta egunerokotasunean ere «mugimendu dezente» dabilela dio. «Errepidearen ondoan dago, eta kokapena ona da».
Herri Eskolaren azpiko aldean aurtengo irailean estreinatu dute haurrek dagoen ostatuak hiru atal ditu: taberna, denda txikia eta jangela. «Lehenengo biak daude momentuz zabalik, eta ostatuak martxa hartzen duen heinean zabalduko da jangela, hori da asmoa».
Bertatik bertara egitasmoa
Urriaren 5ean egin zuten lehen otordua ostatuko jangelan herri eskolako 14 haurrek. Oraingoz Auzolagun enpresak ekarritako jana bazkaltzen dute, baina urriaren 30a arte izango da horrela, azaroaren 2tik aurrera ostatuko sukaldariek prestatuko baitiete otordua. «Bailaran sortuta dagoen Bertatik Bertara proiektuarekin bat egingo du ostatuak, eta ahal den neurrian inguruko ekoizleen produktuak erabiliko dituzte».
Haurren menua diseinatzen Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionista oñatiarra ari da. Hura ari da baserritarrekin lankidetzan, eta ondoren ostatuko arduradunen erantzukizuna izango da. «Hori da proiektuaren filosofia», azaldu du Aiestak.