Azken urteetako joerari jarraituz, ekaina ekitaldi kulturalez josi dute Ormaiztegin. Atzo hasi eta hilaren amaierara arte, ia egunero izango da ekitaldiren bat aukeran, Ekain Kulturala egitasmoaren barruan. «Hilabete batean zehar kultur eskaintza zabala izatea da helburua, herriko elkarte ezberdinekin egitarau bateratua prestatuz, herriko kulturari bultzada bat emateko», azaldu du Ane Aranburu kultur teknikariak.
Hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo ekain kulturalak. Esaterako, Musikale zikloa antolatu dute, kaleko musikari bultzada emateko. Hiru ostegunetan, kontzertuak izango dira eliza aurrean. Eta laugarren ostegunean, dantza emanaldia. Gaur izango da lehen kontzertua, Sukarra 37 taldearen eskutik. Beasaingo eta Ormaiztegiko hainbat mutilek osatzen dute taldea.
Kultura brasildarra ere bai
Bestalde, ekainaren 11n, brasildarren eta ormaiztegiarren arteko kulturarteko festa egingo dute. Irizarreko langile brasildarrek txurraskoa prestatuko dute. Tiketak ekainaren 7ra arte eros daitezke herriko tabernetan. Txurraskoaz gain, herri kirol erakustaldia, krossa eta zuzeneko musika izango dira. Decalcky talde brasildarrak eta Guri Bost talde goierritarrak joko dute.