Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all 27858 articles
Browse latest View live

Ander Kortaberria garaile Beasaingo kartel lehiaketan

$
0
0

BEASAIN // Olentzeroren etorrera iragartzen duen kartel lehiaketa irabazi du Ander Kortaberriak. Guztira, 575 lan aurkeztu dituzte. Beste ikastetxeetako garaileak hauek dira: La Sallen Maddi Urteaga, Murumendin Irene Dominguez eta Andramendin Amets Zurutuza.


Alokairu sozialera bideratuko ditu udalak herriko 20 etxebizitza

$
0
0

Urtarrilaren 18ra bitarteko epea dago eskaera egiteko. Lehenengo fasean hamalau etxebizitza alokatuko dira. Hileko errenta 165 eurokoa izango da

Zumarragako Udalak bere jabetzakoak diren 20 etxebizitza bideratuko ditu alokairu sozialera. Beren egoera ekonomiko edo sozialagatik alokairuko etxebizitzen merkatu librean sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei etxebizitza baldintza «duinak» eskaintzea da helburua.

Lehenengo fasean hamalau etxebizitza jarriko dituzte alokairuan, eta itxaron zerrenda bat osatuko da izena ematen dutenekin. Zerrenda hori erabiliko dute etxebizitza sozial baten beharra dutenen benetako eskaera kalkulatzeko. Urtarrilaren 18ra bitartean aurkez daitezke eskariak, udaletxean.

Alokairuan jarriko den etxebizitza bat gizarte larrialdietarako izango da. Arrazoi ezberdinengatik beren ohiko etxebizitza utzi beharra suertatzen zaien familientzat erabiliko dute. Adibidez, sute bat gertatu delako.

Lehenengo faseko gainontzeko hamahiru etxebizitzak honela banatuko dira: bat erabilera partekaturako, lau guraso bakarreko familientzat, hiru 36 urtez azpiko bikoteentzat edo familia gazteentzat, bi gutxiengo etnikoentzat eta hiru multzo orokorrerako.

Bete beharreko baldintzak

Alokairu sozialeko etxebizitza eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira: azken bost urteetan Zumarragan erroldatuta egotea, gutxienez bi pertsonako familia izatea —etxebizitza partekaturako eskaeretan izan ezik—, etxebizitza baten jabe ez izatea eta Etxebiden izena emanda egotea, besteak beste. Baldintza ekonomikoei dagokienez, familia osoak gehienez 20.000 euroko irabaziak eduki beharko ditu urtean.

Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileekin itxaron zerrenda osatuko da, eta puntuazio altuenetik behera hasiko dira etxebizitzak esleitzen. Hasiera batean urtebeteko kontratua egingo da, berritzeko aukerarekin. Hileko errenta 165 eurokoa izango da.

Gure Esku Dagok igandean egingo du aurkezpena Zegaman

$
0
0

ZEGAMA // Herriz herri ari dira Gure Esku Dago dinamikako kideak datorren urteko galdeketaren erronkaren aurkezpenak egiten. Igandean izango da Zegamaren txanda. 13:00ean egingo dute aurkezpena, kultur etxean. Ondoren, luntxa egongo da inguratzen direnentzat.

Urretxuko Udalak Aldiri kiroldegiaren ordutegia zabaldu du

$
0
0

URRETXU // Udalak kiroldegiko ordutegia zabaltzea erabaki du. 2016an, 26 igandetan arratsaldez ere irekiko dute: 16:00etatik 20:00etara, urtarriletik apirilera eta urritik abendura. Helburua, haurrei eta beraien gurasoei neguko hilabeteetan aterpea eskaintzea da. Bestalde, udan kiroldegia 08:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara irekiko dute.

Matximentako Joxepa Oiartzabalek, 100 urte

$
0
0

Beasaingo Arangoiti egoitzan bizi den Joxepa Oiartzabal matximentarrak 100 urte bete zituen astelehenean, San Tomas egunean. Aitor Aldasoro alkatea eta Leire Artola zinegotzia Arangoitira gerturatu ziren zorionak, oroigarria eta lore sorta bat eramatera.

