Xabier Ortiz de Luzuriaga zenaren lagunek hamabigarren urtez antolatu dute haren oroimenezko mendiko bizikleta martxa. Igandean izango da, Hegialde auzoan hasita. Izen emateak 08:00etatik 09:00etara egin ahal izango dira, eta 09:00etan hasiko da proba. Parte hartzaileek 39 kilometro egin beharko dituzte inguruko mendietan zehar, 1.400 metroko desnibel positiboarekin. Bidean hiru anoagune izango dituzte, indarrak hartzeko. Aurten, gainera, ibilbideak aldaketa nabarmenak izango ditu.
Aitor Uribeetxeberria antolatzaileak azaldu duenez, lehenengo zatia eta azkenekoa dira aldaketak dituztenak. «Txirrindulariak Atagoiti aldera joango dira lehenengo, lehen ez bezala, eta handik Aizalekura igoko dira», adierazi du. Otañora ere igoko dira, baina ez gailurreraino. Ibilbidearen erdiko zatia, Aztiritik Udanara bitartekoa, aurreko urteetako berbera izango da. «Tarte horretan dago Xabierren oroimenezko monolitoa, beraz, hortik pasa beharra dago». Azken zatian, berriz, Udanatik Hegialdera, ibilbidea erraztu nahi izan dute. Txirrindulariak ez dira Korosti aldera igoko, eta ibilbidea lasaiagoa izango da.
«Aztiriatik Udanarako bidea ez dugu aldatu,
bertan dagoelako Xabierren monolitoa»«Txirrindulariak Atagoiti aldera joango dira
lehenengo, eta handik Aizalekura igoko dira»
Aitor Uribeetxeberria (Antolakuntza taldekoa)
Antolatzaileek 150 eta 200 parte hartzaile bitarte espero dituzte, eguraldiaren arabera. «Eguraldi oso ona egiten badu, 250 inguru ere animatu izan dira», esan du Uribeetxeberriak. Izen ematearekin batera, kamiseta bat oparituko diete.
Derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea. Amaieran, dutxak eta mangerak izango dira, lokatza garbitzeko.
Irabazlerik gabeko martxa
Irabazlerik ez da izango. Izan ere, ibilbideaz gozatzea eta mendi bizikletarekin goiz eder bat pasatzea da Ortiz de Luzuriaga martxaren helburua.
Ortiz de Luzuriaga Euskal Herriko mendi bizikleta txapelduna izan zen gazte mailan, eta Espainiako txapelketan parte hartu zuen. 2003an hil zen, auto istripuz. Duela hamabi urte legazpiarrek bere omenezko mendi bizikleta martxa antolatzea erabaki zuten. Hasieran, Hegialdeko jai batzordeak antolatzen zuen ekitaldia. Gero, Ortiz de Luzuriagaren lagun talde batek hartu zuen ardura.