Quantcast
Channel: Goierriko Hitza
Viewing all 28026 articles
Browse latest View live

Errugbirako sarrerak

$
0
0

Ampo Ordizia – Hernani

Abenduaren 2an, igandea, 12:00etan

Altamiran

AmpobarruwebMarian Orts Aiesta (Lazkao)

Iosune Telleria Petroch (Segura)

Sarrerak leihatilan jaso harpide txartelarekin


Mikel Laboaren omenaldirako sarrerak

$
0
0

Mikel Laboari Omenaldia

Abenduaren 1ean, larunbata, 18:00etan

Zumarragako Zelai Arizti aretoan

LABOAwebKristina Gurrutxaga Ormaetxea (Zumarraga)

Sarrerak leihatilan jaso harpide txartelarekin

«Ordu gutxi batzuren gora-beheragatik nago ‘Teknopolis’ programan»

$
0
0

Inaki Leturia 3

San Andres jaien atarian, festen irrika ez duela lehen bezainbestekoa aitortu du Iñaki Leturiak (Ormaiztegi, 1970). «Ondo aprobetxatutakoak gara. Gaur egun, suari putz egin behar izaten diogu». Hiru semeekin gozatzen du orain: haiei segika futbol zelaietara, edo Elegante Eguneko trajea nola probatzen duten begira. Zoriontasunaren definizioa, aitak eman zion: «18 urte, San Andres bezpera eta 5.000 pezeta poltsikoan». Eta gustuko lana ziur edukitzea.

Ikasle garaian, ‘zientzietakoa’ ala ‘letretakoa’ zinen?
Zientzietatik joan nintzen. Urretxuko Iñaki Bastarrika lagunak esaten zuen Fisika eta Kimika fede kontua direla: aditutakoa sinistu, egin eta kito. Baina niri emaitzak desberdin ateratzen zitzaizkidan! Zientziak gustuko nituen, baina hobea nintzen idazten.

Handitan zer izan nahi zenuen?
Astronauta. Orain gutxi Herbehereetan izan gara Teknopolis grabatzen, Europako ESA agentzian. Astronautak han ibiltzen dira. Zer izan nahi nuen ez neukan garbi. Unibertsitate garairako banekien historiak kontatzen ona nintzela. Lehen aukera Kazetaritza jarri nuen, bigarrena Enpresa Zientziak.

Asko idatzi zalea zinen?
Testu iruzkinetan, idatzi, idatzi eta idatzi. Orria bete, eta segi. Irudimena nagusi. Esaerak dioen bezala, ‘konbentzitu ezin badituzu, konfunditu itzazu’.

Zer harreman zenuen zientziarekin?
Esperimentuak egiten baino gehiago, jakinmina neukan. Edozein arlori buruz, informazio mordoa irakurtzen nuen, harrapatutako guztia. Segurako osaba Ramon Leturiak Readers digest aldizkari amerikarrak zeuzkan, eta haiek leitzen nituen. Orain National Geographic hartzen dut. Denetik gustatzen zait.

Nola planteatzen duzu gai bat, ‘Teknopolis’-en lantzeko?
Jakin-minetik tiraka. Hau zergatik da horrela? galdetzen dut lehenengo. Eta gero bilatzen dut erantzuna eta horrekin lotutako historiak kontatzea. Nik ‘paketeak’ deitzen diet. Lazoa jarri, eta erreportajea hortxe duzu.

Kazetaritza Leioan eta Iruñean ikasi, eta zuzenean ETBra?
Ez. Lehenengo Euskaldunon Egunkarian ibili nintzen, Lasarten zegoenean. Lehenengo bekadunak izan ginen, Leioatik 3. kurtso ondorengo udan. 1991 izango zen. Dozena bat joan ginen. Ogitartekoa eraman eta bazkaltzen genuen, aurreko pinu azpian. Harro esaten dut Egunkaria-n lan egin nuela.

Inaki Leturia 1«Jakin-minari tiraka, ‘zergatik?’ galdetzen dut lehenengo, eta gero erantzuna bilatu»

«Jendeak nahiago ditu nobedadeak baino ondo egindako erreportajeak»

«Enpresaritzako kurtso batek balio izan zidan telebistan lanera sartzeko»

«Behin ere ez naiz langile finko izan. Urtetik urtera, zain beti. Bizimodu gogorra da hori»

Telebista munduak noiz harrapatu zintuen, orduan?
Karrera bukatutakoan, Madrilera joan nintzen telebista ikastera. Idatzi bai, baina telebista nuen buruan. Kurtso batzuk egin nituen, denetarik: kamera, ekoizpena, errealizazioa, dokumentazioa… Madril kapitala ezagutu genuen. Telebistako apustua nola irtengo zen ez nekienez, eta denbora neukanez, Enpresa Administrazioko kurtso bat ere egin nuen. Dena ahaztu zait, baina haren bidez hasi nintzen telebistan, Empresa Vasca-n.

Nola diren gauzak…
Bai, enpresako kurtso hark balio izan zidan. Gero Europa, Europa-n egon nintzen. Saio merkea zen, betetzeko. Bakarrik egiten nuen ordu erdia.

‘Bertatik Bertara’ saioan egin zinen ospetsu.
Goierritarra izateak lagundu zidan. Urretabizkaia ordiziarra zegoen, eta euskaraz ondo moldatuko nintzela eta, hasi nintzen. Euskaraz natural egiten duen pertsona bati ulertzen diogu behintzat eta… 9 urte egon nintzen han.

Harrezkero, zure ibilbidea telebistari lotua joan da. Goierri Telebistan ere aritu zinen.
Bai, beti telebistan. Goierri Telebistan asko ikasi nuen. ETBn ekoiztetxeak pil-pilean hasi zirenean, Bertatik Bertara ETBk ekoiztetik produktore batengana pasatu zen. Hasieran hitz politak ziren, ez zela ezer pasatuko… Baina leku aldatzea etorri zen, eta azkenean estutzea. Pribilegiatuak ginela entzutera iritsi ginen. Azken urtean, ez nindoala esan nien, nahiago nuen etxean gelditu. Goierri Telebistara joan nintzen, ikastera, kobratu gabe. Digitalizazioa zetorren: magneto bat izatetik, dena ordenagailuan egitera pasatu zen. Gero kontratua egin zidaten, eta lanean segi nuen. Goierri Telebistan ikasi nuen digitalean editatzen eta kamera maneiatzen.

