Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all 27868 articles
Browse latest View live

Lazkaoko koruek egunotan kontzertu gehiago dituzte

$
0
0

LAZKAO // Lazkaoko bi abesbatzak kontzertu edo kantaldi bana eskainiko dituzte, Gabon egunotan, herrian. Lazkao abesbatzak lagunduko du Eguberri egunean, Beneditarren elizako 11:00etako meza. Ondoren jaiotza biziduna izango da, Lazkao Txiki Zelaian. Kantaka koruak, bere aldetik, larunbatean (abenduak 26) egingo du kantaldia, 19:30ean, San Migel elizan.


Diario Vasco esku pilota txapelketako finalak Belokin izango dira, gaur

$
0
0

Gaur arratsaldeko seietatik aurrera El Diario Vasco – Bankoa Credit Agricole pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Zumarragako Beloki pilotalekuan. Promesen kategorian, Zubizarretak eta Martinezek jokatuko dute, Salaberriaren eta Martijaren aurka. Nagusien mailan, berriz, Urbietak eta Arratibelek, Arteaga eta Murgiondoren kontra.

Bi jokalari, Ibai Arratibel eta Iraitz Zubizarreta, Goierrikoak dira: ataundarrak.

%43

$
0
0

Edukieraz, erditik behera dago Arriarango urtegian (Beasain) edateko ura. Atzo %43,57an zegoen, 1,31 milioi metro kubo urekin. Iaz garai berean baino %45 ur gutxiago dauka.

Lareo. Normalean bete-betea egoten den Lareo urtegia ere (Ataun) baxu dago. %58,41ean zegoen atzo, 1,3 milioi metro kuborekin (2,23 du edukiera osoa). Iaz %100 zegoen beteta.

Barrendiola. Goierriko hiru urtegi nagusietan egoera onenean dagoena Barrendiola urtegia (Legazpi) da, %85,44an. Iaz baino beteago, gainera (%64,22an zen).

Musikualdia kontzertu sorta antolatu dute Urretxun

$
0
0

Ostiralean, Urretxu eta Zumarragako Klak!son taldeak ‘Denboraleak’ diskoa aurkeztuko du. Hilaren 30ean Sortu Dira Besteak jaialdia egingo dute Labeagan

Zumarraga eta Urretxuko Gazte Asanbladak Musikualdia kontzertu sorta antolatu du abendurako. Hilaren 3an Jealousy Mountain bikote alemaniarrak jo zuen gaztetxean eta joan zen larunbatean, berriz, Urretxu eta Zumarragako bi taldek jo zuten: Nekrobabies eta Adictos al Kaos. Hurrengo kontzertuak aste honetan izango dira.

Ostiralean, Urretxu eta Zumarragako Klak!son taldeak eta Irun eta Oiartzungo Kasernarat taldeak joko dute. Herrikoek Denboraleak diskoa aurkeztuko dute.

Larunbaterako, berriz, Kalegorrian kolektiboak festa bat antolatu du. 19:00etan hitzaldi bat egongo da. Donostia eta Irungo Jupiter Jon taldekoek eta Nire bakarlariak parte hartuko dute. Ondoren, 20.00etan aipatutako musikariek kontzertua emango dute. Asteko azken kontzertua igandean izango da. Zarauzko Buffalo taldeak joko du.

Astelehenerako eta astearterako ere kontzertuak antolatu dituzte. Astelehenean Gasteizko Keshala eta Montauk-ek joko dut eta asteartean Azpeitiako Kalusek. Kontzertu hauek guztiak gaztetxean izango dira: 22:30ean hasiko dira eta sarrera doan izango da.

Sortu Dira Besteak

Bestalde, Gazte Asanbladak Sortu Dira Besteak jaialdia antolatu du hilaren 30erako. Ekitaldi honen helburua euskal kantagileak ezagutzera ematea da eta lehen ediziorako Urretxu aukeratu dute.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako artistek parte hartuko dute: Amaren Alabak, Peru, Mor More, Aguxtin Alkhat, Montauk, Isuo Sasiia&Jon Murua, Ez Aurkeztuak, Paxkal Irigoyen, Iturria eta Arrutiko Intxaurrak. Kontzertua Labeaga aretoan izango da, 19:00etan. Sarrerek 5 euro balio dute. Gaztelekun eta Jai Alai tabernan eros daitezke. Kontzertuaren egunean ikusle guztiei disko bana oparituko diete.

Udalaren agintaldirako oinarriak jarri dituela dio Lazkaoko EAJk

$
0
0

Lazkaoko EAJ alderdiak kontu emate edo deskargu agerraldia egin du, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa betez, alkatetza hartu eta sei hilera. Ekainaren 13an udalaren buruzagitza hartu ondorenetik egindako jarduerak, hartutako erabakiak eta aurrerantz ireki dituzten bideak azaldu zituen, hilaren 15ean, Felix Urkola alkateak.

Sei esparrutan banatu zuen errepasoa. Zabor bilketarena jorratu zuen lehenik. Urriaren 25ean aldatu zen atez atekotik edukiontzi bidezkora. Eredu berriarekin 45.730,47 euro aurreztu direla ziurtatu du.

Mantentze arlora 120.000 euro bideratu ditu udalak, EAJren aro honetan. Eraikinen garbiketan 255.000 euroko kontratu bat, kale garbiketan 440.000 euroko beste bat, eta argiteria-mantenimenduan 70.000ko inbertsio bat burutu dira.