Haurrentzako jolasak eta tailerrak antolatu dituzte Urretxun

$
0
0

Datorren astean 11 urte arteko haurrentzako jolasak eta tailerrak egongo dira lizeoan. Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu dituzte, urteroko moduan, Gabonak direla eta.

Haurrentzako jarduerak astelehenetik asteazkenera izango dira. Jolas parkea astelehenean 16:30etik 18:30era eta asteartean eta asteazkenean 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era irekiko dute.

Bi urtetik laura artekoentzat Txiki Txoko izenekoa egongo da. 4-11 urtekoentzat, berriz, tailerrak eta puzgarriak egongo dira.

Sarrerak

Sarrerak 2,50 euro balio du, goiz edo arratsalde bakoitzeko. Egun osorako sarrerak eskuratu nahi dituztenek 4 euro ordaindu behar dute.

Apustua eta herri kirol saioa izango da Zegamako frontoian, larunbatean

$
0
0

Joxe Mari Esnaola eta Joxe Mari Arakama zegamarrak egingo dute desafioa: 400 euro daude jokoan. Tartaloetxek urtero egiten du presoen sakabanaketaren amaiera eskatzeko ekitaldia

Urte amaiera gerturatzen ari da, eta garai hauen bueltan urtero egin ohi dute Zegaman presoen sakabanaketaren amaiera eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko elkartasun ekitaldia. Aurten, larunbatean izango da ekitaldia, 18:00etan.

Aizkora desafioa egingo dute Joxe Mari Esnaola eta Joxe Mari Arakama zegamarrek: Esnaolak zutik ebakiko du enborra, eta Arakamak, berriz, ohiko eran. Bi oinbiko enbor azkarren ebakitzen dituena izango da apustuaren garailea. Apustuan 400 euro daude jokoan.

«Gabon inguruan beti antolatzen du Tartalo Etxe elkarteak ekitaldiren bat sakabanaketaren amaiera eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko», azaldu du taldeko kide Imanol Garmendiak. Hasiera batean ez zeukaten argi zer egingo zuten aurten. Ideia batzuei bueltaka zebiltzala, ordea, herriko bi lagun elkar zirikatzen hasi ziren: «Elkar zirikatzen hasi, eta horrela sortu zen desafioaren ideia», adierazi du Garmendiak.

Herri kirol saio berezia

Larunbatean 18:00etan hasiko da pilotalekuan herri kirol saio berezia. Esnaolaren eta Arakamaren desafioaz gain, herri kirol erakustaldi gehiago ere izango da. Hain zuzen ere, harri eta lasto jasotzaileak ikusteko aukera izango da Zegamako pilotalekuan. Jon Unanue Goenatxo III azkoitiarra izango da harria jasotzen, eta lastoa altxatzeko lanak, berriz, Andde Arbenoiz urruñarrak (Lapurdi) egingo ditu.

Bertsolariak ere izango dira aldarrikapen jaialdiari umore puntua jartzen. Iker Zubeldia zegamarra eta Aratz Igartzabal gabiriarra izango dira bertsoen bidez frontoiko giroa alaitzeaz arduratuko diren bertsolariak.

Sakabanaketaren eraginak

Sarrera hamar eurokoa izango da eta lortutako diru guztia sakabaneketak eragiten dituen gastuei aurre egiteko erabiliko da. Jendea gerturatzeko gonbita egin du Garmendiak: «Jendea animatuko dela espero dugu». Bestalde, urteroko ohiturari helduz, gaztaina jana egingo dute Urte Zahar egunean. Iluntzean elkartuko dira euskal presoen etxeratzea eskatzeko.

Onena opatzeko feria

$
0
0

Datozen egunei begira jakiak eta opariak erosteko pare-parean egokitu da neguko lehen feria. Produktu aldetik nobedaderik ez da izan.

