Igandean 12:00etan emango zaie hasiera ofiziala Ordiziako Santa Ana jaiei. Ordiziako Kirol Elkarteko kideek botako dute txupinazoa, aurten 75 urte bete baititu elkarteak. OKEren nesken regional taldeko jokalari Itsasne Crehuet, kadeteetako Maria Garmendia, klubeko ordezkari gisa kantinera aterako den Ainhoa Etxeberria, orain dela 50 urte Real Union Villafrancako kapitaina izandako Juan Ramon Etxezarreta, OKEren lehenengo taldeko delegatu Gervasio Clemente eta Klubeko presidentea den Juan Vicente Erauskinek emango diete jaiei hasiera.
Txupinazoaren aurretik, OKEk 75. urteurrenarekin estreinatu duen ereserkia entzungo da. Erramun Amundarain eta J.J. Gomezek abestuko dute ereserkia udaletxeko balkoitik. Herritarren artean, ereserkiaren letra banatuko da, nahi duenak ere abestu ahal izateko.
Bestalde, irailera arte, OKEren argazki zaharrez osatutako argazki erakusketa dago ikusgai D’elikatuz zentroan.
Santa Anetan kirolak ere beti izan du garrantzia handia. Aurten larunbatean egingo da Boxing Ziklo Klub Elkarteak antolatutako Boxeo jaialdia, Beti -Alai pilotalekuan. Sei borroka amateur eta profesional bat egingo dira. Nacho Mendoza Gasteiztarra eta Juan ‘El Veneno’ Ocura lehiatuko dira profesional mailatik. 15 euro balio dute sarrerek eta pilotalekuan bertan salduko dira.
Bestalde, astelehenean egingo da Ordiziako 93. Nazioarteko Txirrindulari proba. 09:00etan egingo da parte hartzaileen aurkezpena Jose Migel Barandiaran plazan. 10:00etan aterako dira irteera puntutik eta 14:00ak aldera iritsiko dira helmugara.
Eraso sexisten aurka
Ordiziako Udalak eraso sexisten aurkako kanpaina abiatu du Santa Ana jaien testuinguruan, Berdintasun sailaren ekimenez. Joan den urtean Ordizian bertan gauzatutako erasoak eta Iruñean San Ferminetan, Irunen eta Ibarran gertatutakoak direla eta, kanpaina festen inguruan egitea erabaki dute. Herritarrak eta herriko eragileak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu nahi dira kanpaina horrekin. «Indarkeria sexista arazo soziala da» adierazi du Ordiziako Udalak ohar bidez. «Jarrera aktiboa bultzatu nahi da, iritzi publikoan aldaketa eraldatzailea sustatzeko eta ez soilik festetan, urte osoan baizik» gehitzen du Udalaren oharrak.
Egitasmoaren harira hainbat ekintza bideratu dira jada. Batetik, protokolo bat osatu da, aurreko legealdian onartutako Goierriko Protokoloarekin estu lotutakoa. Honakoa, herriko tabernetan, kuadrillen artean eta jaietan nola edo hala parte hartzen duten elkarte eta eragileen artean banatu da dagoeneko.
Prebentzioari dagokionez, uztailaren 25ean eta 27an Emagin elkarteak informazio karpa jarriko du Arboledan, 18:00etatik 21:00etara. Bertan, indarkeria sexistari aurre egiteko bitarte-koak egongo dira.