Jaiak izan dituzte asteburuan Hegialde auzoan. Asto lasterketarik ez da izan aurten, baina giro ederra izan dute. Paella jaten eta goitibeheretan bildu da jende gehien
Antolaketa lanetarako jendea faltatzea. Horixe izaten da auzoetako jaiek izaten duten arazo nagusia. Legazpiko Hegialde auzoan, esaterako, jaietako batzordeak bukatutzat eman zuen bere lana iaz, eta aurten jairik ez antolatzea erabaki zuten. Aurten, ordea, Andoni Aizpeoleak hartu du jaiak antolatzeko ardura, eta bizpahiru kiderekin batera, aurrera atera ditu Hegialdeko jaiak. Asteburuan izan dira, eta giro ederra izan dute.
Aurtengo jaietan ez da asto lasterketarik izan. Gainontze-koan, ordea, aurreko urteetako antzeko egitaraua prestatu dute: pintxoak, auzo afaria, paella jatea, sagardo dastaketa, herri kirolak, trikitilariak, goitibeherak… Vanesa Lumbreras da antolaketa lanetan lagundu duenetako bat, eta, haren esanetan, paella jatea eta goitibeherak izan dira arrakasta handieneko ekintzak.
Bestalde, mariatxien emanaldiak ere arrakasta izan zuela adierazi du Lumbrerasek. «Lehenengo aldiz ekarri dituzte mariatxiak Hegialdeko jaietara, eta jendearen erantzuna oso ona izan da». Batez ere, larunbatean bildu zen jende gehien Hegialden. «Aurreko urteetan baino apur bat gutxiago, baina ibili da jendea jaietan», adierazi du Lumbrerasek.
Kataluniako dantza saioa
Dantza emanaldi berezi bat ere izan zen larunbatean. Korosti dantza taldeak gonbidatuta, Kataluniako Sbart Catala de Dansaires taldeak egin zuen dantza erakustaldia. Ainhoa Korta Korostiko kidearen esanetan, dantzaldiak oso harrera ona izan zuen. «Oso emanaldi berezia eskaini zuten, eta ezberdina», azaldu du. «Oso dantza eleganteak egin zituzten, galakoak, eta jantzi dotoreekin; emakumeei, batez ere, asko gustatu zitzaien».
Larunbatean dantza egin, eta igandean herria ezagutzeko aprobetxatu zuten kataluniarrek: Mirandaolara eraman zituzten. Korostikoak iazko uztailean izan ziren Katalunian, elkartrukean.