Gabon jaiak gainean dira, eta gustuko izan ala ez, marka berezia duten egunak direla ezin ukatu, betiko feria lagunen artean ere antzematen zen. Ongi nahia opatzearena ahoz aho zebilen: «Osasuna izan dezagula, ferian nahita ere erosi ezin genezakeena». Umore punttuko esaldi filosofikoak ez dira falta izaten horrelakoetan.

Deigarritasunen artean, lore postuak batetik Ponsetia edo Pazko lorea esanez ezaguna dena. Urtetik urtera kolore aukera zabaltzen ari bada ere, hostaje gorriduna da nagusitzen dena, 4,5-6,5 euro artean salgai ziren. Bestetik kuia edo kalabaza eder askoak, tronpeta motakoa Maite Nazabal Baliarraingo Gorostartzukoak zuen. «Pisuak 15 kilo pisatzen ditu gehienez, hortik gora dago». Diametroa, berriz, 86 zentimetrokoa.

Menuen joeraren eragina

Barazkien aldeko joera handirik ez duela jendeak egun hauetan aitortzen digute saltzaileek. «Letxugak haragiari laguntzeko, baina inork gutxi lan gehixeago ematen duten bestelako barazkiak erosten». Garai batean, ohikoak ziren kardua edota konpotak ere arrakasta handirik ez dute izaten. Inork mikologia kapritxorik balu, Ordizian freskorik ez dago, baina bai onddoak oliotan edota lehortuak aukeran. Azken horiek ez dira maiz izaten aukeran, eta oraindik joera handirik ez du berezoak hauek prestatzeko. Deshidratatzeak mermatze handia dakar eta ondorioz 100 gramoko poltsa 8 euroan dago salgai.

Arkumeari dagokionez, oraintxe prezioa gorenean du, baina ez nahikoa hortaz duin bizitzeko, artzain eta arkume ekoizleen iritziz. Garsabi elkarteak emandako datuen arabera, eta hilaren 26a bitarte, kiloa 4,80 euroan gehi BEZa izango da prezioa, bizirik pisatuta.

Datorren astean Gabonetako feria berezia izango da, urteari errematea emateko.


Stihl Timbersports ikuskizuna egingo dute igandean Zumarragan

$
0
0

Euskal Herrian ohituak gaude aizkora erakustaldi luzeetara. Pago egurra erabiltzen da hemen normalean, egur gogorra, mozteko lanak ematen dituena. Igandean Zumarragako Euskadi plazan egingo dute erakustaldia, ordea, erabat ezberdina izango da: azkarra, bizia eta makal egurrarekin, askoz bigunagoa. Stihl Timbersports izena du ikuskizunak, eta mundu mailan egiten da. 12:00etan hasiko da.

Txapelketak ere antolatzen dituzte, eta, hain zuzen, munduko taldekako txapelketan zazpigarren postua lortu zuen boskoteak eskainiko du igandeko erakustaldia: Daniel Vicente, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, eta Ernesto Herrero eta Abel de Vicente soriarrak (Espainia). Polonian jokatu zen munduko txapelketa.

Trontzak, motozerrak eta aizkorak erabiliko dituzte ikuskizunean, eta sei proba egingo dituzte. Lehenengo, motozerra txiki batekin enbor bati bi ebaki egin beharko dizkiote, goitik behera eta zeharrera. Bigarren, lau metroko altueran enborra aizkoraz moztu eta jaitsi beharko dute. «Proba hau minutua baino gutxiagoan egiten dute, oso azkar, eta horrek ematen dio ikusgarritasuna», azaldu du Xabier Zaldua Zumarragako aizkolariak.

Hirugarren eta laugarren proban zutikako eta etzandako enbor bana moztu beharko dituzte, aizkoraz. Bosgarren proba, berriz, berezia izaten da: trontzarekin mozten dute enborra, baina trontza pertsona bakarrak erabiltzen du, eta ez biren artean. Eta, azkenik, seigarren proban, 40 kilo inguruko motozerra handi batzuekin hiru korte eman beharko dizkiote enborrari. «Motozerra horiek 60 zaldi dituzte, eta zortzi segundotan egiten dute proba».

