Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 28327

Zizak, udaberria iragarri asmoz

$
0
0

Zainzuri sutraiak ziren atzokoan salgai, askok horren berririk ez badute ere, paraje hauetan jasotzen den produtkua baita. Berro eta kuiatxo landareak ere bazituzten landarezaleek.

Kanpotik ekarriak, Zamoratik Mikel Lasak berak aipatu zuenez. Hangoa zen aurtengo denboraldiari hasiera ematera Ordiziako azokara iritsitako lehen ziza lote handia, 15 kilokoa. Aurretik ere izan dira aurtengoan zizak, Ataun inguruan jasoak, baina muestrarako besterik ez. Urtarrilean 100-bat gramo eta duela aste pare bat beste 200 gramo ekarri zituen Patxi Aierbek, kiloa 200 euroan bitan. Atzo, ordea, kopurua handia zelako eta jatorria bestelakoa zutelako, 70 euroan saldu zen kiloa.

Ohi bezala, zalaparta eragin zuten perretxiko horiek Lasaren postuaren inguruan. Haiek ikusi, eta udaberria bertan dela esaten zuten batzuek. Beste batzuek, berriz, hemengoak noiz iritsiko diren galdezka ziren. Lasak ez zuen horretarako erantzunik, bai ordea denboraldia nola joango den iragartzeko: «Zamoratik iristen dira lehen zizak gehienetan, eta aurten ere handik etorri dira, ohi baino lehenago agian, han ere euri asko egin duelako. Nire ustez aurten asko izango da».

Zainzuri zuztarrak

Bestelako nobedadeak ere izan ziren atzokoan azokan, landarezaleen postuetan bereziki. Montes Etxekoek berro landareak zituzten salgai, ale bakoitza 15 zentimoan. Iguategi Etxeren postuan, berriz, kalabazin edo kuiatxo landareak eskaintzen ziren, Esther Ilarramendi saltzaileak horiek aldatzeko oraindik goiz dela ohartarazten bazuen ere. Hala ere, negutegian landatzeko eraman zituzten erosleek.

Ilarramendiren postuan, bestalde, bazen beste jenero bat, arreta erakartzen zuena: zainzuri sustraia edo zuztarra. Bestelakorik pentsatu arren, inguru hauetan jasotzen omen da zainzuria, hori bai, drainatze oneko lurrak behar ditu. Orain da zainzuri zuztarrak landatzeko garaia. Udazkenean hostoak moztu eta zurtoinak lurrez ondo estaliz gero, hurrengo urteko udaberrian emango dute lehen uzta.

Prezio erakusleak

Bazen atzo beste berrikuntza bat ere azokan, plaza barruko saltzaileen postuetan, hain zuzen ere. Azokaren promozioaz arduratzen den D’elikatuz zentroko teknikariek euskarri beltz berezi batzuk banatu zituzten saltzaileen artean, beren produktuen jatorria eta prezioa erakusteko. Baliarraingo Edurne Jauregi eta Leitzako Lizarraga harategikoak momentuan bertan agertu ziren estreinatzeko gertu.

D’elikatuz zentroak bultzatuta, bestalde, 12 hilabete, 12 produktu egitasmoak orburuari eskaini dizkio martxoko asteazkenak. Atzo, Tuterako produk- tuaren dozena 2,95 eta 3,9 euro artean zuten salgai, eta Ibarrako Bittori fruta saltzaileari egokitu zitzaion bere sustapena.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 28327