Udalak 28.000 euro bideratuko ditu gazteen emantzipazioa bultzatzeko. Irailaren 30a izango da eskaera egiteko azken eguna. Laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude
Legazpiko gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuarekin, udalak alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak onartu ditu. Asteazkeneko osoko bilkuran landu zuten gaia, eta aho batez onartu ziren diru laguntzen oinarri orokorrak. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude laguntzak, eta irailaren 30a baino lehen egin beharko da eskaera.
Udalak 28.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, 2016ko aurrekontuetan onartu bezala. Bakoitzari emango zaion diru laguntzaren kopurua ez da berdina izango; diru sarreren arabera kalkulatuko da. Diru laguntza jasotzeko, gutxienez urteko 3.000ko diru sarrerak izan behar dira, eta gehienez 27.000 eurokoak —etxebizitza berean bi eskatzaile edo gehiago badaude, urtean 39.000 eurokoak—.
Gazteen alokairurako diru laguntzak ordaintzeko, hutsik dauden etxebizitzei ezarritako errekargutik jasotako dirua erabiliko dute zati handi batean. Legazpin 250-300 etxebizitza huts daude, gutxi gorabehera, aurreko legealdian emandako datuen arabera.
Osoko bilkuran, erabateko adostasuna lortu zuten diru laguntzen oinarriek, eta aldeko botoa eman zuten bertaratutako hamabi ordezkariek —Rakel Puente falta zen, EH Bilduko zinegotzia—. «Arrankatu eta ibiltzen hasteko proposamen bat da; gero, urtetik urtera joango gara diru laguntzetarako partidak handiagoa izan behar duen ala ez ikusten», adierazi zuen Koldobike Olabide alkateak. «Gazteentzako aurrerapauso bat izango da emantzipazioa lortzeko», gehitu zuen Javier Iraeta alderdikideak.
Alberto Bezunartea Irabaziko zinegotzia ere ados agertu zen laguntzekin. «Beti egongo gara ados etxebizitza duina bermatzen duten neurriekin». Dena den, jarraipen bat egiteko eskatu zuen, 28.000 euroko partida nahikoa den ala ez ikusteko.
Epea luzatzeko eskatu dute
Kepa Urtzelai EH Bilduko zinegotziaren ustez, gazteak emanzipatzeko erraztasunak emateaz gain, beste abantaila bat ere eskaintzen dute laguntza horiek: etxebizitza hutsei irtenbide bat eman, eta jasangarritasuna bultzatzea.
Dena den, Urtzelairen ustez eskaerak egiteko epea luzatu egin beharko litzateke urriaren 31ra arte. «Abuztua tartean izanda, jendeak oso denbora gutxi du paperak aurkezteko». Udalak eskaera aztertuko du.