Ikusgarria, abiaduragatik

Zalduaren esanetan, «proba oso bereziak eta ikusgarriak izaten dira, abiaduragatik; merezi du ikusteak». Aizkora zaleek gozatuko dutela uste du, baina baita aizkora zale ez direnek ere. Txapelketetan kamioi handi batzuetan ekartzen dute tresneria guztia, eta taula baten gainean egiten da erakustaldia. Zumarragakoa, dena den, txikiagoa izango da, eta plazan bertan egingo dute. Enbor guztiak 45 ontzakoak izango dira.

Ikuskizuna nolakoa izango den ideia bat egiteko, ikusi Australiako munduko txapelketako bideoa:

Goierrin gabonetako asteburua ekitaldiz beteta dator

$
0
0

 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Goierriko kultur eskaintzak ordea, ez du atsedenik izango datozen egunetan, eta aisialdiari begira, eskaintza zabala izango da herriz herri.

Ez dira faltako umeentzako ohiko jolas, tailer eta parkeak, baina berrikuntzak ere badira; tartean Lazkaon eta Zumarragan jarriko dituzten izotz pistak. Umeekin jarraituz, Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa izango da Ordizian, eta Poxpolo eta Konpainiarena Urretxun.

Haur eta gaztetxoez gain, helduagoek ere izango dute kultur ekitaldiez gozatzeko aukera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak Ordizian ariko dira kantuan. Ruper Ordorikaren kontzertuak, Goierriko Artisten Topaketak edota Ostadar dantza taldearen jaialdiak osatuko dute datozen egunetako eskaintza.

Goierriko artisten topaketa. Arg.: Juantxo Unanua.

Goierriko artisten topaketa. Arg.: Juantxo Unanua.

Beasain: Goierriko artisten XIV. topaketa
Goierriko artisten lanen erakusketa ikus daiteke aurten ere Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. 31 artistek hatu dute parte aurtengo topaketan. Urtarrilaren 3ra arte egongo dira goierritarren estilo desberdinetako artelanak ikusgai.

Ostadar dantza taldea

Beasain Ostadar dantza taldearen jaialdia
Larunbatean, 19:30etik aurrera, Beasaingo Usurbe Antzokian, Ostadar dantza taldeak urteroko gabonetako ikuskizuna eskainiko du. Urratsak bidegurutzean izenburua jarri diote aurtengo ikuskizunari. Ostadarretik jakinarazi dutenez, historikoki garrantzia izan duten Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat dantza eskainiko dituzte. Aurten, gainera, Beasaingo herriak orokorrean protagonismo berezia izango duela aurreratu dute. Ohi bezala, Goizeresi Txistulari Elkarteko kideek jarriko diote dantzei doinua. Dena den, aurten hainbat abeslari eta musikariren parte hartze berezia izango da dantza emanaldian. Sarrera 5 euro kostako da.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

 

Ordizia: Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Gabonetako oporretako ohiko ekitaldia izaten da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ordizian eskaintzen dutena. Lazkaoko San Benito, Ordiziako Jakintza eta Beasaingo Andramendi ikastolek Lapurdiko Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko egiten den ikuskizuna izaten da. Dagoeneko 19 urte dira ikastolen arteko elkarlana hasi zela. Aurten, abenduaren 27an izango da eta azken urteetan bezala, bi saio eskainiko dituzte Majori kiroldegian: 16:00etan eta 18:30ean. 7 euroan eros daitezke sarrerak Majori kiroldegian bertan.

Amalur ikuskizun berria eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Baserriaren gaia lantzen dute bertan. Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Marimo bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Baserriko lanetan lagunduko diote denek Ilargiri, haurdun dago eta. Laster jaioko da umetxoa.