Lazkaomendirako pasabideaz, berriz, azterketa topografikoa eskatu du udalak. «Teknikoki soluzio egokiena» aurkezten duen aukera gauzatuko da; iaz herri galdeketan bat hautatu zen.

Elkarteen boluntario lana, zerbitzu publikoen balorazioa ta parte-hartze politikoa indartzeko asmoa ere agertu du EAJk.

Bost helburu, 91 ekintza

Sei hilabeteotan, agintaldiko «norabidea» markatu du EAJk udalean. Bost helburu estrategiko, eta horietan denera 21 estrategia eta 91 ekintza zehaztu dituzte, kudeaketa planean.

Elkartasun sena, egunotan ozena

$
0
0

Gabon garaian, urtea bukatzearen balorazio aldian, asko ugaltzen dira gizarte onurarako egitasmoak. Beasaingo GH lantegian jostailuak bildu dituzte; Legorretan, azoka dute igandean.

JOSTAILU_BILKETA_GH_ENPRESUrtea bukatzera doa. Kontuak itxi, egindakoei begiratu, eta asmo gehiago hartzeko garaia da. Eguberri garaiaren arrimura-edo, horren ondo joan ez zaienekin gogoratzeko ere unea bada. Eta elkartasun keinuak urtean zehar bestela ez bezala ugaritzen dira.

Izan kontzertu solidario, diru batze, elkartasunezko jaki bilketa edo ekitaldi benefiko, ezin konta ahala adibide topa litezke egunotan, Goierriren luze-zabalean. Esparru, adin aro, toki eta giro askotan, gainera.

Beasaingo Gruas GH enpresan, adibidez, jostailuak bildu dituzte hango langileek eta arduradunek. Gurutze Gorriak eta Adecco erakundeak kanpaina bat abian dute eskualde osoan, eta horrekin bat egin du GHk. Behar gorrian diren familietako haurrei emango dizkiete gero erakunde horiek jasotakoak, edo haientzat erositakoak.

Azoka Legorretan

Gabon egunean, bihar, eskean ibiliko diren taldeek askotariko helburuak izango dituzte buruan, diru-sos batzuk poltsaratzeko. Gizarteko saminak edo bizilagunen beharrak arintzeko.

Igandean, berriz, Legorretan izango da Elkartasun Azoka. 11:00etatik 14:00etara, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte, plazan. Herriko elkarteek pintxoak eta sagardoa banatuko dute, eta 14:00etan produktuz beteriko saski bat zotz egingo dute.

Egitasmoarekin bildutako dirua garapen bidean den herrialderen batean lankidetza-proiektu bat finantzatzen laguntzeko izango da.

Elikagai Bankuak bilketa dei berezia egin du Legorretan, egunotarako. Bihar bukatuko da, eta hainbat lehentasun ezarri ditu, herritarrei hauek eraman ditzaten eskatuta: esnea, gailetak, azukrea, haurren pixoihalak, olioa, kontserbak edota txokolate hautsa. Aldiz, elikagai galkorrak eta edari alkoholdunak ez uzteko ere gogoratu du.

Igandeko Elkartasun Azoka girotzeko, bezperan, larunbatean, haur jolasak izango dira Legorretako plazan, 17:00etan.

Gabonetan, kantu eskean

$
0
0

Gabon_eskea___Zaldibia

Bihar goizean erronda ugari egingo dira Goierriko herrietan. Asko kaleetan barrena ibiliko dira kantuan, eta beste asko, auzoetara eta baserrietara joango dira gabon eskean

Gabon giroa nabaritzen da jada Goierrin. Kaleetan zehar Gabonetako kantuak entzun daitezke, haurrek eskolak amaitu dituzte eta oporretan daude, bazkari eta afarietarako janaria erosten ikus daiteke jendea nonahi, baita opariak eskuan dituztela ere. Garai hauetan horren esanguratsuak diren argiak ere piztuta daude zenbait herritan.

Eta bihar, gabon gauaren aurreko orduetan, kantu eske ugari egingo dituzte, herrietako kaleak eta baserriak kantuekin betez. Iluntzean, Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diete hainbat herritan, baita opariak banatu ere batzuetan. Hala ere, gehienetan ostiral goizera arte itxaron beharko da Olentzerok opariak ala ikatza ekarri duen jakiteko: urtean zehar zintzo portatu denarentzako opariak, besteentzako ikatza.

kantu eske

Aritz Lasaren agurra

$
0
0

Aritz Lasak azken partida jokatu zuen atzo Aspe enpresarekin. Arrasateko Santamasetako jaialdian, Xabier Erostarbe herrikidearekin, Mendizabal III eta Tolosaren aurka jokatu zuen. Partida polita jokatu zuten. Urretxuarrek 19 eta 22 galdu zuten. Urretxuar eta zumarragar asko joan ziren partida ikustera eta bi kartel jarri zituzten. Harmailen atzealdean ‘Kalen ta kantxan, Aritz beti txapeldun’ ziona eta atzeko horman ‘Mila esker Aritz Lasa’ ziona. Partida amaieran Lasak zaletu guztien txalo zaparrada jaso zuen. Gurasoei, neskalagunari eta lagunei eskerrak eman zizkien. Horra hor partidako argazkiak.

