Egoitz Fernandezek irabazi du Ataungo 52. San Martin proba. Urretxuko Sarian Unai Iribar izan da nagusi, eta hura da Gipuzkoako Txapeldun junior mailan
Euskadi Fundazioko Egoitz Fernandez txirrindulari profesional ohiak irabazi du 52. San Martin Txirrindulari proba, Ataunen. Santurtzikoak 2:55:27ko denbora behar izan zuen ibilbideak zituen 115,5 kilometroak osatzeko. Bigarren Xuban Errazkin usurbildarra (Parking geltokia) helmugaratu zen hiru segundora, eta horrenbestez, Gipuzkoako txapela jantzi zuen 23 urtez azpikoen mailan. Usurbilgoa Euskaldun Txapelketako lider berria da zazpi proba jokatu ondoren. Elite mailako Gipuzkoako txapeldun berria, aldiz, Iker Eskibel eskoriatzarra da. Zortzigarren sailkatu zen Ataunen.
Urretxun, Iribar garaile
Ataungo lasterketa herenegun izan bazen, larunbatean Urretxuko Saria ere jokatu zen, junior mailako Gipuzkoako Txapelketa ere bazena. 89,9 kilometroko ibilbidea osatu eta gero, hiru lagun iritsi ziren helmugara, eta esprintean azkarrena Limousin Cartonajes taldeko Unai Iribar izan zen (2:17:48), Xabier Murgiondori (Ulma) eta Ander Amonarrizi (Andoaingo Txirrindulari Eskola) aurre hartuta. Junior mailako Gipuzkoako txapela Iribarrek jantzi zuen.
Bestalde, Oñatin, kadete mailako Gipuzkoako txapelketa ere jokatu zen, eta Aritz Urra (Inoxcra-Beasain) lazkaotarra izan zen garaile. Maila berean, baina erlojuaren aurka, Inoxcra-Beasain taldeko Ion Arakama Gipuzkoako azpitxapeldun atera zen, Bergaran.
Larunbatean Seguran
Datorren larunbatean, berriz, Euskaldun Txapelketarako baliagarria den zortzigarren proba jokatuko da Seguran, elite eta 23 urtez azpikoentzako San Joan 58. txirrindulari lasterketa. Ziklistek 113,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta sei mendate igaro Lierni bost aldiz eta Zerain behin. Lasterketa 16:00etan hasiko da.