Alize Mendizabal

 

Legazpi: Igandean, organo kontzertua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez Organojole elkarteak antolatzen duen Organo Zikloaren barruan, Esther Iñiguez eta Alize Mendizabal organo jotzaileen kontzertua izango da igandean, 19:00etan, Legazpiko parrokian. Mendizabal donostiarra da eta Iñiguez beratarra (Nafarroa).

Izotz_pista_Zumarragan

 

Lazkao-Zumarraga: Zoru sintetikoko izotz pistak
Lazkaon eta Zumarragan zoru sintetikoko izotz pistak dira aurtengo gabonetako eskaintza berezia. Zumarragan La Salle ikastetxeko pilotalekuan jarri dute izotz pista eta urtarrilaren 8ra arte egongo da bertan irristaldiak egiteko aukera. 14 urtetik beherakoek euro bat ordaindu beharko dute eta gainerakoek bi.

Lazkaon, datorren astean jarriko dute: 28an, 29an eta 30ean, egun osoan, plazako pilotalekuan. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburua du izotz pistak. Lazkaoko Udaletik aurreratu dutenez, 400 metro koadroko pista izango da.

Elkartasun azoka Legorretan

Legorreta: Elkartasun azoka igandean
Igandean, 11:00etatik 14:00etara, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte Elkartasun Azokan, plazan. Herriko elkarteek, berriz, pintxoak eta sagardoa banatuko dituzte eta 14:00etan, produktuz beteriko saskia zozkatuko dute. Bildutako dirua garapen bidean den herrialderen bateko lankidetza proiektu bat finantzatzen laguntzeko erabiliko da. Larunbatean, haur jolasak izango dira 17:00etan, plazan.

Poxpolo eta Konpainia

Zumarraga: Poxpolo eta Konpainia
Poxpolo eta Konpainia pailazoak agur esango dute urtarrilaren 5ean. Aurretik, ordea, herriz herri dabiltza agur ikuskizunak eskaintzen. Igandean, Zumarragako Zelai Ariztin izango dira, 17:30ean. Sarrerak 5 euroan eros daitezke Zelai Ariztiko leihatilan. Larunbatean, 16:00etatik 17:00etara bitartean, eta igandean, 16:00etatik 17:30era. Pertsona bakoitzak ezin izango ditu sei sarrera baino gehiago erosi.

Debora Herrero

 

Beasain: Igartzan kantu errezitaldia
Debora Herrero soprano ordiziarraren eta Jabi Alberdi baritonoaren kantu errezitaldia izango da igandean, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian. Pianoan, Arantxa Gastesi piano jotzailea ariko da.

Gipuzkoako Bertsolari Txap-3

Ordizia: Finalistekin bertso saioa
Gipuzkoako bertso txapelketa bukatu berria denean, finalean parte hartu duten zortzi finalistekin bertso saioa antolatu du Goierriko Bertso Eskolak. Larunbatean izango da, 18:30ean, Herri Antzokian. Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira bertsotan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Unai Agirreren hutsunea, Nerea Elustondo legazpiarrak beteko du, Gipuzkoako bertso txapelketako bederatzigarrenak. Sarrerak egunean bertan salduko dira antzokiko leihatilan, 17:45etik aurrera; 10 euroan.

«Gehien gustatu zaidan liburua Noah Gordon idazlearen ‘El médico’ da»

$
0
0

Maite_IzagirreMaite Izagirrek (Segura, 1971) Merkataritza-kudeaketa eta Marketina ikasi zuen Madrilen eta bere gurasoek duela 35 urte hartutako liburu-dendan lan egiten du. Gaur irekiko duten liburu azokako materiala Mirentxu liburu-dendakoa da.

Zeintzuk dira azken urteetan gehien saldu diren liburuak?

Millennium trilogia eta Cincuenta sombras de Grey. Euskal idazleei dagokienez, Kutsidazu bidea, Ixabel, Amaren eskuak eta Jara asko saldu ziren. Jakoba Errekondoren Bizi baratzea ere oso ondo saldu da.

