Bihar eta etzi egingo dituzte stock eta kale azokak Beasainen eta Ordizian. Goizeko 10:00etan hasiko dira azokak, eta arratsaldean ere irekita egongo dira. Ordizian haur tailerra ere egingo dute
Beherapenak amaitzen ari dira, eta bilduma berriak ikus daitezke erakusleihoetan. Baina oraindik zerbait erosteko asmoa duenak aukera ezin hobea izango du bihar eta etzi, Beasainen eta Ordizian. Stock eta beherapen azokak egingo dituzte, herriko plazetan eta kalean ere bai denden aurrean. Arropa, oinetakoak, eta bestelako hainbat produktu prezio onean erosteko aukera egongo da, ohikoa baino merkeago. Horregatik, jende ugari hurbilduko dela espero dute, azken aukera aprobetxatzeko.
Goizean eta arratsaldean
Bihar eta etzi egingo da azoka, goizean eta arratsaldean. 10:00etatik aurrera, bi herritan erosteko aukera izango du gerturatzen denak.
Beasaingo seigarren azoka da aurtengoa, eta San Martin plazako arkupean eta kalean izango da. Bihar goizean bertako denda eta merkatariek dituzten produktuak jarriko dituzte salgai, goizean hasi eta 13:30a arte. Arratsaldeko ordutegia, berriz, 16:30-20:00 izango da. Larunbatean arratsaldean 17:00etan hasiko da, baina bestela ordutegia mantendu egingo da.
Ordizian stock gunea Plaza Nagusian jarriko dute, eta bertan elkartuko dira herriko merkatariak. Bi egunetan ordutegi berdina izango da: goizeko 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, eta baita 17:00etatik 20:00etara ere. Kale azoka ere egongo da, eta honako ordutegia izango du: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Denda ugari
Beasain eta Ordiziako azoketan denda ugarik parte hartuko dute. Beasainen 34 merkatarik, eta Ordizian beste 12k parte hartuko dute stock gunean, eta kale azokan, hiru dendek. Gainera, Ordizian, bihar eta etzi haur tailerrak egongo dira plazan, Martak gidatuta. Bihar 17:30ean, eta larunbatean 11:00etan. Larunbatean Txingudi Deejays taldearekin musikaz zuzenean gozatzeko aukera egongo da Ordizian, 18:00etatik aurrera.