Ohiko merkataritza bultzatzeko helburuarekin, berrikuntzaren inguruko egitasmoa aurkeztu dute udalak eta Ieteam etxeak. Hilaren 17an jardunaldi irekia egingo dute merkatarientzat
Ordizia betidanik izan da merkataritzari estuki lotutako herria, eta hala izaten jarraitu nahi du. Hori dela eta, ohiko merkataritza eta berrikuntza uztartzen dituen egitasmoa prestatu dute Ordiziako Udalak eta Ieteam taldeak. Merkatariei zuzenduta, berrikuntzaren inguruko jardunaldi bat egingo dute batetik; bestetik, proiektu eta egitasmo berrietan murgiltzeko prest dauden merkatariei aholkularitza eta jarraipena eskainiko diete.
Ordiziako ohiko merkataritzari «bultzada berri bat» eman nahi diotela azaldu du Jose Miguel Santamaria alkateak, «herrian eta eskualdean erreferente» bihurtzeko helburuarekin. Ha- la, saltokiei zuzeneko aholkularitza eskainiko diete, beti ere, berrikuntzarekin lotuta.
Bi fasetan banatuta
Udaleko merkataritza sailarekin batera, Ieteam enpresa aritu da egitasmoari forma ematen. Ainara Mugak azaldu duenez, «proiektuak bi fase» izango ditu. Batetik, Berrikuntza Ordiziako ohiko merkataritzan jardunaldia egingo dute. Tailerra «oso praktikoa» izango da, eta berrikuntzak merkataritzarako izan ditzakeen onurak eta teknika ezberdinak aztertuko dituzte. Bigarren fasean, beraien komertzioetan berrikuntza proiekturen bat egiteko prest dauden merkatariekin «oso gertutik» lan egingo dutela azaldu du Mugak, «ideia horiek landu, forma eman eta aurrera ateratzeko».
Egitasmoa Ordizian mamitu eta gauzatuko bada ere, «merkatari guztiei irekia» dela gogorarazi du Aitor Velazquez merkataritza teknikariak. Hala, datorren asteko jardunaldian parte hartzeko gonbitea egin die sektoreko kideei. Saioa hilaren 17an izango da, 14:30etik 16:30era, D’Elikatuz zentroan. Izena emateko azken eguna hilaren 16a izango da (14:00ak arte). Horretarako, Ordiziako merkataritza bulegoarekin jarri behar da harremanetan, 648 700 658 telefono zenbakira deituta edo bestela merkataritza@ordizia.eus helbidera mezua bidalita.