Gustuko generoa?

Nobela historikoa.

Gustuko idazlea?

Toti Martinez de Lezea.

Liburu bat.

Noah Gordonen El médico.

Zein zaletasun dituzu?

Irakurtzea, noski, eta bidaiatzea.

Ametsetako bidaia.

Greziako irletara itzultzea.

Musika talde bat.

Van Morrison.

Abesti bat.

Van Morrisonen edozein.

Janari bat.

Arroza, edozein eratara.

Edari bat.

Ura.

Oporretarako leku bat.

Hondartza duen edozein herri.

Goierriko txoko bat.

Segurako Madura.

Amets bat?

Nire inguruko denak pozik bizitzea.

Jaso duzun oparirik bereziena.

Nire bi haurren jaiotze egunak.

Gorroto duzuna.

Inbidia.

Beasaingo alkatea bazina…

Herriko merkataritza bultzatuko nuke.

Seguran biziko ez bazina…

Kostaldean dagoen herri batean.

Goierri garaian ere, indarkeria sexistari ez!

$
0
0

Beldur Barik 1Barrez eta alai ageri dira Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko gazteak argazkian. Ez da gutxigorako. Sari ederrak jaso berri dituzte; irudian beraiekin batera agertzen diren Mis Ovarios 33 animazio eta musika taldeko kideek eman dizkiete 250 euroko bi aipamen berezi ,eta 350 euroko bi sari nagusi. Gazteek emakumeenganako indarkeria eta sexuen arteko desberdintasun egoerak salatzeko egin dituzten bideoak izan dira sarituak. Beldur Barik bideo lehiaketa da. Azaroaren 28an banatu ziren erkidego mailako sari nagusiak, baina eskualdeka ere ari dira banatzen sari gehiago. Horiek, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun sailak antolatutakoak dira, eta joan den astean Legazpin ospatu zen Beldur Barik topaketan zehar entregatu ziren.

Lau sari izan dira Goierri garaiko lau herri horietan banatu direnak, guztiak 12 eta 17 urte bitartekoen kategorian. Partaideak, ordea, gehiago: 12 guztira. Lau herriotako gazte ugarik parte hartu du lehiaketan, ikus-entzunezkoen produkzioekin berdintasunaren alde eta emakumeenganako bortxakeriaren aurka beren aletxoa jarriz.

Saritutako lanak

Bi aipamen berezi jaso dituzte Goierri garaiko ikasleek, Legazpiko Haztegi ikastolakoek Purple Melody lanarekin eta Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutokoek Artaziegaz izenekoarekin. Sari nagusietako bat, Urretxu-Zumarragako ikastolako Zer da guretzat berdintasuna? bideoarentzat izan da, eta bestea Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi People izeneko taldeak irabazi du Errausmin bideoarekin.

Lan guztiak ikusteko sakatu hemen.

Zer da?

beldurbarik2011Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da.

Beldur Barik jarrera. Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak aldatzeko konpromisoa.

Beldur Barik lehiaketa. Beldur Barik jarrera agertzeko aukera da. Ikus-entzunezko produkzioen bidez erakutsi behar da neska eta mutilek nola erantzuten duten deseberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei.

Beldur Barik topaketa. Azaroaren 28an egin zen Amurrion (Araba). Han banatu ziren lehiaketako sari orokorrak. Eskualdeka ere egiten ari dira topaketak eta sari-banaketak.

Goierriko 19 talde lehian. Beasaindik 4 bideo aurkeztu dira, Ezkio-Itsasotik 1, Lazkaotik 1, Legazpitik 2, Ordiziatik 1, Urretxutik 9 eta Zegamatik 1.

