Urretxu Urretxuko kultur etxeak lorategi eder bat du ondoan, baina toki hau ez da oso erabilia izan. Azkenaldian, berriz, geroz eta toki kuttunagoa bihurtzen ari da bizilagunentzat. Udalak kultur etxeko sarrera lorategira eraman zuen eta hori lagungarria izan da. Hala, geroz eta gehiago erabiltzen da.
Aurten, adibidez, omenaldietarako eta kontzertuetarako erabili da. Kontzertuak Zarraparra kolektiboak antolatu ditu eta arrakasta eduki dute. Udalak ere emanaldi bat antolatzea erabaki du.
Uztaila bukatu aurretik beste hiru kontzertu egongo dira Aizpurunea kultur etxe ondoko lorategian. Bi asteburu honetan bertan izango dira. Bihar Los Winters taldeak joko du eta larunbatean Animal Blues taldeak.
Los Winters blues-rock taldeak Johnny Winter musikariaren kantak jotzen ditu. Musikari hau 2014ko uztailean zendu zen eta urrian talde hau sortu zuten bera omentzeko. Animal Blues taldeari dagokionez, musika beltza jotzen du. Bluesa, jazza eta soula ditu oinarri.
Urretxuko Udalak ere kultur etxe ondoko lorategian kontzertuak antolatzea erabaki du. Lehenengoa hilaren 31n izango da, 19:30ean. Paxkal Irigoyen baxenafarrak eta Peru usurbildarrak joko dute. Bi bakarlari hauek bizikleta gainean bira bat egin behar dute. Itsasun hasiko dute eta Urretxun amaitu. Bi artista gazte hauek hitzetan eta doinuetan berritzaileak dira.