Orain artean Goierrin izan diren hondakinen gaikako bilketen datu eta esperientzien azterketa sakona eta eztabaida bizien ondoren, Ordiziako Hondakinen Mahaian adostasuna lortu dugu etxeko hondakinen gaikako bilketaren inguruan; bai helburu eta kontsultako galderaren aurrean, baita edozein dela ere aukeratzen den bilketa sistemari egin beharreko jarraipenaz eta hobekuntza neurrien beharraz.
Alderdi politiko, elkarte zein herritar ezberdinok parte hartu dugu mahai horretan, ahalegin handia eginez eta baita adostasunera iristeko borondatearekin ere. Horregatik, herrian izango den lehenengo kontsulta arduratsu eta ofizialean parte hartzera animatu nahi ditugu ordiziar guztiak.
Igandeko kontsultan bozkatzeko dauden bi aukeren artean, Landarlan ingurumen elkartearentzat sistema mistoa da egokiena arrazoi hauengatik: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen jarraituz gero, epe motzean oraingo gaikako bilketa tasak erraz handitu daitezkeelako, jasotako hondakin organikoen kalitatea oso ona delako, hezkuntza eta jarraipen neurri zehatzak hartzen laguntzen duelako eta horretara ohituta gaudelako eta egiten badakigulako. Gainera, errefusaren bilketa asteko egun bakarrean eta kubo txikian izanda, hondakinen murrizketaren beharra eta aukera gogorarazten zaigu, errefusa kopurua eta horren gastua gutxitzea bultzatzen du, atez ateko sistemaren azpiegituran inbertitutakoa erabiltzen da eta horregatik sistema merkeena da. Azkenik, errefusa tasa oso baxuak lortzean, ordiziarrok errauskailuaren beharrik ez dugula garbi geratzen da eta, beraz, inoren osasunean kalterik sortuko ez dugulako.
Bukatzeko, Sasieta Mankomunitateari eskatzen diogu hondakin organikoen ordainketa tasari ezarritako deskontuak herrika aplikatzeko, herri bakoitzean biltzen den organikoaren batezbestekoaren arabera, eta ez mankomunitatearen batezbestekoari dagokion deskontua herri guztiei berdin aplikatzea. Bestela hondakin organikoen tasa handiena lortzen duten herriak zigortuak dira eta ez sarituak, izan beharko lukeen bezala.