Plaza bete jende ‘Stihl Timbersports’ ikuskizunaz gozatzen

$
0
0

Motozerra hotsak hartu zuen atzo Zumarragako Euskadi plaza. Stihl Timbersport izeneko ikuskizuna eskaini zuten: egur mozte erakustaldi bat izan zen, motozerrak, trontza eta aizkorak erabilita. Munduko txapelketan zazpigarren geratutako taldeak eman zuen ikuskizuna: Daniel Vicente, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, eta Ernesto Herrero eta Abel de Vicente soriarrak (Espainia).

Plaza jendez bete zen, eta ikusmiraz begiratzen zuten erakusktaldia. Izan ere, Euskal  Herrian ohituak gauden egur mozte erakustaldiak baino azkarragoa zen atzokoa. Proba bakoitzak minutu bat baino gutxiago irauten zuen, baina abiadurak egiten zuen ikusgarri.

Publikoa entretenitzeko, probatik probara, hainbat irudi egin zituzten motozerrarekin: zaldi baten burua, mahaia eta aulkiak. Garagardo botilak motozerrarekin nola irekitzen zituzten ere erakutsi zuten.

ARGAZKI GALERIA OSOA ikusteko, sartu Goierriko Hitzaren flickr kontuan.

Foru Aldundiak aitortza instituzionala egin dio Loreak filmaren lantaldeari

$
0
0

62_23_018249Gipuzkoako Foru Aldundiak “babesa, esker ona eta aitortza instituzionala” egin dizkio Loreak filmaren lantaldeari. Izan ere, Oscar sarietako lehiatik kanpo gelditu arren, sekulako markak egin ditu Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien filmak. Gaur egindako agerraldian, filmaren ekarpena aldarrikatu dute, “aurrekaririk gabe arrakasta” izan baitu.

Aldundiak 40.000 euroko laguntza eman die filmaren egileei, Loreak filmak AEBtan izan dituen promozio, komunikazio eta publizitate gastuak finantziatzeko. Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatuak azaldu duenez, film hau “munduko sari-emate ekitaldirik ospetsuenaren partaide izateko hautagai izateak Gipuzkoa eta bere marka nazioartean indartzeko aukera paregabea” izan da, eta abentura hori nahi bezala bukatu ez bada ere, “Gipuzkoako lurralde osoari eragiten zion proiektu bat” dela zehaztu du, horregatik lagundu nahi izan dute egitasmoa.

Bihar odola emateko aukera izango da Zelai Ariztin

$
0
0

Hileko azken astearteetan bezala, Odol Emaileen Elkarteak odol ateratzeak egingo ditu bihar, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 17:15etik 20:15era.


Sorginak ere Eguberrietan

$
0
0

IMG-20151224-WA0008

Eguberriak, familia elkartu eta otordu luzeak egiteko garaia izateaz gain, barrura begiratu eta gure tradizio eta usadio zaharrak berritzeko garaia ere bada. Olentzero eta kantu-eskea dira ohitura horietako batzuk. Julen Agirre irakurleak bidalitako argazki honetan, Ordiziako neska talde batek Eguberri bezperan Murumendin ateratako irudi bitxi hau ikus daiteke. Murumendi ere Mariren bizileku zela eta, sorginen pare ibili ziren bertan.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saio jendetsua Ordizian

$
0
0

Goierriko eta Lapurdiko ikastolek antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek urteroko ikuskizuna egin dute asteburuan Ordizian. Bi saio egin zituzten igandean, eta bietan ere, bete egin zen Majori kiroldegia. Pailazoek Amalur ikuskizun berria aurkeztu zuten bertan, tartean, bideoan ikus daitekeen Euri tanta banintz bezalako abesti berriekin. Antolatzaileek esker ona agertu nahi izan diete ikuskizunera joan ziren guztiei, baina errifak erosiz, ikastolen aldeko laguntza eman dutenei ere.