Bizibide ezegonkorra, beraz.
Goierri utzi, eta Bi errepidean-era joan nintzen. Han ere kontratua urtetik urtera berritzen zuten. Egun batetik bestera programa kendu zuten, eta airean geratu nintzen. Bizimodu gogorra da hori. Behin ere ez naiz finko izan. Abuztu bukaeran, telefonoaren zain beti. Teknopolis-en kazetari bila zebiltzala ikusi nuen Interneten; epea arratsalde hartan bukatzen zen. Justu-justu bidali nuen, eta hartu ninduten gero. Kasualitatea zer den: ordu batzuen gora-beheragatik nago Teknopolis-en, jada 9 urtean.

Programak 20 urte bete ditu.
Elhuyar Fundazioko Beñat Kortabarria izan zen ideiaren sortzaile, orain Antzuolako alkate dena. Zientzia, teknologia eta dibulgazioa ardatz hartuta, Eusko Jaurlaritza eta Unibertsitatea inplikatu zituen, eta babesleak bilatu. ETBk ordutegia, emisioa eta kamera jartzen du.

Ezorduetan eman izan dute…
Ni hasi aurretik, igandean 20:00etan ematen zuten. Relax unea zen: Teknopolis lasai ikustea asteburua bukatzeko era zen. Eta funtzionatzen zuen. Baina telebistak gehiago nahi izaten du, eta futbola jarri zuten. Urte batzuk kasu gutxi eginda pasatu ditugu ETBren aldetik. Iraun dugu, eta ikusi dute ezkutatuta ere bazeukala bizia programak. Ordutegi normaltxeago batean jarri dute, eta jendeak ikusten du.

Aurten, 21. denboraldian, zer berritasun izango du saioak?
Segitzea. Jendeari gehiago gustatzen zaio nobedade ikaragarriak baino ondo egindako erreportajeak, gai interesgarriekin. Gure balioa hori da.

«Euskaratik birsortu behar ditugu kanpoko musika joerak»

$
0
0

Yon_Ander_MarcosTxikitatik ibili izan da nota artean Yon Ander Marcos (Zumarraga, 1996). Txistua, dultzaina, harmonika, gaita, gitarra eta banjoa jotzen ditu. Bakarlari gisa parte hartuko du bihar, abenduak 1, Zumarragako Zelai Ariztin egingo den ‘Gure hitzak’ Mikel Laboaren omenaldian.

Nolatan hartuko duzu parte Laboaren omenezko ekitaldian?
Irailaren erdialdera jakin nuen herriko hainbat musikari Mikel Laboari omenaldia prestatzen zebiltzala. Herritik eta herriarentzat sortutako ekimena zenez, nik ere parte hartu nahi nuen. Gainera, niri jotzeko gehien gustatzen zaizkidan abestiak iraultza eta protesta kantak dira, Ez dok amairu edo Mikel Laboarenak, adibidez.

Zein abesti joko duzu?
Gure Hitzak. Euskara indartzen ari den arren, erabili egin behar baitugu gal ez dadin. Zentzu horretan, oraindik gaur egungo abestia iruditzen zait.

Zer du berezia Mikel Laboak?
Mikel Laboak akorde tradizionalak hartu eta metafisika berri bat sortu zuen euskarak izan ditzakeen forma desberdinekin jolastuz.

Nola irudikatzen duzu euskal sorkuntzaren egoera Laboarik gabe?
Laboa ez da bakarra. 1970eko hamarkadan indarrean zegoen protesta kanten mugimendua, eta Euskal Herriak bizi zuen egoera politikoagatik, indartsu sartu zen hona. Hor ditugu, adibidez, Pantxoa eta Peio, Xabier Lete edo Lourdes Iriondo. Laboarik gabe ziur desberdina izango zela, baina guztiek izan dute eragin handia.

Iraganeko izenak denak.
Zaila da gaztea izanda erreferente kulturala izatea. Anari, ordea, badela esango nuke.

Gaur egun izango lukete arrakastarik izen horiek guztiek?
Gure kultura azkar ari da globalizatzen, eta izaera propioa galtzen ari gara. Baina bertako ikuspuntutik sortzen duten sortzaileekin egin behar diegu aurre, nahiz eta zaila izan.

Euskal kultura erreferenteak galtzen ari da?
Euskal kulturak betidanik izan du kanpoko joeren eragina. Fermin Muguruzak euskaraz ekarri zituen rapa edo reggaea, eta orain, Gorpuzkingsek trapa. Euskaratik birsortu behar ditugu kanpoko musika joerak.

Zure burua ikusten duzu noizbait erreferente moduan?
Gustatuko litzaidake, baina batek daki. Argi dudana da musika munduan jarraituko dudala, asko maite dudalako.

Goierritarren arteko futbol derbia jokatuko da bihar Loinatz zelaian

$
0
0

Kepa_Jauregi_Aritz_Imaz

Hamar urte dira azkenekoz Ordizia eta Beasain futbol taldeen arteko derbia jokatu zela. Hamar urteren ondoren, aurreko denboraldian ordiziarrak Hirugarren Mailara igotzearekin batera, bihar jokatuko da goierritarren denboraldiko lehenengo derbia, 17:00etan, Beasaingo Loinatz futbol zelaian. Aste berezia izaten ari da jokalarientzat, komunikabideen arreta ere erakarri duelako partidak. Beasaingo Aritz Imaz kapitainaren esanetan, «orain arte inoren deirik ez dut jaso eta aste honetan batetik eta bestetik deitzen ari dira». GOIERRIKO HITZAren deiari ere erantzun diete bi taldeetako kapitainek, biharko partidaz hitz egiteko.

