Azokaz gain, animali erakusketa ere izango da bihar Ordizian. Nazioarteko gazta lehiaketan saria irabazi dutenei esker oneko ekitaldia egingo diete 11:00etan
Urteko asteazken guztietan egiten da Ordizian azoka; biharkoa, baina, Eguberrietako azoka berezia izango da. Goizeko 9:00etatik aurrera Ordiziako erdiguneko kale eta plazak bihurtuko dira erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Ordiziako Udalak beste hainbat erakunderekin elkarlanean erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari antolatu ditu biharko.
Plaza Nagusian ohiko azoka izango da eta bertan baserritarrek dituzten produktu onenak erosteko aukera izango da. Baina erosteko eta begiratzeko beste gune batzuk ere izango dira bihar, Beti Alai pilotaleku kanpoan, esaterako kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da, eta ondoan izango dira pottoka eta txahalak.
Garagartza plazan, berriz, hainbat gauza ikusi eta erosteko aukera izango da. Batetik, Euskal Herriko errege-sagar, eta bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa eta erakusketa izango dira. Bestetik, Bidaniko Pedro Urdanpilletak ekarritako euskal txerriak ikusgai izango dira. Horrez gain, plazan bertan eta inguruko kaleetan eskuz landutako produktuak izango dira. Eta herriko txokoak animatzen arituko dira trikitilari eta dultzaineroak.
Esker Oneko ekitaldia
Aurten nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gazta ekoizleentzat Esker Oneko ekitaldia antolatu du Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak. 11:00etan Udaletxe azpiko arkupean hasiko da ekitaldia.
Ingalaterrako Birminghamen jokatu zen Munduko Gazta txapelketa. Bertan brontzea eta zilarra eskuratu zuen Gabiriako Baztarrika gaztandegiak, Ataungo Troskaetak urrea, eta Idiazabalgo J. Aranburu gaztandegiak brontzea eta super urrea.