Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Juanjo Igartzabalek eta Maite Maiorak irabazi dute Ataungo 35. korrikaldia

$
0
0

Ia 200 korrikalarik hartu dute parte. Mantzaren omenezkoa izan da aurtengo edizioa. Maite Maiorak emakumezkoen marka hobetu du, minutu batean. Haurren lasterketak ere jokatu ziren

Arrakastatsua izan da 35. Ataungo Hiru Auzoetako korrikaldia. Igandean jokatu zen proba azkeneko urteetako jendetsuena izan zen antolatzaileen esanetan. Ia 200 korrikalari elkartu ziren irteera puntuan. Mantzaren omenezkoa izan da aurtengo korrikaldia eta lasterketa hasi baino lehen, minutuko isilunea izan zen, aurtengo udan Almerian hil zen Jose Martin Barandiaran Mantza herritarraren omenez.

San Martindik, San Gregoriotik eta Aiatik barrena 17,3 kilometro egin behar izan zituzten korrikalariek. Lasterketaren buruan lehia bizia izan zuten Juanjo Igartzabalek eta Anjel Vazquez goierritarrek. Batek erasoa bota eta besteak erantzun. Azkenean Igartzabal izan zen lehena Ataungo helmugan, 59:21 denbora eginez. Vazquez 14 segundora sartu zen.

Aipagarria da, gizonezkoetan lehenengo bost sailkatuak goierritarrak izan zirela: Igartzabal eta Vazquezen ondotik, Iker Zurutuza, Aitor Etxebeste eta Juan Carlos Valdivielso iritsi ziren.

Lehenengo emakumezkoa, Maite Maiora, zazpi minutura iritsi zen, 1:06:00ko denbora eginez. Elgoibartarrak bere marka hobetu zuen minutu eta 13 segundoan. Bigarren emakumezkoa Itziar Andueza beasaindarra izan zen eta hirugarrena, Maialen Muñoz.

Ataundarren artean, Aitor Conde izan zen lehenengo gizonezkoa eta Amaia Azkarate lehenengo emakumezkoa. Herritar beteranoaren saria Jose Ramon Agirre Marron-ek jaso zuen.

Maite Maiorarekin batera Koldo Urrestarazu sartu zen helmugan. 25. aldiz parte hartu zuen lazkaotarrak Ataungo korrikaldian eta antolatzaileen oroigarria jaso zuen Urrestarazuk.

Haurrak ere korrika

Helduak korrikan ari ziren bitartean, haurrek ere izan zuten korrikaldian parte hartzeko aukera. Adinka banatuta, luzera desberdinetako lasterketak burutu zituzten neska-mutilek.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Trending Articles