Lehenengo derbia izango da Kepa Jauregi eta Aritz Imaz kapitainentzat eta argi dute partida berezia izango dela. Jauregiren esanetan, «ni Legorretakoa naiz baina Beasain eta Ordizia artean dagoen pike horretan, jendea gogo bereziarekin ikusten da. Ea zerbait itxurazkoa ateratzen den biharko partidatik. Baina kontuan hartu behar da Beasain Beasain dela, ez da edozein talde. Gu igo berriak gara baina, orain arteko guztietan bezala, hauekin ere gogo biziz lehiatuko gara».

Imazen esanetan, «azkeneko partidetan ez dugu irabazterik lortu baina nahiko ondo gaude, ondo ari gara jokatzen, gogoarekin, ea Ordiziari irabazten diogun, etxean indartsu ari gara eta. Kanpoan kostatzen ari zaigu partidak irabaztea , baina etxean ondo ari gara. Partida sanoa izango da. Norgehiagoka hori sanoa da, gertutasunagatik beti dago pikea». Jokatzeko ere partida polita izango dela dio. «Politak dira bai, giro polita sortzen da. Ordiziatik ere jende asko etorriko da. Polita izango da, saltsa polita egongo da».

Egoera desberdinean

15. jardunaldiko partida izango da beasaindarren eta ordiziarren artekoa. Biak ala biak, egoera desberdinean daude: Beasain sailkapeneko 9. postuan dago 20 punturekin eta Ordizia 18.ean, 10ekin. Ordiziak puntu bakarrera du Hirugarren Mailan mantenduko lukeen postua: «Bagenekien zaila izan behar zuela hasiera-hasieratik, baina ondo ari gara. Guk orain dela 10 urteko Ordizia hartzen dugu erreferentzi, orain dela urte 10 igo zirenak, eta lehenengo itzulian 4 puntu atera zituzten haiek eta guk 10 ditugu dagoeneko, salbazioa puntu batera dugu. Partidetan ez dira gainetik pasatzen, eta taldea ondo dago, gogoarekin. Bagenekien urte zaila izango zela, eta urte guztia horrelaxe izango da. Oraintxe sinatuko genuke azkeneko jardunaldira horrela iristea».

Beasaindarrek lau puntura dute 2. B mailara igotzeko play offetako postuetako bat. Imazen esanetan, «partidaz partida irabaztea da gure helburua, eta martxo-apiril inguruan sailkapenean goian baldin bagaude, play offetako postuagatik borrokatzea».

Aldaketa asko izan ditu aurten Beasainek taldean baina ondo egokitu dira guztiak: «Entrenatzaile berria daukagu eta jokalari askok utzi egin dute. Jokalari dezente etorri dira, baina talde ona sartu dugu, entrenatzailearekin gustura gaude, eta gure artean aldagelan ere oso ondo moldatzen gara. Gustura gaude».

Biharko emaitzaz galdetuta, normala den bezala, kapitain bakoitzak etxerako egin du: Imazen esanetan, 1-0 irabaziko du Beasainek; Jauregiren ustez, 0-1 Ordizia izango da garaile.

Eskarabillan aparkaleku mugatua jarriko du udalak

$
0
0

 

Aparkaleku_mugatua

Eskarabilla inguru osoan, auzokoentzako aparkaleku sistema ezartzeko asmoa du Ordiziako Udalak. Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Rezola kaleetan, gaueko ordutegian ezartzea da asmoa. Udalbatzatik pasa ondoren proposamenak aurrera egiten badu, aste honetan bertan jarriko dute in- darrean.

Udalak esandakoaren arabera, «aipaturiko eremuan aparkatzeko arazo larriak daude, ordu batzuetan batez ere». Horri irtenbidea bilatu nahian, «ordutegi zehatz batean eremua bizilagunentzat mugatzea» da udalak hartutako erabakia.

Guztira 201 plaza daude eta aparkatzeko muga 20:30etik 09:30era izango da, astelehenetik ostiralera. Goizeko 09:30etik iluntzera, asteburuetan eta jai egunetan gune gorria parking librea izango da.

Ordenantza udalbatzatik pasa eta onartu zuten atzoko osoko bilkuran, EAJren bost bozka, erta PSE-EEren bozka batekin. EH Bilduk abstentziora jo zuen eta Ordizia Orainek ez zuen bozkatu. Orain,  hilabetez erakusketa publikoan jarri beharko dute. Alegaziorik ez badu inork egiten, behin betiko onartuta geldituko da ordenantza. Alegazioak egotekotan, gaia aztertu beharko dute berriro. Jose Migel Santamaria alkateak, atzo prentsaren aurrean gogoratu zuenez, «mugikortasun mahaian sortu zen neurri hau».

Sei hilabeteko proba

Ordenantza berria ezarrita ere, alkateak onartzen du «arazo guztiak ez direla konponduko, baina bizilagunentzat lagungarria izango da gauean eta baita goizean ere, kasu honetan merkatariei laguntzeko». Sei hilabeteko froga epea jarri dute momentuz eta ondoren, egokiak izan daitezkeen hobekuntzak egingo dituzte.

Gainera, Urdaneta kalean gune urdina ezarriko dute 50 eta 60 zenbakien artean. Eremu horretan, ordubetez aparkatu ahalko da.

Bizilagunek aparkatzeko txartela jasotzeko izena eman beharko dute, baina oraindik guztiz zehaztu ez duten zerbait denez, aurrerago zabalduko dituzte xehetasun gehiago.

Lukusainen polemika

Bestalde, aste honetan, Lukusain plazaren azpian dauden garajeetako 16 salgai jarri ditu Ordiziako Udalak. Gaia azaroaren 12an egindako udalbatzatik pasa eta ez zuen aurrera egin, baina aste honetan dekretu bidez onartu du udalak proposamena. Horren aurrean eta udalak egindako adierazpenak direla eta, Ordiziako EH Bilduk bere haserrea erakutsi du.

Batetik, argitu nahi izan dute «garajeak oposizioari esker berreskuratu» direla. Bestalde, «udal gobernuak aurreikusitako diru sarrerak eskasak» zirela ere esan du EH Bilduk. Horrez gain, gogorarazi du, une honetan udalarenak diren 32 plaza horietatik «udal erabilerarako udal gobernuak bat bera ere gorde ez» zuela. Azkenik, «garaje plazak ikusi gabe tasatu» zituztela ere salatu du Ordiziako EH Bilduk.

