Beasaingo gune komertzialenak ezagutzeko aukera egongo da euro baten truke. Goizeko 10:00etatik 13:30era, eta 16:30etik 19:30era ibiliko da Bareak elkarteko trena kalean barrena.
Ireki ondo begiak, eta inguruko kale eta dendak ikusi. Hori da Beasaingo Bareak elkarteak egindako azken proposamena: Beasaingo kale esanguratsu eta komertzialenak trenean ezagutzea. Atzo hasi zen egitasmoa, eta gaur ere izango da aukera Bareak elkarteko txu- txu trenean ibiltzeko.
Goizez eta arratsaldez ibiliko da trena Beasaingo kaleetan barrena. Goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 13:30era arituko da. Arratsaldean ere egingo du ibilaldia: 16:30ean abiatuko da. Amaiera, iluntzeko 19:30ean emango zaio.
Txu-txu trenean ibiltzeko sarrerak aurrez erosteko aukera izan da Beasainen bertan. Honako saltokietan egon dira eskuragai: Eki haur oinetakoak, Kux Kux denda, Oreka jostailu egokituak eta Xuxurla dendetan. Aurrez erosi ez duenak trenean ibili nahiko balu, euro bat ordaindu beharko du momentuan bertan.
Atzoko eguraldi haizetsu eta eguzkitsua lagun, jendez bete zen trena, eta haur zein helduak txu txu trenean ikusi zituzten Beasaingo gune komertzial garrantzitsuenak.
Urteko azken pintxo potea
2015. urtea amaitzen ari da, egutegiko azken egunak dira. Jada sumatzen da urtea amaitzear dagoela, eta 2016. urteari ongi etorria emateko desiatzen daude asko.
Ohitura bihurtu den moduan, astean behin pintxo potea egiten da Goierriko herri askotan. Beasainen ostegunak izaten dira pintxo potean ateratzeko egunak. Aurten, urteko azken eguna osteguna da, baina ez da betiko moduan pintxo potea izango. Izan ere, egun bat aurreratzea erabaki dute, eta beraz, bihar egingo dute Beasainen 2015. urteko azkeneko pintxo potea.
Arratsalde-iluntze aldera, hainbat izango dira Bideluze, Bodega Riojana, Kuluska, Osin Kafe Antzokia, Plazape eta Xerbera tabernetan pintxo eta kopa baten konpainian bukatzen ari den urte honi amaiera ezin hobea emango diotenak.