Ikuskizunarekin batera, zozketa ere egin zuten, ikastolei laguntza emateko txartela erosi dutenen artean. Lehen saria (Port Aventurarako 4 lagunentzako bidaia) 2.271 zenbakia duenari egokitu zaio. 0118 eta 0070 zenbakia dutenek, 10 afariko saria jasoko dute, lehenak Urbitarte sagardotegian eta bigarrenak Xaia ostatuan. i. gurrutxag

Goenkaleko goierritarrak

$
0
0

d19991015 13ETBko Goenkale telesail ezagunak agur esango dio gaur 20 urtetik gorako ibilbideari. Gaur eskainiko dute sailaren azken kapitulua, eta urte horietan guztietan bertatik pasa diren aktore eta partaide asko pasako dira bertatik. Horien artean, asko izan dira pantailaren aurrean nahiz atzean lan egin duten goierritarrak. Ezagunenak aktore lanetan aritzen direnak badira ere, Goierritarra aldizkariak kameren atzean aritzen ziren goierritarrak bildu zituen, 1999an.

Hona hemen artikulo osoa:

 

d19991015 12

Beasaingo XV. Gau Laburrak 17 egileren lanak bilduko ditu

$
0
0

Zinemagintza gaztearen erakusleiho izango da, beste behin ere, Beasaingo Usurbe antzokia. Izan ere, dagoeneko klasiko bihurtzeko bidean den Beasaingo Gau Laburra egingo dute bihar, asteartea, Usurbe antzokian. Dagoeneko 15. edizioa du Goieniz zineklubak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten film laburren emanaldi honek. Bide batez, Usurbe zinemaren denboraldia ixteko ere balioko du biharko saioak, berau izango baita urteko azken emanaldia.

Iluntzeko 20:00etan hasiko da emanaldia, eta guztira, 17 film labur eskainiko dituzte. Bi zatitan banatuko dute saioa. Aurrenekoan (20:00-22:00), zortzi lan ikusteko aukera izango da; gainontzekoak, bigarren zatirako (22:00etatik aurrera) gordeko dituzte. Sarrerak 4 euroan jarriko dituzte salgai, lehiatilan.

Gau Laburrean eskainiko dituzten filmak, aukeraketa baten ondorio dira. Izan ere, Goienizek egindako deialdiari erantzunez, 300 lan jaso dituzten. Zineklubeko koordinazio taldeak film guztiak ikusi eta onenak aukeratu zituen gero. Lan horien artean, Euskal Herriko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako egileak daude. Horietako batzuk, Usurben izango dira gaur, egile guztiak gonbidatu baitituzte proiekziorako.

Publikoak erabakiko du
Aurreko edizioetan bezala, Gau Laburreko lanik onena aukeratuko duen epaimahaia, publikoak berak osatuko du. Lau euro balio duen sarreraren truke, botoa emateko orri bat emango zaie ikusleei, eta behin emanaldia bukatutakoan, zineko sarrera aretoan egongo diren botokutxetan sartu beharko dute papertxoa.

Goienizek bi sari nagusi eta aipamen berezi bat emango ditu, gaurko emanaldian parte hartuko duten lanen artean. Sari horiek, urtarrilean egingo diren zineklub emanaldiekin batera banatuko dituzte.

LABURMETRAIAK:

  • 20:00. OK Correo, I said I would never talk about politics, Papa Dans Maman, Mezu bat hozkailuan, Ruleta, Parálisis, 40 aniversario, Algunos hombres siguen sin aclararse.
  • 22:00. La señora Jesus Mari, El maquinador, Los pies fríos, Un mañana mejor, Abiadura, Deber, Bideak, Gente de letras, Samina.

Jakintza ikastolako Gabonetako saskiak badu irabazlea

$
0
0

GIZARTEA // Ordiziako Jakintza Ikastolak Eguberrietako saskia zozkatzen du urtero, garai honetan. Aurtengo zozketa ere egin dute dagoeneko, eta saskiak badu irabazlea. 1.472. zenbakia duen txartela izan da aurtengoan saritua. Irabazleak, urtarrilaren 11tik aurrera jaso ahal izango du saria, Jakintza Ikastolan.

Viewing all 27858 articles
Browse latest View live