 


Olentzero, azken jentila

$
0
0

Olentzero_BadatorEsanahi eta forma asko izan ditu Olentzero edo Olentzarok: enborra, urte-garaia, ura, ogia edo giza-irudia.

Gizaldien joanean, lausotu egiten da ospakizunen esanahia; pertsonaien izaera; gertakizunen arrazoia. Kontzientzia kolektiboan geratu diren ohiturak, kondairak eta usadioak izan daitezke jatorrizko mamiaz zerbait jakiteko bidea. Irakurtzen jakin behar; antropologoen betaurreko bereziekin, Gabon garaiko kosmobisioaren zertzelada batzuk ikus daitezke.

Olentzero da euskal kulturako pertsonaia berezienetako bat. Gizakia baino lehen, ordea, garai bat izendatzen zuen; baita beste elementu batzuk ere.
Joxemiel Barandiaran antropologo ataundarrak 1914 inguruan jaso zuen Olentzaroren —Olentzero, Onentzaro, Orentzaro, Orantzaro, Onontzaro aldaerak ere erabili izan dira Euskal Herrian— ipuina.

«Aralarren bada Martxabaleta izeneko gaintxo zelai bat. Han, aspaldi, jai arratsalde batez, jentilak dantzan zebiltzalarik, laino argi bat ostrian sortaldetik zetorkiela ikusi omen zuten. Ba omen zen beren txabolan jentil zahar bat ostri eta izarren berri zekiena. Atera omen zuten zelaira eta laino argiari begira jarri. Orduan, zaharrak hauxe esan omen zien: ‘Nire umeok! Kixmi jaio duk, eta gureak egin dik, gure askazia galdua duk; ez diat gehiago bizi nahi eta hor, mailoan behera, amil nazazue», kontatu zuen Barandiaranek Tolosan, 1973ko Gabon aurreko hitzaldian.

Amildu zuten jentil zahar jakintsua, eta malkarrean hil zen. Gero, beste jentilak, lainoagatik ihesi, Arraztarango armuran harrizko estalki handiaren azpian sartu omen ziren. «Han dago oraindik haien hilobia, Jentilarri», Aralarko trikuharri bati buruz. Denak ez ziren sartu.

Olentzero, berri emaile

Jentilen artetik alde egin eta bailarara jaitsi zen azken izaki hura, kristo jaio zela oihu eginez. «Oraindik ere herri askotan Gabon gauez agertzen omen da, diotenez, berri hori emanez», dio Barandiaranek, artzainei jasotako istorioan.

Segurako kondairak dioenez, Aretzamendi inguruko jentilek ikusi zuten Kixmiren edo kristoren laino argi hura, eta Balenkalekuko trikuharriaren azpian sartu ziren. Han ere batek ihes egin zuen, berri emateko jaisteko: Olentzerok.

«Olentzero dugu, dirudienez, esaundetan ageri zaigun jentila edo mairua, Kristoren iragarlea, alegia. Hemen lehenengo izan dugun periodista eta Euskal Herrian lehenengo misiolari», dio Barandiaranek, umorez.

Giza-irudiko berriemaile tankeraz gain, baditu Olentzerok beste forma edo esanahi batzuk ere. XVII. mendean, adibidez, Gabon gaua eta bere inguruko garaia izendatzen zuten Onentzaro izenez, Lezon.

Gabon zuzia, gabon sua

Gabon gauean, Euskal Herrian oso zabaldua zegoen sutan subila deituriko enborra jartzea. Subilaroa, izan ere. Olentzero-enborra edo Gabonsubila zen; Zegaman, gabon-zuzia. Subil horri, Gabon gauan sutan egon zelako, indar berezia egozten zioten. Ke-zulotik jaitsita, Olentzero begi gorri edalea ere haren ondoan berotzen zen.

Barandiaranen eta beste hainbat antropologoren iritziz, Olentzero-enborraren ezaguera pertsonaiarena berarena baino lehenagokoa da, Euskal Herrian. Gabonetan ebakitako ogi zatia hurrengoak arte gordetzeko ohitura ere bazen; edo Gabonzaharretan ura hartzea.

Oihulari edo iragarle; urte garaia edo pertsonaia; enborra; ogia; ura. Esanahi asko izan dituen arren, denak estimatuak.

13,7 milioi euroko aurrekontua onartu du Zumarragako Udalak 2016rako

$
0
0

Aste honetan egin den ezohiko bilkuran onartu dira 2016ko udal aurrekontuak Zumarragako Udalean. PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin (10) onartu dira. EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziek (3), berriz, abstentzioa bozkatu dute. 13.713.672 euroko aurrekontuak dira, eta horietatik 2,3 milioi erabiliko dira inbertsiorako. «Ez dira gure aurrekontuak, baina gure programako puntu asko kontuan hartu dira», adierazi du Iñigo Peñagarikano jeltzaleak, aldeko botoa azaltzeko.

Mikel Serrano alkatea gustura agertu da «aspaldiko partez» ez delako aurkako botorik izan. Horrez gain, lau alderdiek nabarmendu eta eskertu dute aurrekontuak osatzeko batzordean izandako «kordialtasuna».

Baditu hainbat berrikuntza 2016ko aurrekontuak. Batetik, orain arte Zumarraga Lantzen elkartearen gastuak eta diru sarrerak zirenak udalarenak izango dira aurrerantzean. Izan ere, aurrekontuak onartu aurretik Zumarraga Lantzenen disoluzioa onartu zuen udal taldeak aho batez. Ondorioz, aurrentzean udalaren eskumenekoak izango dira Zelai Ariztiko aparkalekuaren edota Antioko interpretazio zentroaren kudeaketa, besteak beste.

