Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Eñaut Elorrietak eta Gorka Hermosak kontzertua emango dute Antion

$
0
0

Irailaren 3an izango da, Antioko musika zikloaren barruan. Kaabestri String Ensemble taldeak ere joko du. Hermosa akordeoilaria Lituania eta Letonian bira egiten ari da

Ken Zazpi taldeko abeslariak, Eñaut Elorrietak, Antion abestuko du irailaren 3an. Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrarekin eta Kaabestri String Ensemble taldearekin emango du kontzertua. Talde hori Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bakarlari batzuek osatzen dute. Antioko kontzertuan Josu Maroto urretxuarrak ere parte hartuko du. Marrazkiak egingo ditu kontzertuan zehar.

Irailaren 3ko kontzertua Antioko musika zikloko lehenengoa izango da. 19:30ean hasiko da. Hermosak azaldu du nolatan suertatu den Elorrietarekin lan egiteko aukera. «Duela hilabete batzuk mezu bat bidali zidan nire Gernika entzun zuela eta asko gustatu zitzaiola esanez. Elkarrekin lan egitea proposatu nion. Hala, duela bi hilabete Gernikan elkarrekin aritu ginen, bobardaketaren 79. urteurrenean».

Zumarragan ere Hermosaren Gernika eta Ken Zazpirena joko dituzte. «Kontzertua nire Gernika kantarekin hasiko dugu eta beraienarekin bukatu. Beraien Gernika izugarri gustatzen zait eta hari orkestrarekin eta akordeoiarekin jotzeko moldatu dut. Bi kanta hauez gain, nire bi kontzertu joko ditugu».

Baita Iparragirreren abesti bat ere. «Eñaut Gernikakoa izanik eta ni Urretxukoa, nahitaezkoa da. Gainera, beti eduki dut Iparragirrerekin zer edo zer egiteko gogoa. Bere abesti bat moldatu dut eta moldaketa hau Zumarragan estreinatuko dugu».

Marotoren parte hartzea ere nabarmendu nahi du. «Umetatik laguna da eta bere parte hartzea luxu bat da. Herri operari esker sortu den elkarlanetako bat da».

Hermosari ilusio handia egiten dio Antion Elorrietarekin jotzeak. «Oso kontzertu berezia izango da. Herrian jotzea beti da berezia eta, gainera, Antio aparteko tokia da. Bestalde, Eñautekin jotzea ere oso berezia da. Urte asko daramatzat Euskal Herritik kanpo eta Eñaut pop star bat dela konturatu naiz. Berarekin jo behar duzula esaten duzunean, jendeari aurpegia aldatzen zaio. Gozamena izango da bera herrira eramatea».

Hori irailaren 3an izango da. Egun hori heldu aurretik, Hermosak makina bat kontzertu emango du. Egunotan Europa iparraldean dago. Lituaniako Kaunas hirian, hain zuzen ere. Astelehenean eskola bat eman zuen, atzo kontzertu bat eskaini zuen eta igandean ikastaro amaierako kontzertuan parte hartuko du.

Letonian ere bai

Abuztuaren 1etik 4ra Letoniako Daugavpils hirian eskolak, hitzaldiak eta kontzertuak emango ditu. Ondoren, Espainian hainbat kontzertu emango ditu Malandro Club taldearekin. Abuztuaren 22an Lituaniako hiriburuan, Vilniusen, bakarkako kontzertua emango du. 26an, toki berean, Malandro Clubekin joko du. Abuztuan kontzertu bakarra emango du Euskal Herrian: 19an, Chillida Lekun Lorcaren eta Lauaxetaren omenez egingo duten ekitaldian parte hartuko du.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Trending Articles