Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337

Gaurtik aurrera bozka daiteke zaborraren inguruko galdeketan

$
0
0

Urtarrilaren 24an zabor sistema hautatzeko herri galdeketa egingo dute Legazpin. Egun horretan botoa eman ezin dutenek, aurretik eman dezakete. Aurretiaz bozkatzeko epea ostiralean hasi behar zen, baina zenbait herritarrek epea zabaltzeko eskaera egin dute eta gaurtik aurrera bozkatu ahal izango da. Epea hilaren 21ean bukatuko da. Aurretik bozkatzeko udaletxeko idazkaritzara jo behar da, 09:00etatik 14:00etara.

Gaur, aurretiaz bozkatzeko epea irekitzeaz gain, zozketa egingo dute mahaikideak zeintzuk izango diren aukeratzeko. Mahaikide lana udaletxean izena eman duten boluntarioek egingo dute. 53 lagunek eman dute izena. 18 mahaikide egongo dira eta hautatuek 65 euro kobratuko dute galdeketa egunean egingo duten lanaren truke.

Bestalde, ostiraletik hilaren 21era bitartean ezinduek botoa emateko eskaera aurkeztu ahal izango dute. Medikuaren agiria aurkeztu behar dute udaletxeko idazkaritzan, 09:00etatik 14:00etara. Hilaren 24an beraien etxean eman ahal izango dute botoa.

Legazpiarrek galdera honi erantzun beharko diote: Legazpiko udalerrian, zein bilketa-sistema erabiltzea nahi duzu errefusa eta organikoa jasotzeko? Edukiontziak ala atez atekoa?

Bost hautesleku

18 urtetik gorako legazpiarrek bozkatu ahal izango dute eta boto emaileak identifikatzeko herriko errolda erabiliko dute. Hauteslekuak, ohiko bostak izango dira: Brinkolakoa, San Inaziokoa, Arantzazukoa, Domingo Agirrekoa eta ikastolakoa. Bederatzi mahai egongo dira eta mahaiburuak udal langileak izango dira.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28337