Bestetik, orain arte egon ez diren diru partida batzuk aurrikusi dira: 30.000 euro herritarren partaidetzarako, eta 3.000 euro giza larrialdietarako laguntzetarako. Bi diru partida berri horiek harrera ona izan dute udaleko alderdi guztien artean.

Datorren urteko aurrekontuen «izaera soziala» nabarmendu du Serranok. %2,5eko igoera izan du gizarte zerbitzuen atalak. Giza larrialdietarako 3.000 euroko diru partidaz gain, gizabanakoentzako diru laguntzetarako partida handitu dute 75.000 eurotik 100.000 eurora. «Sozialistak gara, eta gure leloa da gutxien dutenek ez luketela gehien sufritu behar».

Jubilatuen etxea berrituko dute

Serrano harro dago, bestalde, Eusko Jaurlaritzatik lortutako diru kantitateagatik: 1,2 milioi euro. «PSE-EEren eta EAJren arteko sintonia onaren emaitza izan da». Zati handiena jubilatuen etxea erabat berritzeko izango da: 850.000 euro. Ospitalerako bidea hobetzeko 200.000 euro erabiliko dira. Bestalde, Soraluze eta Legazpi kaleen peatonalizazio proiektua garatzeko izango dira 50.000 euro.

Eusko Jaurlaritzarekin ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere lortu du akordioa udalak, GI-632 errepidean bulebarizazio lanak egiteko. Hainbat fasetan, errepidea estutuko dute, bidegorria jarri, zuhaitzak landatu… Errepidea herrian «integratzea» eta kamioien trafikoa Deskargara bideratzea dira helburuak.

Bestalde, ekonomiaren sustapenerako eta tokiko garapenerako diru partida ia hirukoitza izango da 2016an: 53.850 eurotik 151.950 eurora igoko da. Enpresetako enplegurako berrikuntza ekintzak eta tokiko merkataritza sustatzeko plan baten garapena aurrikusten dira aurrekontu horren barruan, besteak beste. «Lokalaren aldeko apustua egin dugu: geurea garatu eta balioan jarri, kanpokoentzako ere erakargarriagoak izateko», azaldu du Rosa Maiza sozialistak.

Abstentziorako arrazoiak

Unai Orbegozok, Irabaziko zinegotziak, hainbat arrazoi eman ditu aurrekontuen aldeko botorik ez emateko. Onartu ezin dituzten bi «marra gorri» aipatu ditu. Batetik, soldatetara bideratutako kapitala: «gutxiago izan beharko litzateke». Bestetik, «etxebizitza hutsen arazoa» konpondu bitartean, etxebizitza berriak egiteko proiektuak geratzea beharrezkoa dela uste du.

EH Bilduren ustez hainbat hutsune ditu 2016ko aurrekontuak, batez ere, euskara, hezkuntza eta gazteriaren atalean. Hala ere, aldeko botoa ez eman arren, «konfiantza botoa» eman dio EH Bilduk udalari, eta unean uneko akordioetara iristeko borondatea erakutsi du. Borondate bera erakutsi du Irabazik ere.

Zumarragako Udalak alokairu sozialera bideratuko ditu 20 etxebizitza

$
0
0

Zumarragako Udalak bere jabetzakoak diren 20 etxebizitza bideratuko ditu alokairu sozialera. Beren egoera ekonomiko edo sozialagatik alokairuko etxebizitzen merkatu librean sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei etxebizitza baldintza «duinak» eskaintzea da helburua.

Lehenengo fasean hamalau etxebizitza jarriko dituzte alokairuan, eta itxaron zerrenda bat osatuko da izena ematen dutenekin. Itxaron zerrenda hori erabiliko dute etxebizitza sozial baten beharra dutenen eskaera erreala kalkulatzeko. Urtarrilaren 18ra bitartean aurkez daitezke eskariak, udaletxean.

Alokairuan jarriko den etxebizitza bat gizarte larrialdietarako izango da. Arrazoi ezberdinengatik bere ohiko etxebizitza utzi beharra suertatzen zaien familientzat erabiliko da. Adibidez, sute bat gertatu delako.

Lehenengo faseko gainontzeko hamahiru etxebizitzak honela banatuko dira: bat erabilera partekaturako, lau guraso bakarreko familientzat, hiru 36 urtez azpiko bikote edo familia gazteentzat, bi gutxiengo etnikoentzat eta hiru kupo orokorrerako.

Bete beharreko baldintzak
Alokairu sozialeko etxebizitza eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira: azken bost urteetan Zumarragan erroldatuta egotea, gutxienez bi pertsonako familia izatea —etxebizitza partekaturako eskaeretan izan ezik—, etxebizitza baten titularra ez izatea eta Etxebiden izena emanda egotea, besteak beste. Baldintza ekonomikoei dagokienez, familia osoak gehienez 20.000 euroko irabaziak eduki beharko ditu urtean.

Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileekin itxaron zerrenda osatuko da, eta puntuazio altuenetik behera hasiko dira etxebizitzak esleitzen. Hasiera batean urtebeteko kontratua egingo da, berritzeko aukerarekin, eta hileko errenta 165 eurokoa izango da.

