Ekologistak Martxan taldeak antolatzen du, eta Goierrin egiten den bigarren edizioa izango da. Klima aldaketaren ingurukoak izango dira filmak, eta saio guztiak doakoak izango dira
Bigarrenez egingo dute datorren astean, martxoaren 15etik 17ra bitartean, Ekozinemaldia Goierriko hiru herritan: Ataunen, Seguran, eta Ordizian. Saio guztiak doakoak eta irekiak izango dira.
Duela hamar urte sortu zen Ekozinemaldia, baina Goierrin iaz egin zen lehenengo aldiz. Ekologistak Martxan taldeak antolatzen du zinemaldi hori, ingurumenarekin eta haren defentsarekin interesatuta dauden tokian tokiko beste hainbat gizarte mugimendurekin batera. Ordiziari dagokionez, Landarlan, Ordiziako Udala eta Goierriko Baratzaren lankidetzarekin antolatu dituzte zinema emanaldiak.
Klima aldaketa hizpide
Aurten emitituko diren film guztiek klima aldaketaren ingurukoak izango dira. Antolatzaileen ustez, zinema aukera ona da dauden «arazo ekologiko larriak ezagutzera emateko», eta egunero mundu hobeago baten alde eskuzabaltasunez lan egiten duten pertsona horiei guztiei balioa emateko ere baliagarria dela deritzote. Planetak eta bertako biztanleek pairatu behar duten «ingurumen egoera lazgarria bistaratzeko eta dokumentatzeko» balioko du Ekozinemaldiak.