Iparragirre institutuko ikasleek irabazi dute Beldur Barik bideo lehiaketa Goierri garaian

$
0
0

IMG_3583Gaur eman dituzte Legazpiko Kultur Etxean Beldur Barik bideo lehiaketako Goierri garaiko sariak. Lehenengo saria, 350 euro, Urretxuko Iparragirre institutuko Beeee bideoarekin jasoko du hango ikasle talde batek. Taldekideak: Sara de Pedro, Cristian Tomas, Naia Beitia, Luis Sanchez, Ane Delgado, Jon Acebes, Arritxu Etxeberria, Valentino Arrieta, Amaia Zumarraga, Maialen Lapizondo, Maddi Agirrebengoa eta Jon Hernandez. Ikasleek egindako bideoaren gai nagusia estereotipoekin apurtzeko grina da.

Bigarren saria, 250 euro, Haztegi ikastolako ikasleek egindako Sentitzen naiz bahiturik bideoak irabazi du. Egileak: Ane Etxeberria, Karla Ibarnia, Iker Mendia, Ioan Madalin, Alazne Lopez, AImar Alcelay, Unai Guridi, Unai Lopez eta Oier Berrueta. Bikotean mutilek neskengan eragin dezaketen kontrolari buruzko bideoa egin dute.

Sariak Ilintiko lehendakari Carlos Villacortak eman ditu, zeren Ilintik eta Bi-Tartean merkatari taldeek sariak baliatu baitituzte. Guztira bost lan aurkeztu dira, lau Legazpiko gazteek egindakoa eta bestea urretxuarrek eta zumarragarrek egindakoa.

Errepresioa eta jazarpena

$
0
0
Agripina Polo Polo lau seme-alaba gazteenekin. Haren senarra, Jose Mari Igartua, eta bi seme hil zizkioten.

Agripina Polo Polo lau seme-alaba gazteenekin. Haren senarra, Jose Mari Igartua, eta bi seme hil zizkioten.

Gerra gehienetan gertatzen den bezala, 1936ko gerran, errepresio eta jazarpen handia jasan zuten emakumezkoek. Beasainen, 1936ko uztailaren 27ko gau odoltsuaren ondorena gogorra izan zen oso, batez ere fusilatuen alargunentzat.

Lau liburuk osatutako Beasain: Oroimen Historikoa lana argitaratu dute Beasainen, Jon Kortazar historiagilearen eskutik. 1900-1931, 1931-1936, 1936-1937 eta 1937-1945 garaiak ekarri ditu gogora, 1936ko gerrak, eta bereziki uztailaren 27ko gau odoltsuak, aparteko lekua hartuz. Frankistak Beasainen. Uztailaren 27ko gau beltza eta errepresioari dagokion liburuari erreparatuta, leku berezia du emakumeen aurkako errepresioak atalak. Egilearen esanetan, «bereziki aztertu beharreko gai bezala azaltzen zaigu emakumeen kontrako errepresioa. Izan ere, emakumeek nolabaiteko errepresio berezia eta propioa jaso zuten 1936ko gerran zehar, baita Beasainen ere».

1936ko gerra ez zen salbuespena izan: mendeak eta urteak joan ahala,  gerretan emakumezkoak «gauzatzat hartzea, garaikur gisa erabiltzea» errepikatu izan da. «Historian zehar, kasu askotan, emakumeek umiliatuz etsaiaren gizartea umiliatzea bilatu izan du armada garaileak. 1936ko gudan, ezagunak dira Sevillatik altxatuen jeneral Gonzalo Queipo de Llanok botatzen zituenak, gorrien andreak bortxatzeko dei eginez»  Beasain ere ez zen salbuespena izan, eta «Beasainen, altxatuek euren nagusitasuna finkatu zutenean, emakumeen kontrako errepresioa ere ezarri zuten».

Ilea moztu, errezino olioa

Errepresio mota hedatuena, emakumeei ilea zeroan edo ondo-ondotik moztea izan zen. Kortazarren esanetan, «ez dugu ezagutzen Beasainen umiliazio mota hori aplikatu zioten gizonezkorik». Altxatuek bi helburu lortu nahi izan zituzten: «Alde batetik, umiliatutako emakumeak bistaratzea, markatzea, ikusgarri egitea; eta bestetik, emakumeak publikoki lotsaraztea, beren gorputzaren parte bat, ilea, moztuz». Errepresio mota hori jasan zutenak, 1936ko uztailaren 27ko gau beltzean fusilatu zituztenen alargunak izan ziren.

Garai hartako egunkariek ere jaso zuten Beasainen gertatukoaren berri. La Voz egunkariaren arabera, «Herri Frontearen pean zerbitzatu zuten erizain guztiei ilea moztu zieten eta plazan biluztu egin zituzten. Egunkari  horren arabera, emakumeen kontrako errepresioa bereziki gogorra izan zen». Euzko Deya-k xehetasun gehiago eman zituen: «Erizain horiek lau ziren ‘hiru gazte eta ezkondutako bat’, eta lau horietako bat ‘ezkongabe bat’, publikoki biluztu zuten plazan».

Kasu askotan gainera, ilea moztearekin batera, errezino olioa edanarazten zieten – kaka gainean egitea eragiten zuen–, «emakumeak ere gehiago lotsaraziz».

Emakumeen umiliazioa

Beasaingo Oroimen Historikoa liburuan nabarmendu dutenez, emakumeen kontrako umiliazioa bilatzen zuten frankistek zigor horien bidez, eta zigorra kolektiboa izan zen.  «Hildakoen kasuan emakume kopuru txikia izan bazen ere (uztailaren 27an, bat), geroko errepresioa, jomugatzat hartutako emakumeen aurka bereziki gogorra izan zen».  Mehatxua ere erabiltzen zuten: 500 pezetako isuna ordaintzea edo ilea moztearen aukera.

Emakumeek nolabaiteko errepresio berezia eta propioa jaso zuten 36ko gerran.

