«Pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria» aldarrikatuko dute, gizarteko alor ezberdinetan egungo sistema ordezkatzeko alternatibak badaudela erakusteko eta ikusteko.

Goierriko Gutun Sozialeko talde dinamizatzaileko kideak herenegun egin zuten bileraren aurretik. / Eskeine Legorburu
Elkarlanean oinarritutako festa izango da, norbanako, eragile, edo talde bakoitzak dituen alternatibak ezagutu eta besteenak entzuteko eta ikusteko eguna. Goierrin ere ugari dira egitasmo honekin bat egin duten norbanakoak eta eragileak, gizarteko alor ezberdinak ordezkatzen dituztenak: gazteak, feministak, langileen sindikatuak, pentsiodunak, gizarte eragileak… azken finean, pertsonak. Bakoitzak bere esparrutik, eremu sozialean, ekonomikoan eta kulturalean eraikitzen ari diren alternatibak plazara aterako dituzte bihar.
«Euskal Herri justuagoa, solidarioagoa eta desiragarriagoa» egiteko alternatibak zabalduko dituzte bihar, «beste eredu sozial bat zehazteko». Mugimendu sozialen kohesioa eta gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa ere bultzatu nahi dute, azken finean alternatiba guztien arteko elkarlana sustatzeko. Hori plazaratzeko bost gune eta seigarren gune nagusi bat zehaztuko dituzte Bilbon, eta gune bakoitzean gai zehatz bat jorratuko dute ekintza ezberdinen bidez: ekonomia, natura, aniztasuna, bizitzaren iraunkortasuna, ondare komuna eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea.
Goierrin bada sustrairik
Euskal Herriko Karta Sozialak Goierrin ere baditu sustraiak. Orain hilabete batzuk hasi ziren lanketa egiten eskualdean, eta ekintzak ere egin dituzte gai konkretuen inguruan. Azken asteetan Alternatiben Herria dute jomuga, eta bakoitza bere sektoretik ari da lanean.Guztien antolaketa lanetan, baina, sei pertsonako taldea ari da, batez ere. Talde dinamizatzaileko kideen esanetan, bi lanketa egin dira orain artean: «Eragileak saretzen aritu gara, bestelako gizarte bat nola eraiki zehazteko. Bihar Bilbon hori garatuko da, eta orain arteko protesta formatutik festa girora salto egingo da, proposamenak baditugula esateko. Proposamen horiek erakutsiko dute ez dagoela lanerako bide bakarra, baina bai lan egin litekeela».
Gero eta gehiago dira Gutun Sozialarekin bat egiten dutenak, eta horiei zein gainerakoei bihar Bizkaiko hiriburura joateko deia egin diete. Autobusa ere jarri dute –09:30ean aterako da Beasaingo Bernedo Eneako aparkalekutik–.Eta biharkoa igarota sustraiak sendotzea izango da ondorengo lana. Talde dinamizatzailekoen arabera «Goierrin lehentasun batzuk zehaztu behar dira, eragile gehiagorengana iritsi, Karta Sozialaren berri ematen jarraitu eta mugimendua zabaldu».
Horixe izango dute xede aurrerantzean, «adibide praktikoen bidez Goierriko beharrak ikusi eta horiek zabaldu». Egungo sistemak alternatibak dituela erakusteko oinarria izango da Karta Soziala.