Bihar Urretxuko errege bidean bisita gidatua egingo dute, Ezkutuko Altxorrak programaren barne. Parte hartzaileek udaletxeko harribitxiak ezagutzeko aukera ere izango dute.
Goierrin badaude monumentu handiak, baina baita horren ezagunak ez diren altxor ederrak ere. Inaziotar Bidea egitasmoari eta Goierri garaiko turismo bulegoari esker, horietako batzuk ezagutzeko aukera dugu. Bihar, adibidez, Urretxuko errege bidean bisita gidatua antolatu dute. 12:00etan izango da.
Gidariak Borja Prieto urretxuarra eta Jon Ander Arzelus zumarragarra izango dira. Bi gazte hauek primeran ezagutzen dituzte Urretxuko altxorrak, San Martin de Tours elizako gidariak baitira.
Biharko ibilbidea udaletxean hasiko dute. «Oso eraikin garrantzitsua da, udaletxea izan aurretik Iparragirre-Corral familiaren etxea izan baitzen. Bertan Velazquezen bi koadroren kopiak daude. Pradoko museoak baimendutako bi kopia dira», dio Prietok.
Bi margolan hauek areto nagusiaren ondoko gela batean daude. Diego Corral de Arellano jaunarena eta Antonia Ipeñarrieta eta Galdos andrearena dira. Antonio Baron Calzadok egin zituen kopiak eta jatorrizkoak Pradoko Museoan ikus daitezke.
Ez dira bi hauek Urretxuko udaletxean ikus daitezkeen koadro bakarrak. Beste herriko seme ospetsu batzuen erretratuak ere badaude bertan: Joxe Mari Iparragirre musikaria, Tomas de Ipeñarrieta eta Idiakez, Juan Carlos de Areizaga baroia, Nekolalde kardinala eta Zenon Aranburu jesuita.
Prietok eta Arzelusek, margolan hauei guztiei buruzko azalpenak emateaz gain, eraikinaren jatorrizko egiturari buruz hitz egingo dute eta ukuiluak eta putzuak non zeuden azalduko dute, besteak beste.
Errege bidea ere bisitatuko dute. «Urretxutik pasatzen zen eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, hainbat errege pasa dira herritik. Guztiek 300-400 lagunez osatutako segizioa eramaten zuten», azaldu du.
Parte hartzaileei errege bidea nondik pasatzen zen erakutsiko diete. Horretarako, Altamirara joango dira. Eguraldi oso txarra egiten badu, berriz, beste altxor ezkutu bat ezagutuko dute: San Martin de Tours eliza.
Prietoren ustez, urretxuarrek ez dute behar bezain ondo ezagutzen herriko ondarea. «Nire ustez, ez dira duten ondareaz jakitun. Gure historia ez dugu ondo ezagutzen, beste interes batzuk baititugu. Baina Urretxuk garrantzi handia izan du historian zehar eta seme ezagunak eman ditu: Gaspar Jauregi, Zenon Aranburu, Joxe Mari Iparragirre…».
Ezkutuko istorioak
Horietako batzuekin lotutako istorioak ere ezkutuko altxor txikiak dira. Oso jende gutxik daki, adibidez, Nekolalde kardinalaren eraginez ospatzen direla Urretxun Santa Anastasia jaiak. «Santa Anastasiaren erlikiak bere herrira bidali zituen, bere jaioterriari garrantzia emateko. Erlikiak irailean heldu ziren eta horregatik ospatzen dira herriko festak irailean», amaitu du.