Emakumeak umiliatuz ‘etsaiaren gizartea’ umiliatzea bilatu izan du armada garaileak.

Agripina Polo Polo gaztaina saltzaile moduan aritu zen Beasainen bizi ahal izateko.

Jazarpen eta errepresio giro horretan, emakume batzuk alde egin behar izan zuten Beasaindik euren familiak hartuta – liburuko zerrendaren arabera, 25 izan ziren Beasaindik alde egindakoak–.

Beasainen egindako ikerlanaren beste emaitza bat izan da, alargunei egindako «memoria lapurreta» saiakera: «Fusilatutakoen alargunei euren senar-emazteen heriotzaz bertsio faltsuak emateko eskaintzak (ezkertiarrak hil zituztela), zenbait laguntzaren truke. Kasu horietan, askotan txirotasunean gelditutako alargunaren egoeraz baliatzea bilatzen zuten altxatuek».

Beasainen praktika horren kasu bat behintzat ezagutzera eman dute argitaratu berri duten liburuan: Agripina Polo Poloren kasua. «Emakume  hori Francoren emaztearen lehengusina zen; haren senar Jose Maria Igartua eta bi seme, Isidro eta Hilario, hil zituzten eskuindarrek». Agintari frankistek, «Agripina Polori, bere senarra eta semeak ‘gorriek hil zituztela’ esaten baldin bazuen, bere egoera gainditzen lagunduko ziotela agindu zioten, beste semeek debalde ikasiko zutela, eta abar». Euzko Deya egunkariaren arabera, «semeak Italiara edo Alemaniara eramango zituztela ‘gizon egindako itzul zitezen’. Polok ezetz esaterakoan, ez zituela bere semeak frankisten esku utziko esatean, ‘ez zaitez ergela izan’ erantzun omen zioten». Agripina Polo gaztaina saltzaile moduan aritu zen Beasainen bizi ahal izateko. Alargun gelditutako familiek oso gaizki pasatu zuten; «seme-alabak eurek bakarrik hazi eta hezi behar izan zituzten eta horrez gain, agintarien etengabeko presiopean bizi behar izan zuten. Gainera, kontuan hartu, garai hartako gizartean, normalean, etxetik kanpoko lana gizonezkoek egiten zutela eta emakumezkoak lan merkatutik kanpo zeudela».

Bortxaketak

Beasainen bortxaketaren testigantzarik ez dute jaso, baina horrek ez du esan nahi ez zutenik egin. «Zaldibian, bi ume mairutxo jaio ziren, hau da, Francoren armada mairuak egindako bortxaketen ondorioetako bat huraxe izan zen. Lekukoen arabera, 1937an, han atseden hartzen ari ziren tropa frankistek bertako neskak jazartzen zituzten».

Beasainen 1936ko gerrak utzitako hildakoen zenbaki gordinak

Beasainen, 1936ko uztailaren 26ik 27ra bitarteko gauean, 35 pertsona hil zituzten (36. baten zalantzak oraindik ez dira argitu), Nafarroan uztailaren 18an altxatu eta Lizarrustitik, Etzegaratetik eta Otsaurtetik sartu ziren militar, errekete eta falangisten tropek, Pablo Cayuela teniente koronelaren eta Alberto Ruiz Moriones komandantearen agindupean. 1942ra bitartean, beste 16 pertsona (beasaindarrak edo Beasainen hilak) hil zituzten modu desberdinetan. Beste lau pertsona, gerraren eraginez hil ziren. Fronteko borroka armatuan, berriz, 30 pertsona hil ziren Errepublikari eusteko borrokan, gudari edo miliziano moduan; beste 34 beasaindar hil ziren altxatuen alde borrokatuz, bat desagertutzat eman zen eta beste 29 Beasainekin lotura zuten ingurukoak ere hil ziren.


«Oso urrutira ez da joan behar mendiaz gozatzeko; hor dago Otaño, adibidez»

$
0
0

Xabier_Arrondo__Legazpi

Sekula bukatzen ez den lana dauka Xabier Arrondo Asurmendik (Zegama, 1960). Legazpiko Udaleko kale garbitzailea da 1978tik: «Beti garbitzen ari naiz. Jendea ez dago kontzientziatuta eta gauza asko lurrera botatzen ditu, zakarrontziak gertu eduki arren». Kirol zaletasunak eta bere bi alaben  kirol jarduerek herriko bi talderen zuzendaritzara eraman zuten. Hala, Ilintxa futbol elkarteko zuzendaritzako kidea izan zen 1984-85 eta 1988-89 denboraldien artean, baita  lehendakaria (1989-90) eta nesken talde bateko ordezkaria (2007- 2014) ere. Igeriketa taldean ere jardun zuen lanean zuzendaritzan (2002-2006). Gaur egun Nagusilan elkarteko boluntarioa da eta egunero joaten da Eguneko Zentrora erabiltzaileekin bingoan jokatzera.

Zein zaletasun dituzu?
Inguruko mendietara joatea gustatzen zait, oso urrutira ez delako joan behar mendiaz gozatzeko. Hor dago Otaño, adibidez, ikuspegi zoragarriekin.

Pelikula bat.
La mano que mece la cuna.

Liburu bat.
El secreto de Gibola.

Abeslari eta abesti bana.
Tiziano Ferro eta Amaia Monteroren  El regalo mas grande.

Janari eta edari bana.
Edozein haragi, eta ardo beltza.

Oporretarako leku bat.
Kostaldeko edozein herri txiki.

Jaso duzun oparirik bereziena.
Bat baino gehiago izan dira. Ez dut nahi bat bakarrik aipatu.

Amets bat.
Osasuna edukitzea eta familia aurrera ondo ateratzen ikustea.

Zerk eragiten dizu irribarrea?
Haurtxo baten irribarreak.

Goierriko txoko bat.
Zegamako Murgizelai parkea eta bere inguruak.

Herriko alkate bazina…
Konpontzeko dauden gauza asko konponduko nituzke.

Legazpin  biziko ez bazina…
Olaberrian.