Kantxan eta kalean, txapeldun

$
0
0

Aritz Lasa pilotari urretxuarrak zazpi urte igaro ditu profesionaletan. Kantxan maila oso ona emateaz gain, jarrera eredugarria erakutsi du beti lankideekin, zaletuekin eta kazetariekin.

Aritz Lasa urretxuarrak Aspe enpresarekin azken partida jokatu zuen asteartean Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Urretxutik eta Zumarragatik lagun asko joan ziren, eta bi pankarta jarri zituzten. Atzeko hormakoak Eskerrik asko, Aritz Lasa zioen, eta harmailetan jarri zutenak Aritz Lasa, kantxan eta kalean beti txapeldun. Bete-betean asmatu zuten. Izan ere, Lasa pilotari oso ona da, baina pertsona bezala egin ditu tanto onenak. Hala, koadroko gainontzeko pilotariek, zaletuek eta kazetariek txalo zaparrada hunkigarria eskaini zioten partida amaieran. Eskerrik asko, Aritz, urretxuarrak eta zumarragarrak horren ondo ordezkatzeagatik.

Azken partida etxetik kanpo eta astearte buruzuri batean izan arren, Lasak agur-festa polita izan du. Arrasaten santamasak ospatzen ari ziren eta frontoia bete egin zen. Gainera, Urretxutik eta Zumarragatik lagun asko joan ziren.

Lasak Xabier Erostarbe herrikidearekin jokatu zuen. Erostarbek pilotakada ederrak jo zituen, eta Lasak tanto eder askoak egin ere bai; baina ez zen nahikoa izan partida irabazteko. Urretxuarrek 19 eta 22 galdu zuten Mendizabal III.aren eta Tolosaren aurka.

Partida amaieran, zaletuek txalo zaparrada eskaini zioten Lasari. Askok berarekin argazkiak atera zituzten eta kazetari eta argazkilari guztien eskaerei ere men egin zien: galderak erantzun, bere omenez jarritako kartelaren ondoan argazkiak atera, gainontzeko pilotariekin argazkiak atera…

Urretxuarra esker oneko ageri zen. «Ez zen erraza, baina gaur ere disfrutatzea lortu dut. Hasieran urduri nengoen, eta urte hauetan guztietan bizitako une asko pasa zaizkit burutik, baina egindako lanarekin gustura nago. Partida polita atera da eta bukatzeko ez dago gaizki. Agurra Urretxun ez izanaren pena dut, baina lagunek ez dute inoiz kale egiten. Hona etorri diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Eta, bereziki, gurasoei eta neskalagunari».

Orain, aurrera begiratzeko garaia da. «Nire ustez, denborarekin hobeto baloratuko dut zazpi urte hauetan egindakoa. Gustura nago, azken egunera arte ehuneko ehun eman dut. Egun batzuetan atseden hartuko dut eta, ondoren, etorkizunean zer egin erabakiko dut».

Guztiek onena opa diote etorkizunerako. «Lankide oso ona da eta aldagelan giro ona jartzen du. Gainera, urte oso onak izan ditu», esan zuen Kepa Peñagarikanok.

Azpeitiko pilotariak —gaur egun pilota hautatzailea— hiru urte eman zituen Aspe enpresan Lasarekin. «Hiru urte horietan asko jokatu genuen elkarrekin. Gainera, biok Tolosan entrenatzen genuen. Aurrelari ikusgarria da, tantoak bukatzen dituena, eta hori atzelarioi asko gustatzen zaigu».

Bere jarraitzaile sutsuena

Zaletuen artean ere arrastoa utzi du. Ez dute ahaztuko. Bere jarraitzaile sutsuenetako bat Iñaki Kerejeta urretxuarra da. Lasaren partida ia guztiak ikusi ditu. «Beti aurkitu dut norekin joan. Partida gehienak Ramon Aztiriarekin, Andres Calzadarekin eta Jose Antonio Aldamarekin ikusi ditut. Euskal Herriko pilotaleku gehienak ezagutu ditugu, eta Euskal Herritik kanpo ere egon gara. Ozkabarten (Errioxa, Espainia), adibidez, Asier Olaizolaren aurka jokatzen ikusi nuen».

Partida gogoangarri asko ikusi ditu, baina bi gogoratzen ditu, batik bat: Jorge Nagoreren aurka irabazi zuen lau eta erdiko txapelketako finala, eta Beroizen aurka irabazi zuen Bigarren Mailako buruz buruzko txapelketako finala.

Pilotari bezala ez ezik, pertsona bezala ere miresten du. «Berandu samar salto egin zuen profesionaletara, baina maila polita eman du. Pertsona bezala oso jatorra da. Pertsona ona».

Pilota utzi duelako, Kerejetak pilotalekuetara joateari utziko al dio? «Ez, ez! Hemendik aurrera Xabier Erostarberen partidak ikustera joango naiz. Bizilaguna dut, gainera! Xabi ere aurrera aterako da. Gaztea da eta oraindik asko ikasiko du. Pilotari ona da». Eta mutil jator askoa Erostarbe ere!

