Zur eta Lur egitasmoaren barnean dago larunbatean burutuko duten ekintza. Sua egurraren bidez egiteko teknikak erakutsiko dituzte, besteak beste. Igandean, musika emanaldia egin zuten
San Adriango igarobidean bizi ziren gizakien bizimodua ezagutzeko aukera izango da larunbatean Zegamako Anduetza parketxean. Izan ere, Arkeologia esperimentala egingo du Suhar arkeologia taldeak.
Zur eta Lur egitasmoaren barnean kokatzen da ekintza, eta 17:00etan hasiko da. Historiaurrean jendea nola bizi zen azalduko dute. Tailerra interaktiboa izango da, ordea. Sua egurraren bidez egiteko teknikak erakutsiko dituzte, historiaurreko labarretako artea, ehizarako bultzagailu bidezko gezi jaurtiketa eta suharrizko tresneriaren lanketarekin batera. Helduentzako prezioa 5 eurokoa izango da, eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrena 3 eurokoa. Izena emateko 943 80 21 87 zenbakira deitu behar da, edo anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.
Musikaz betetako igandea
Juan Mari Beltran hirukoteak jende ugari erakarri zuen igandean Anduetza parketxera, Zur eta Lur egitasmoaren barruan eskainitako saiora. Bi helburu ditu egitasmo honek: udazkenari begira Zegaman kultur jarduerak antolatzea, eta parketxea bera ezagutzera ematea.
Hirukoteak erakustaldi zabala eman zuen Euskal Herriko musika tresnen eta musika soinuen inguruan. Hala azaldu du Mikel Urruzola parketxeko kideak: «80 pertsona inguru bildu ginen, eta oso saio ederra izan zen». Ordu eta erdi inguruko emanaldia izan zen. Gainera, Zegama herriari aipamena egin zioten musikariek, Altzibar Goikoa baserriko albokariek aspaldian jotzen zituzten doinuak joz.
Hirukotea Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxeak eta Ane Erregek osatzen dute. Guztira, 25 musika tresna baino gehiago jo zituzten emanaldian; hala nola, txalaparta, alboka, klarinetea, xirolarrua eta flauta.