Inaxio Usarralde etaJoxepa Madariaga

$
0
0

Inaxio  Usarralde

Euskaraldia dela eta, aholku xume batzuk zetozkidan burura, Joxepa, arreta norberaren buruan jarrita. 1. Egun batzuk joan ditun baina segi aztertzen hurbileko jendeak zein rol hautatu duen, jabetu zein aukera berri sortu(ko) zaizkigun. 2. Ahobizien arteko solasaldietan euskaraz, bai; belarripresten eta bien arteko elkarrizketetan, berriz, eutsi elkarrizketa elebidunari; denborarekin natural bihurtu behar ditinagu horrelako solasaldiak. Kosta egingo dun baina hortik zetorren arrakasta, ez ahaztu. 3. Nonahi delarik bilera, aztertu lantaldea, ohartu zenbat ahobizi eta zenbat belarriprest dauden. Gidaria bahaiz hasi euskaraz eta gonbidatu beste kideak, hala nahi duenak, euskaraz egin dezaten. Belarriprest bahaiz, jakinarazi taldekideei euskaraz egin dezaketela, ulermena segurtatua dagoela eta, hala ez bada, galdetzeko prest hagoela. Eremu zailetan urrats txikiekin gainditzen ditun oztopoak eta beldurrak. 4. Ariketa honetan ez gauden bakarrik. Bai lanean, bai kalean eta bai familian jende askok eman dinagu Euskaraldian izena. Parteka ditzagun hurbilekoekin geure bizipenak: bai baikorrak eta bai hain baikorrak ez direnak ere. Hartu lehenak indargarri eta, bigarren sailekoekin, konturatu zergatik ez den irten guk espero geninan moduan. 5. Eta hamaikagarren egunean, Euskararen egunean, ez dun ezer bukatzen. Eutsi aurreko egunetan arrakastaz joandako egoerei beren horretan. Hain ondo ez bada  atera, berriz, aztertu zerk huts egin duen eta saiatu egoera beste modu batera bideratzen. Usarralde-MadariagaHori ez badugu egiten, aurreko egunetakoa kosmetika operazio hutsa izango huke, ez liken izango zentzurik…

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio! Euskaralditisak jota gaudek, gaixoak gu … Elkarrizketa elebidunen alde egin duk, batak gazteleraz/frantsesez, besteak euskaraz, bakoitzak bere astoari, arre! Lanak emango zizkiguk, baina saiatu eta lortzen badugu, ez duk txarra izango: bi lagun elkarrizketan, bi hizkuntzetan, bietan batek euskaraz oso ondo ez dakielako, ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituelako (ez ditzagula nahastu elkarrizketa elebidunak eta euskañolezko solasaldiak …). Konforme. Guk euskaraz egiten badiogu, ikasten lagunduko diogula uste diat, euskarari lekua emango diogula, prestigioa, indarra, funtzio bat gizartean. Euskara erdigunean jartzeko urrats txiki bat izan zitekek. Funtzio bat aitortu, lagunartean komunikatzeko, ikertzeko, lanerako balio duela erakutsiz eta, horrenbestez, ikastera anima zezakeagu ondo ez dakiena.

Ikasteko motibazioa; ikasi denok, beharra badiagu eta. Belarriprestek bakarrik ez, Ahobizi izan garen euskaldun peto, erabat kontzientziatu, eguneroko hiztun eta militanteok ere badiagu zer ikasia, zer zuzendua, birziklatu beharra. Euskara ikasteko doakotasun-aldarria gero eta ozenago entzuten diagu eta, nahiago nikek euskara doan ikasteko aukera eta erraztasuna emango baligute, noski, ondoren ikasitakoa erabiltzera behartuz. Eskubideak eta betebeharrak, ondoan biak, biak behar dizkiagu. Horrela, bada, matrikulazio-epea zabaltzen denean, nik ere izena emango diat.

Euskaraldi gehiago izango dizkiagu, izan beharko dizkiagu. Murgil gaitezen, egunero, euskararen munduan! Animo eta zorionak!

Ampo Ordiziak Hernaniren aurkako derbia jokatuko du

$
0
0

Hernani_Ampo_Ordizia-1Pasa den astean La Vila taldearen aurka galdu ondoren, garaipena eskuratzeko gogotsu daude Ordizia Rugby Elkarteko ohorezko mailako mutilak. Gainera, asteburu honetan, gipuzkoar derbia jokatuko dute Hernaniren aurka, igandean, abenduaren 2an, Altamira estadioan.

Seigarren, sailkapenean

Une honetan, Ordiziako mutilak seigarren postuan daude Heineken Ligako sailkapen nagusian, 26 punturekin. Aurretik dituzte Santanderreko Independiente, bosgarren postuan puntu bateko aldearekin, eta laugarren postuan, berriz, Bartzelona, 27 punturekin baita ere. Jon Txurrukaren jokalariek, berriz, puntuak zenbatzen segitu nahi dute, launaka gutxienez, play-off fasea jokatu ahal izateko. Zazpi edo zortzi taldeen artean dago erabakia eta aste honetan irabazi ezean aukera urrundu egingo luke Ampo Ordiziak.

Hernaniarrak ligako sailkapenean hamargarren tokitik gorantz egin nahi dute, gune lasaiagora, jaitsierako postuetatik urruntzeko.

 

Beldur Barik lehiaketa Iparragirre institutuko talde batek irabazi du

$
0
0

Gaur Beldur Barik bideo lehiaketako Goierri garaiko sariak eman dituzte Legazpiko kultur etxean. Lehenengo saria, 350 euroko, Urretxuko Iparragirre institutuko talde batek irabazi du Beeee bideoarekin. Taldekideak Sara de Pedro, Cristian Tomas, Naia Beitia, Luis Sanchez, Ane Delgado, Jon Acebes, Arritxu Etxeberria, Valentino Arrieta, Amaia Zumarraga, Maialen Lapizondo, Maddi Agirrebengoa eta Jon Hernandez dira. Ikasleek egindako bideoaren gai nagusia estereotipoekin apurtzeko grina da.

