Pala motzeko eliteko txapelketa antolatu dute, bigarren urtez. Final-laurdenetako hiru partida igandean dira; finalaurrekoak eta finala, abenduko zubian. Maila gorena du
Olaberriko palariek eta zaletuek pala motzeko II. Eliteko Txapelketa antolatu dute, iazkoari jarraipena emanez. Euskal Herriko pilotari onentsuenak ekarriko dituzte, baita munduko txapeldun Emiliano Scufka argentinarra ere.
Txapelketak hiru maila izango ditu, kanporaketei dagokienez. Lehenengo jardunaldia, final-laurdenetakoa, igande honetan jokatuko da. Hiru partida jokatuko dira, 10:30etik aurrera, Olaberriko Udal Pilotalekuan.
Bikote irabazleak finalaurrekora igaroko dira. Abenduaren 6an, igandearekin, izango dira bi neurketak. Gari Arrieta olaberritarra eta Skufca bikotea han izango dute zain. Bi norgehiagoketako irabazleek biharamunean jokatuko dute final handia, abenduaren 7an, astelehena baina zubi-eguna askorentzat.
«Euskal pilota gustatzen zaion edonor dago gonbidatuta pala motzeko partidak ikustera. Ikuskizuna ziurtatuta dago», azaldu du Xabier Berasategi antolatzaileak. Skufcak, adibidez, Europako Kopa irabazi du aurten.
Palari gipuzkoarrek, nafarrek eta lapurtarrek —Ipar Euskal Herrikoak estreinakoz, Olaberrian— parte hartuko dute. «Oso berezia da nire herrian halako txapelketa antolatzea eta jokatu ahal izatea. Maila gorena du», dio Gari Arrieta pilotariak.
Harrobiarentzat erakusle
Pala, nola motza, hala larruz, bizirik dago Goierrin. Olaberrian tradizio sustraitua du, eta Ordiziako Oiangu kluba da gaur egun erreferentzia nagusia. «Oiangun pilotari asko eta onak daude. Gazteak bultzatzen ditu», dio Arrietak.
Azeari Andonegi da beste partaide goierritarra Eliteko txapelketan. «Gogo biziz nago, bai nire partidarako, bai besteak ikusteko. Tanto luzeak eta piloteatuak izango dira, kale gutxikoak. Tanto egin egin beharko da».
Finalaren aurretik, abenduaren 7an, Olaberriko gazteek ere jokatuko dute, eta joko-garbi modalitateko erakustaldi bat ere egingo du, kirol zaharrak berreskuratzen ari den talde batek.
Eliteko palaren «ikuskizuna» izango dela aurreratu dute.