Lazkaoko Udalak 2016. urterako 7,2 milioiko aurrekontua onartu du

$
0
0

Herenegun iluntzeko osoko bilkuran onartu zuen Lazkaoko Udalbatzak udalaren 2016rako aurrekontua. Guztira 7.210.939 euroko diru saila zehaztu du EAJk gidatutako udal gobernu taldeak. Alderdi jeltzalearen aldeko botoekin onartu zen; EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Ez da inbertsio handirik edo berririk aurreikusten. «Ez da aurrekondu zabaltzailea», aipatu zuen Felix Urkola alkateak. Dagoenari «balioa emateko» politika lehenetsi du udalak; hala, mantentze edo garbiketa lanetarako bideratu ditu hainbat sail.

Atalka, kulturak 567.770 euro izango ditu; hezkuntza eta euskarak 362.540; zerbitzuek 1.947.145, hirigintzak 711.427; gizarte zerbitzuek 440.000, Udaltzaingoak 281.242; kirolerako 1.148.000 euro; administrazio orokorrerako 961.000; eta goi karguetarako 122.635 euro.

Proiektuak bideratzen

2016ko aurrekontuan, proiektuak idazteari eta bideratzeari emango zaio garrrantzia. «Proriektuak edukitzea beharrezkoa da, bestela aukerarik ez dagoelako. Bestea, dagoen balioa balorean jartzea da», dio alkateak.

EH Bilduk salatu zuen batzordeak «informatzaileak soilik» bihurtu direla. Gastu arruntaren gehikuntza kritikatu zuen Azeari Andonegi bozeramaileak, eta diru sail batzuk kendu izana, langabetuen zuzeneko kontratazioarena, adibidez.

‘Stihl Timbersports’ egur mozte ikuskizuna egingo dute igandean plazan

$
0
0

Aizkorarekin, motozerrarekin eta trontzarekin egiten den ikuskizuna da. Polonian jokatutako munduko txapelketan zazpigarren geratu zen taldeak egingo du erakustaldia, 12:00etan

Euskal Herrian ohituak gaude aizkora erakustaldi luzeetara. Pago egurra erabiltzen da hemen normalean, egur gogorra, mozteko lanak ematen dituena. Igandean Zumarragako Euskadi plazan egingo dute erakustaldia, ordea, erabat ezberdina izango da: azkarra, bizia eta makal egurrarekin, askoz bigunagoa. Stihl Timbersports izena du ikuskizunak, eta mundu mailan egiten da. 12:00etan hasiko da.

Txapelketak ere antolatzen dituzte, eta, hain zuzen, munduko taldekako txapelketan zazpigarren postua lortu zuen boskoteak eskainiko du igandeko erakustaldia: Daniel Vicente, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, eta Ernesto Herrero eta Abel de Vicente soriarrak (Espainia). Polonian jokatu zen munduko txapelketa.

Trontzak, motozerrak eta aizkorak erabiliko dituzte ikuskizunean, eta sei proba egingo dituzte. Lehenengo, motozerra txiki batekin enbor bati bi ebaki egin beharko dizkiote, goitik behera eta zeharrera. Bigarren, lau metroko altueran enborra aizkoraz moztu eta jaitsi beharko dute. «Proba hau minutua baino gutxiagoan egiten dute, oso azkar, eta horrek ematen dio ikusgarritasuna», azaldu du Xabier Zaldua Zumarragako aizkolariak.

Hirugarren eta laugarren proban zutikako eta etzandako enbor bana moztu beharko dituzte, aizkoraz. Bosgarren proba, berriz, berezia izaten da: trontzarekin mozten dute enborra, baina trontza pertsona bakarrak erabiltzen du, eta ez biren artean. Eta, azkenik, seigarren proban, 40 kilo inguruko motozerra handi batzuekin hiru korte eman beharko dizkiote enborrari. «Motozerra horiek 60 zaldiko indarra dute, eta zortzi segundoan egiten dute proba».

Ikusgarria, abiaduragatik

Zalduaren esanetan, proba «oso bereziak eta ikusgarriak» izaten dira, abiaduragatik; «merezi du ikustea». Aizkora zaleek gozatuko dutela uste du, baina baita ez direnek ere.

Txapelketetan kamioi handi batzuetan ekartzen dute tresneria guztia, eta oholtza baten gainean egiten da erakustaldia. Zumarragakoa, dena den, txikiagoa izango da, eta plazan bertan egingo dute. Enbor guztiak 45 ontzakoak izango dira.

Tolosaldeko hondakinak jasotzen segitzea adostu du Sasietak GHKrekin

$
0
0

Goierriko errefusa eta organikoa hartzeaz gain, Tolosaldekoa ere Beasainera ekarriko dute. Aldi baterako «transferentzia-gunea» jarriko dute. GHK-k hilean 27.000 euro ordainduko dio Sasietari

Sasietako zabortegia itxita dagoen arren, mankomunitateak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak tratua itxi dute Tolosaldeko hondakin birziklaezinak eta organikoak Beasainen hartzeko. Herenegun onartu zuen GHK-k asanbladan akordioa, eta lankidetza-hitzarmena Sasieta Mankomunitatearekin sinatuko du hurrena.

Itun horren arabera, Goierriko eta Tolosaldeko errefusa (birziklatu ezin dena) eta gai organikoa Beasainera eramango dute. Etxeetan sortutako hondakinak izango dira beti ere, atez ateko modura edo edukiontzi bidez bildutakoak.

Sasietak «transferentzia zentro» bat antolatuko du, Beasainen, eta han hartuko dute bi bailaretako 50 udalerrietako zaborra —22 herri Goierrikoak, 28 herri Tolosaldekoak—. Guztira 128.000 bizilagunek etxean sortzen duten hondakina bideratuko dute horrela, bi zatiki horiei dagokiena bakarrik. Urtero 30.700 tona hondakin izango direla kalkulatu dute: 15.400 tona errefusa, eta 15.300 biohondakina edo organikoa.