Euskara plazara

$
0
0

Brasildik euskaltegira

$
0
0

Brito-Menezes familiako kide guztiak ez dira oraindik Ahobizi izateko gai, baina mundu guztia aho zabalik uzteko ahalmena dute: brasildarrak dira eta familiako sei kideak euskara ikasten ari dira. Werner eta Rosiane gurasoak eta bi seme-alaba zaharrenak (Valeria eta Wesley) euskaltegira joaten dira eta seme gazteena (Joao Pedro) eta biloba (Isadora) ikastolara.

Valeria, 5 urteko Isadora txikiaren ama, duela hiru urte etorri zen Euskal Herrira, Azpeitian bizi diren osaba-izeba batzuen etxera. Bertan euskaraz hitz egiten zutela konturatu bezain laster, euskaltegian izena eman zuen. Egun Zumarragan bizi da. Bere gurasoak eta bi anaiak duela bi hilabete heldu ziren bertara eta berehala euskaltegira bidali zituen.

Valeriak ez zuen euskararen berri, Azpeitira etorri zen arte. «Erraz moldatuko nintzela uste nuen, gaztelera portugesaren antzekoa baita. Inork ez zidan esan hemen euskara hitz egiten zela. Heldu nintzenean, ez nion inori ezer ulertzen. Gaztelera nik uste baino zailagoa da, pentsatu nuen. Euskaraz ari zirela esan zidatenean, euskaltegian izena ematea erabaki nuen. Denek euskaraz egiten zutenez, euskara ikastea lana lortzeko garrantzitsua zela pentsatu nuen. Gainera, Azpeitian ia denek euskaraz egiten dute eta hemen bizi nahi badut zuen hizkuntza ikasi beharra dut».

Gurasoek etortzeko asmoa zutela esan ziotenean, euskara ikasi beharra zutela esan zien. Bere aita Brasilen bertan hasi zen euskara ikasten, Internet bidez. Duela bi hilabete heldu ziren eta berehala Urretxu eta Zumarragako udal euskaltegian izena eman zuten. «Badakite euskara ikastea oso garrantzitsua dela lana lortzeko eta komunikatzeko eta, gainera, kultura guztiak errespetatzearen aldekoak dira», esan du Valeriak.

Euskal Herriko bizimodua asko gustatzen zaie. «Gehien gustatzen zaiguna kaleetako segurtasuna eta lasaitasuna da. Gure herrialdea ere oso polita da, baina ezin gara kalera lasai atera. Segurtasunarekin eta lasaitasunarekin dena askoz ere errazagoa da: lagunak egitea, bizi kalitatea izatea… Hori bai, han beroa egiten du eta hemen hotz handia egiten duela iruditzen zaigu. Gainera, Zumarragan elur asko egiten du».

Euskal Herriko osasun eta hezkuntza sistema miresgarriak iruditzen zaizkio. «Denok elkarrekin gaude eta ikasteko aukera dut. Erizain laguntzaile izateko ikasten ari naiz, Urretxuko Joxe Mari Iparragirre institutuan. Gure herrialdean ez ditugu hemen ditugun aukerak: osasun sistema publiko indartsua, hezkuntza… Han diru asko behar da edozein titulu lortzeko. Nire gurasoentzat ere oso garrantzitsuak dira Euskal Herriak eskaini dizkigun segurtasuna eta aukerak. Herrialde honetan oso ondo hartu dituztela sentitzen dute».

Hala, primeran egokitu dira. Gurasoei musika gustatzen zaie eta Urretxu-Zumarragako Goiargi abesbatzan izena eman dute. Valeriak ez du denbora libre asko, baina ahal duen guztietan Azpeitira joaten da. Izan ere, mutil-laguna bertakoa du eta lagunak ere baditu. Mendira joatea ere gustatzen zaie. «Lehengoan Santa Barbaran egon ginen eta argazki batzuk atera genituen. Oraindik ez ditut inguru honetako mendiak oso ondo ezagutzen. Azpeitia ingurukoak hobeto ezagutzen ditut», aipatu du. Joao Pedrori eskola kirola gustatu zaio bereziki. Izan ere, Brasilen ez zuen hainbeste kirol probatzeko aukerarik.

Beraiek oso gustura daude Euskal Herrian eta urretxuar eta zumarragarrak ere oso gustura daude beraiekin. Goiargi abesbatzakoak, adibidez. «Gustura hartu ditugu. Gainera, gizonezkoen faltan gaude. Oraindik egokitzen ari dira, baina bidean daude», aipatu du Mikel Lizarraldek.

Brasildarrak egiten ari diren ahalegina txalotzekoa dela dio. «Bi brasildar etorri behar zirela esan zigutenean harritu egin ginen, baina oso polita da. Gure laguntza osoa dute. Beraien etorrerak taldean elkartasuna piztu du. Wernerrek grabazioak eskatu dizkigu, etxean ikasteko. Beste batek, beharbada, ez luke halako interesik azalduko».

Urretxu eta Zumarragako Udal Euskaltegian ere hitz onak besterik ez dituzte brasildarrentzat. «Egunero etortzen dira, txintxo-txintxo. Ikasteko eta laguntzeko gogo handia dute. Aitak informatika ezagupenak ditu eta nire lagun baten ordenagailua konpondu zuen. Bota egin behar zuen, Wernerrek garbitu egin zuen eta orain primeran dabil», esan du Miren Iturriotz irakasleak.

Urretxuar honek 34 urte daramatza euskara eskolak ematen. Gizartea asko aldatu da azken hiru hamarkada hauetan. «Nork esango zidan niri gure ikasleetako asko etorkinak izan behar zirela! Egia esan, goso esker onekoa da etorkinei eskolak ematea. Titulua atera behar dutenekin lan egitea askoz ere gogorragoa da. Izan ere, eskolak mekanikoagoak dira eta tentsioa askoz ere handiagoa da».

Iturriotzek Brasilgo, Pakistango, Dominikar Errepublikako eta Ekuatore Gineako ikasleak ditu, besteak beste. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia dirudi.

Eta hala jarrai dezala… Izan ere, etorkinek euskara ikastea eta hitz egitea ezinbestekoa da. Euskarak etorkinen konpromisoa behar du eta etorkinek gizarte honetan integratzeko euskara beharrezkoa dutela sentitu behar dute.

