Goierriko Roller-Skate Klubak (Goroskt) Gipuzkoa mailako bi irristaketa txapelketa antolatu ditu, asteburu honetarako, Lazkaon. Batetik, eskulekudun patineteen Gipuzkoako I. Scooter Txapelketa izango da, bihar. Bestetik, herrialdeko III. Skate Txapelketa. Eguraldiak baimentzen badu, San Prudentzio eskola ondoko pistan ariko dira; euria baldin bada, kiroldegian.
Bihar, scooter txapelketa 14:00etatik 18:30era izango da. Lehenengo aldia da zutikako irristagailuekin lehiaketa egiten dena.
Igandean, skate proba
Igandean, berriz, tradizio luzeagoa duen skate lehiaketaren txanda etorriko da, 15:00etatik 18:30era. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako irristalariek parte hartu ahalko dute, baita Kantabriakoek (Espainia) ere.
Lehiaketa ofizialaren aurretik, 13:00etatik 14:00etara, haurrentzat erakustaldia izango da. Sariak igande arratsean banatuko dituzte.