Behin zentro horretan jasotakoan, ondoren GHK arduratuko da organikoa eta errefusa «unean-unean aukeratuko diren tratamendu-plantetara» garraiatzeaz. Ez dute zehaztu non edo nora eramango duten.

Otsailetik ari da hartzen

Hondakinen transferentzia zerbitzua emateagatik, GHK-k hilean 27.000 euro ordainduko dio Sasieta Mankomunitateari. Zerbitzua «aldi baterako eta behin-behinean» egingo dela Sasietan zehaztu du GHK-k.

Atzeraeragina izango du ordainketa-itunak. Gipuzkoako egunkari baten arabera, Sasieta aurtengo otsailetik ari da Tolosaldeko errefusa eta organikoa hartzen. Hala, aurten 300.000 euro kobratuko dituela zehaztu du hedabide horrek.

Zenbait esparrutan Sasietaren egoera finantzario larria arintzeko neurritzat jo dute akordioa, eta horrek ekarriko dituen diru-sarrerak. Sasietak 1,6 milioi euroko zuloa dauka, hain zuzen, aurreko agintaldian Bilduk eta GHK-k berak —orduan koalizioak berak gidatua— zabortegiaren bizialdia luzatu eta Gipuzkoako hondakinak jasotzeko zuten asmoa udal eta foru hauteskundeen ondoren bertan behera geratu zenean.

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak tranferentzia-estazioaren beharra defenditu du: «Aurreikusitako azpiegiturak abian jartzerakoan izan den atzerapenak —batzuk oraindik eraikitzen hasi ere ez dira egin— eta beste batzuk eraikitzeko plangintzarik ezak, oso eragin kaltegarria izan dute bere garaian egindako programazioan. Ezinbesteko bihurtu dute hondakindegiaren prestazioak transferentzia estazio bidez ematea».

EH Bilduk, bere aldetik, GHKren egoera ekonomiko «larria» erraustegia eraikitzeko egindako «zorpetzearen ondorio zuzena» dela esan du. Ohartarazi du porrot ekonomikoa ekarriko duela erraustegiak.


Asteburua ekitaldiz beteta Goierriko artisten XIV. topaketa Ostadar dantza taldearen jaialdia Pirritx, Porrotx eta Marimotots Igandean, organo kontzertua Zoru sintetikoko izotz pistak Elkartasun azoka igandean Poxpolo eta Konpainia Igartzan kantu errezitaldia Finalistekin bertso saioa

$
0
0

Eguberrietan askok oporrak hartu arren, kultur eskaintzak ez du atsedenik hartuko datozen egunetan. Goierriko hainbat herritan ikuskizun bereziak antolatu dituzte

Eguberriak iristearekin batera opor egunak hartzen dituzte askok, ikastetxe nahiz lantokietan. Goierriko kultur eskaintzak, ordea, ez du atsedenik izango datozen egunetan, eta aisialdiari begira, eskaintza zabala izango da herriz herri. Ez dira faltako umeentzako ohiko jolas, tailer eta parkeak, baina berrikuntzak ere badira; tartean Lazkaon eta Zumarragan jarriko dituzten izotz pistak. Umeekin jarraituz, Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa izango da Ordizian, eta Poxpolo eta Konpainiarena Zumarragan.

Haur eta gaztetxoez gain, helduagoek ere izango dute kultur ekitaldiez gozatzeko aukera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak Ordizian ariko dira kantuan. Ruper Ordorikaren kontzertuak, Goierriko Artisten Topaketak edota Ostadar dantza taldearen jaialdiak osatuko dute datozen egunetako eskaintza.

Goierriko artisten lanen erakusketa ikus daiteke aurten ere Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. 31 artistek parte hartu dute aurtengo topaketan. Urtarrilaren 3ra arte egongo dira goierritarren estilo desberdinetako artelanak ikusgai.

Larunbatean, 19:30etik aurrera, Beasaingo Usurbe Antzokian, Ostadar dantza taldeak urteroko gabonetako ikuskizuna eskainiko du. Urratsak bidegurutzean izenburua jarri diote aurtengo ikuskizunari. Ostadarretik jakinarazi dutenez, historikoki garrantzia izan duten Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat dantza eskainiko dituzte. Aurten, gainera, Beasaingo herriak orokorrean protagonismo berezia izango duela aurreratu dute. Ohi bezala, Goizeresi Txistulari Elkarteko kideek jarriko diote dantzei doinua. Dena den, aurten hainbat abeslari eta musikariren parte hartze berezia izango da dantza emanaldian. Sarrera 5 euro kostako da.

Gabonetako oporretako ohiko ekitaldia izaten da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ordizian eskaintzen dutena. Lazkaoko San Benito, Ordiziako Jakintza eta Beasaingo Andramendi ikastolek Lapurdiko Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko egiten den ikuskizuna izaten da. Dagoeneko 19 urte dira ikastolen arteko elkarlana hasi zela. Aurten, abenduaren 27an izango da eta azken urteetan bezala, bi saio eskainiko dituzte Majori kiroldegian: 16:00etan eta 18:30ean. 7 euroan eros daitezke sarrerak.