Urretxu eta Zumarragako sei komertziok Singular Dendak bereizgarria lortu dute

$
0
0

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Singular Dendak egitasmora batu diren dendei ongi etorria egin die gaur Donostiako Londres hotelean. 45 komertzio batu dira, tartean Urretxu eta Zumarragako sei: Argiki, Laskurain, Naif, Buen Bokado, Marai&NKN eta Onure. Dagoeneko Gipuzkoako 147 dendak dute Singular Dendak bereizgarria. Singular Dendak egitasmoaren helburua Gipuzkoako denda original eta berezien sarea osatzea da.


Pedro Alvarez ikertzaileari aitortza

$
0
0
Pedro Alvarez

Pedro Alvarez

Pedro Alvarez beasaindarrak, Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena jaso berri du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) ikertzaileek bikaintasunean, espezializazioan eta merkatuarekiko hurbiltasunean egin duten lanagatik. Lortek-eko ikertzailea da Alvarez. Gaur, etxean, Beasainen, Lemniskatak aitortza egin dio Felix Zubiaren hitzaldiaren aurretik. Lemniskatak antolatutako bertako ikerlarien eta ekintzaileen solasaldian parte hartutakoa da Alvarez.

Iraitz Zubizarreta Eliteko Lau T’erdiko txapeldun

$
0
0
Argazkia: EEPF.

Argazkia: EEPF.

Ataungo Iraitz Zubizarreta pilotariak afizionatuen mailan lau eta erdian jokatzen den Euskal Herriko txapela jantzi du, atzo Aretako pilotalekuan Aitor Etxebarria bizkaitarrari 22-9 irabazita.

 

Mozorroak dira gaurko protagonista Ormaiztegin

$
0
0
Mozorro eguna dute gaur Ormaiztegin.

Mozorro eguna dute gaur Ormaiztegin.

San Andres jaietako egun handietako bat ari dira ospatzen gaur Ormaiztegin: mozorro eguna. Jundajo txarangak alaituta, lagun taldeak mozorroturik dabiltza eguerditik. Poteoaren ondoren, bazkaltzen elkartu dira kiroldegian.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan zezentxoak eta poniak, 18:30ean mozorrotuen jaitsiera eta 20:00etan mozorroen sari banaketa izango dituzte.

Gaueko giroa, azkenik, Bide Batez taldeak alaituko du.

Olentzeroren azoka Legazpin

$
0
0

Olentzero azokaOlentzerok gustuko herria du Legazpi. Abenduan Mirandaolara joaten da eta ehunka lagunen bisita jasotzen du. Gaur eta bihar, berriz, Olentzero Azoka antolatu dute lehenengo aldiz, Olentzerori opariak erosten laguntzeko. Jasangarritasun irizpideak oinarri hartuta, Gabonetako opari eskaintza azokara eraman dute herriko merkatariek. Gaur 21:00ak arte egongo da azoka zabalik eta bihar, 11:00etatik 21:00etara.

Olentzeroren astotxoa ere lanean arituko da bi egunez, gurdian haurrak paseatuz.

Arratsaldeko eta biharko egitaraua

Gaur

16:00-18:00. Jolasak Sorgintxulorekin.
· 18:00-20:00. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira.
· 18:00-19:00. Go!azen eta 3zpa4 telebista saioetako Maria Redondo eta Mikele Arizkorreta.
· 21:00. Azoka ixtea.

Bihar
· 11:00. Azoka irekitzea.
· 11:00-14:00. Telleriarteko talogileak.
· 11:30-13:30. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira.
· 12:00-14:00. Eskulanak Sorgintxulorekin.
· 12:30-13:30. Dultzaina eta trikipandero taldea.
· 15:30-17:30. Jolasak Sorgintxulorekin.
· 18:00-20:00. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira.
· 19:00. KTE-ren saski zozketa.
· 21:00. Azoka ixtea.

‘Urteko Nafarra’ saria jaso du Rafael Berasategik, Erraztiolatza erakustokiarengatik

$
0
0

IMG_8341Gasteizko Martin Ttipi kultur elkarteak 2018ko Urteko Nafarra saria Segurako Rafael Berasategiren Erraztiolatza erakustokiari eman dio, “hainbat urtez euskaldunon nafartasun politikoa Goierrin aldarrikatzeagatik, eta euskal kulturaren alde egindako lan eskergatik”.

Berasategik 2008an sortu zuen Erraztiolatza erakustokia edo museoa, eta “aintzinako ohiturak eta gure arbasoen egunerokoak” ezagutzeko aukera eskaintzen du. Berasategiren esanetan, “aurten 3.0000 lagunetik gora pasatu dira bertatik”. Hainbat ofiziotako tresnak ikus daitezke bertan: aroztegiko tramankuluak, zerraiak eta errementariaren lanabesak, ehungintzan erabiltzen ziren bi telar, animalientzako zepoak, fosilak, presoak lotzera erabiltzen ziren burdinezko girgilduak, XVII. mendeko Seguran egindako metro bateko iltzeak…

Bestetik, Seguraren eta Seguraren aurretik izan zen Erraztiolatzaren historia ere biltzen du Erraztiolatzak, Berasategik berak egindako maketen bidez. “Gaur egungo historialariak berridazten ari diren historia biltzen du Berasategik”, adierazi dute Martin Ttipia elkartekoek.

“Euskal Herriaren ezkutuko historia ikertzen duen taldea da Martin Ttipia. “Herri bat garela, Nabarra izan ginela erakusten dugu, eta hainbat zirkunstantzia tarteko iritsi ginela gauden tokira. 1200. urtean Gaztelak asmatutako izenak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa”. 1199an Gaztelako Alfontso VIII.aren setioaren aurkako defentsa zuzendu zuen tenientea izan zen Martin Ttipia.

Rafael Berasategik eskerrak eman dizkie Martin Ttipia elkartekoei, Nabarralderi eta “asko laguntzen didan Bixente Albizuri”.

 

 

 

 

Oroigarria eman ondoren, goizean museoan eta herrian bisita gidatua eta bazkaria egin dituzte.

Viewing all 28026 articles
Browse latest View live