Amalur ikuskizun berria eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Baserriaren gaia lantzen dute bertan. Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Marimo bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Baserriko lanetan lagunduko diote denek Ilargiri, haurdun dago eta. Laster jaioko da umetxoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez Organojole elkarteak antolatzen duen Organo Zikloaren barruan, Esther Iñiguez eta Alize Mendizabal organo jotzaileen kontzertua izango da igandean, 19:00etan, Legazpiko elizan. Mendizabal donostiarra da eta Iñiguez beratarra (Nafarroa).

Lazkaon eta Zumarragan zoru sintetikoko izotz pistak dira aurtengo Gabonetako eskaintza berezia. Zumarragan La Salle ikastetxeko pilotalekuan jarri dute izotz pista eta urtarrilaren 8ra arte egongo da bertan irristaldiak egiteko aukera. 14 urtetik beherakoek euro bat ordaindu beharko dute eta gainerakoek bi.

Lazkaon, datorren astean jarriko dute: 28an, 29an eta 30ean, egun osoan, plazako pilotalekuan. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburua du izotz pistak. Lazkaoko Udaletik aurreratu dutenez, 400 metro koadroko pista izango da.

Igandean, 11:00etatik 14:00etara, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte Elkartasun Azokan, plazan. Herriko elkarteek, berriz, pintxoak eta sagardoa banatuko dituzte eta 14:00etan, produktuz beteriko saskia zozkatuko dute. Bildutako dirua garapen bidean den herrialderen bateko lankidetza proiektu bat finantzatzen laguntzeko erabiliko da. Larunbatean, haur jolasak izango dira 17:00etan, plazan.

Poxpolo eta Konpainia pailazoak agur esango dute urtarrilaren 5ean. Aurretik, ordea, herriz herri dabiltza agur ikuskizunak eskaintzen. Igandean, Zumarragako Zelai Ariztin izango dira, 17:30ean. Sarrerak 5 euroan eros daitezke Zelai Ariztiko leihatilan. Larunbatean, 16:00etatik 17:00etara bitartean, eta igandean, 16:00etatik 17:30era. Pertsona bakoitzak ezin izango ditu sei sarrera baino gehiago erosi.

Debora Herrero soprano ordiziarraren eta Jabi Alberdi baritonoaren kantu errezitaldia izango da igandean, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian.

Pianoan, Arantxa Gastesi piano jotzailea ariko da.

Gipuzkoako bertso txapelketa bukatu berria denean, finalean parte hartu duten zortzi finalistekin bertso saioa antolatu du Goierriko Bertso Eskolak. Larunbatean izango da, 18:30ean, Herri Antzokian.

Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira bertsotan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Unai Agirreren hutsunea, Nerea Elustondo legazpiarrak beteko du, Gipuzkoako bertso txapelketako bederatzigarrenak.

Sarrerak egunean bertan salduko dira antzokiko leihatilan, 17:45etik aurrera, 10 euroan.

Beasainen Copycats eta Barracuda taldeak arituko dira

$
0
0

BEASAIN // Copycats garage punk talde granadarrak eta Barrakuda rock talde beasaindarrak kontzertua egingo dute larunbatean. Beasaingo gaztetxean izango da emanaldia, 23:00etan hasita. Sarreraren prezioa bost eurokoa da.

Organikoa ezin da zintzilikarioetan utzi 24an eta 31n

$
0
0

LEGAZPI // Atez ateko sistema erabiltzen duten herritarrek ezin dute zabor organikoa zintzilikarioetan utzi Gabon gauean eta Urtezahar gauean, gau horietan ez baita bilketarik egingo. Legazpiko Udalak atez ateko zabor bilketa sistema erabiltzen duten herritarrek bi egun horietan bi aukera dituztela jakinarazi du: materia organikoa ez atera, edo edukiontzi marroira bota.

Kantu Jirakoak gaur irtengo dira kantuan Beasainen

$
0
0

BEASAIN // Kantu Jirakoek gaur, 17:30ean, dute abesten ateratzeko hitzordua. Ohi bezala, Igartzatik aterako dira. Gaurkoa, dena den, saio berezia izango da: abenduaren 24a izanik, Gabonetako kantuak izango dira kantaldiaren protagonista.

Gaztategi bat hazteko, herri interesa arrazoitu behar dela dio EH Bilduk

$
0
0

Idiazabalen gaztandegi bat handitzeko proiektuak «herritarren artean hainbat kezka» eragin dituela eta, zehaztapen eta eskari batzuk egin ditu herri hartako EH Bilduk. 150 ardirentzat eta turistentzat azpiegiturak eraiki nahi ditu enpresa batek. EH Bilduk esan duenez, hirigintza aholkulariek argudiatu zuten proiektuak ez zuela betetzen eremu hiritarrera eta bizilagunen etxebizitzetara mantendu beharreko tartea. Koalizioak ezezkoa eman zion. «Baina txosten teknikoaren gainetik, udalak obra baimendu dezake, eta horrela egin zuen alkate dekretuz, herriaren interesekoa izan zitekeela argudiatuz».

Orain, «herriaren intereseko» izate hori justifikatuko duen txosten teknikoa eskatu du berriz. Bestetik, kategoria hori emateko «irizpide objektibo eta neurgarriak» finkatu beharra dagoela ere gaineratu du.

Bizilagunekin bilera egiteko ere eskatu du EH Bilduk.

Viewing all 27868 articles
Browse latest View live